euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Montevideo: Necocheako EANera abiatzear, Haize Hegoak Txikien topaketa egingo eta Gizatalde Jaian parte hartuko

2023/11/03

Haize Hegoak antolatutako aurtengo azken Txikien Topaketa gauzatuko da larunbatean, hilaren 4an eta igandean, 5ean, Montevideoko Gizataldeen Kultur eta Gastronomia Azokan parte hartuko du
Haize Hegoak antolatutako aurtengo azken Txikien Topaketa gauzatuko da larunbatean, hilaren 4an eta igandean, 5ean, Montevideoko Gizataldeen Kultur eta Gastronomia Azokan parte hartuko du

PUBLIZITATEA

Montevideo, Uruguay. Datorren astean 2023ko Argentinako Euskal Aste Nazionala gertaleku izango duen Necocheara abiatu aurretik, jarduera biziko asteburua biziko dute larunbat eta igande honetan Montevideoko Haize Hegoa Euskal Etxeko kideek. Bihar larunbata, azaroaren 4a, elkarteko txikienek euren topaketa izango dute Euskal Etxearen egoitzan. Eta igandean, hilaren 5ean, stand kultural batekin eta euskal dantza tradizionalekin parte hartuko dute Montevideoko Gizataldeen Azokan.

Larunbat honetan elkarretaratze bat antolatu dute Etxeko txikienentzat eta igandean Gizatalde Jaialdi batean arituko dira; datorren astean,  Euskal Aste Nazionalera abiatuko dira, Necocheara

Gizataldeen Jaialdian, hainbat nazioren ordezkari diren 25 talde baino gehiagok hartuko dute parte. Lekua, hiriko Parque Batlle, Dr. Luis Morquio etorbidean, Obeliskoaren eta Iturriaren artean, tenorea, 12etatik 21etara. Aukera paregabea izango da munduko hainbat lekutako jakiak dastatu eta ikuskizun ugariez gozatzeko. Haize Hegoaren “Eusko Indarra” dantza taldea, Maite Bengoa zuzendari Mariel Fernándezen laguntzaile, “Txiki Alaiak” haurren taldearekin batera igoko da oholtzara 13:40an, azken honetako zuzendari Karina Fernández eta Mariel Fernández direla.

Pasealekuko 21. postuan liburuak, txapelak, katiluak, pinak eta hainbat oroigarri egongo dira ikusgai eta kasu batzuetan baita salgai ere, Zubizarreta upategiko ardoak konparazio. Ohi bezala, Euskal Herriari buruzko informazioa ere gustura eskainiko diete horretara inguratzen zaizkien bisitari eta ikusle guztiei. Horrekin batera, Andrea Bella euskara irakasle eta artista ere bertan izango da bere lanak erakusgai.

Larunbateko Txikien Topaketa

Urte osoan zehar, Haize Hegoak aldian-aldian topaketak antolatzen ditu txikienek Euskal Herriko kulturara hurbil daitezen. Modu jolasgarrian egiten dute, horretarako dantzak, eskulanak, sukaldaritza, jokoak, musika, euskara eta askari partekatuak antolatuz. Larunbat honetakoa, azaroaren 4koa, berezia izango da, aurtengo azkena izango baita hain zuzen. Haurrak artista margolari bihurtuko dira, eta, horrekin batera, helduen dantza taldearekin entsegua egingo dute. igandean, Gizataldeen Azokan, Eusko Indarrarekin batera aurkezteko.

Hori eta gero, gutxi falta urtea amaitzeko azken txanpa honetan. Abenduaren 2an, Haize Hegoak bere Gabonetarako Euskal Postalen Lehiaketa tradizionala egingo du, aurten 28. ediziora helduta. Jakina denez, haurrek egiten dituzten marrazki originalak, Haize Hegoak ondoren postal gisa erabiltzen ditu bazkideei eta munduko gainerako euskal elkarteetako lagunei Eguberri eta Urte Berri On opatzeko.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia