euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Montevideo eta Medellinera heldu da otsailean 'La dramática errante' euskal konpainiaren 'Altsasu' antzezlana

2023/02/03

Altsasu auzian oinarritutako fikzioa aurkeztuko dute euskal aktoreek Montevideon eta Medellinen
Altsasu auzian oinarritutako fikzioa aurkeztuko dute euskal aktoreek Montevideon eta Medellinen

PUBLIZITATEA

Montevideo, Uruguai. Otsailaren 1etik 26ra Temporada Alta Arte Eszenikoen Nazioarteko Jaialdiaren 2023ko. edizioa egingo dute Montevideon, Argentina, Kolonbia, Frantzia, Portugal, Uruguai eta Euskal Herritik etorritako konpainiak partaide. Euskal kasuan, Ane Pikazak eta Maria Goiricelayak sortutako “La dramática errante” konpainiak “Altsasu” antzezlana jendaurretuko du oraingoan. Lana Euskal Herrian 2021ean estreinatu zen, eta 2016ko urrian Altsasun (Nafarroa) gertatutakoan oinarrituta dago.

Maria Goiricelayak “Altsasu” Sanchís Sinisterraren “Nuevo Teatro Fronterizo”-ko “Cicatrizar” proiektuaren baitan idatzi zuen obra, Altsasuko auziaren ahozko epaiketaren transkripzioetan oinarrituta. Goiricelaya, gainera, obraren zuzendaria ere bada. Egoitz Sánchez, Ane Pikaza, Nagore González eta Aitor Borobia dira aktoreak. Euskarazko bertsioa Kepa Errastirena da, Montevidera gaztelerazko bertsioa ekarriko badute ere..


'Altsasu'ren trailerra gaztelaniaz

Ane Pikazak berak EuskalKultura.eus-i azaldu dionez, obra iazko apirilean, Bogotako (Kolonbia) 'Teatro Mayor Julio Mario Santo Domingo' antzokian aurkeztu zuten Etxepare Euskal Institutuak babestutako ‘Venta Vasca’ programa bereziaren baitan, gaztelaniazko eta euskarazko bertsioetan. Harrituta geratu ziren euskarazko bertsioa ikustera hurbildu zen jende kopurua ikusita. Ilusio handiz abiatu dira Montevideorantz eta espero dute harremanak sortu eta ugaltzen hastea, gerora hainbat herrialdetan eta hiritan bisitak eta emanaldi gehiago egiteko aukera emanez.

Montevideoko emanaldiak otsailaren 6an eta 7an izango dira Verdi Aretoan, eta otsailaren 8an, asteazkenean, Lazaroff Aretoan; hiru emanaldiak, gaueko 8etan. Sarrera orokorrak Abitab, Redpagos, Tienda Inglés, ANTELen dendetan eta BROU, Santander, BBVA, Heritage, Itaú eta Scotiabank bankuetan online eros daitezke. Deskontua duten sarrerak aretoetako leihatiletan soilik eros daitezke: Lazaroff aretoan, ikuskizuna hasi baino ordubete lehenago, eta Verdi Aretoan, asteartetik larunbatera, 15:30etik 21:30era eta igandeetan 15:30etik 19:30era.

Baina bira ez da hor amaituko. "La dramática errante” Konpainiak Kolonbian geldialdia egingo du Euskal Herrira itzuli baino lehen. Medellingo Comfama Antzokian “Altsasu” antzezlanaren bi emanaldi gehiago taularatzeko, otsailaren 10ean eta 11n, gaueko 8etan (sarrerak erosgai hemen).



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia