Montevideo, Uruguai. Joan den astean, apirilaren 12tik 15era jokatu da Montevideon XIV. Mercomus Mus Txapelketa, hain zuzen ere hiriburu uruguaitarreko Euskaro Euskal Etxean, laugarrenez izan delarik aurtengoarekin Euskaroa Mercomusen egoitza. 16 bikote izan ditu partaide, horietatik 3 Euskaro Euskal Etxe bertakoak, beste bikote uruguaitar bat Carmelotik, Ibai Ondoko Euskal Etxetik etorria, Txileko 5 bikote, Argentinako 6 bikote eta Peruko bikote bakarra.
Hona hemen Txapelketaren emaitzak:
1. postuan: Fernando Terán eta Santiago Viladrich, Cañuelaseko Denak Bat Euskal Etxekoak (Argentina)
2. postuan: Juan Andrés Más eta Jorge Parodi, Carmeloko Ibai Ondoko Euskal Etxekoak (Uruguai)
3. postuan: Iñaki Aramayo eta José Luis Machi, La Platako Euzko Etxea Euskal Etxekoak (Argentina)
4. postuan: Miguel Yusti eta Andrés Kearney, Cañuelaseko Denak Bat Euskal Etxekoak (Argentina)
Baldomero Ansó 94 urteko nafarrak bere akordeoiarekin animatu zituen inaugurazioa, bazkariak eta azken afaria
Euskaro Euskal Etxetik adierazi zaio EuskalKultura.eus-i Txapelketaren bilakaera eta antolaketa oso ongi joan direla, azpimarratuz egun hauetako antolaketa eta logistikan, euskal etxeko gazteek bereganatu duten ardura. Izan ere gure buletinak eskaintzen dien aukera baliatu nahi izan dute esker biziak emateko bereziki Fabian Orradreri, Diego Murañari eta Carolina Arizteguiri. Parte-hartzaileek ere esker oneko hitzak baino ez dituzte adierazi Txapelketaren garapenaz. Zorionak muslari eta antolatzaile guztiei!