Montevideo, Uruguai. Berrogei bat lagun bildu ziren joan den igandean, martxoaren 3an, Haize Hegoa-ren egoitzan, erakundearen 36. urtebetetzea ospatzeko. Urteko lehenengo elkarretaratzea izan zen eta Montevideo bertako bazkide eta lagunek ez ezik, barnealdeko Florida herriko ‘Vasconia Florida’ taldekoek ere hartu zuten parte. Bazkari ederra partekatu eta gero, eta Marcos Tiscornia trikitilariaren eskutik, euskal dantzek, musikak eta kantuek arratsaldea alaitasunez, jauziz eta belaunaldi arteko elkartasunez bete zuten.
Euskal dantzak belaunaldi arteko lotura eta pozgarri euskal etxearen urteurrenean (argazkia EE)
2024 urteko programa abiatu berria, eta bateko eta besteko eskolak, tailerrak eta hitzaldiak antolatzen ari diren bitartean, FIVUk eta Etxepare Euskal Institutuak antolatutako 23. Korrikarekin bat egingo dute Hego Haizea-ko lagunek. Hitzordua martxoaren 16an izango da, 15:30etan, euskal etxearen egoitzan.
Honen ondotik, martxoko hurrengo saioa hilaren 22an izango da, egun horretan programatu duen hitzordu batekin egingo baitu bat Haize Hegoak Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatu eta aldarrikatzea helburu duela. Ekitaldiaren edukia, Maite Bengoak ‘Emakumeak Euskal Dantzetan’ eskainiko duen hitzaldia, arratsaldeko 7:30etan. Azkenik, hilabetea ixteko, martxoaren 31n, Bazko Igandean, Aberri Eguna ospatuko dute.