Joseba Etxarri/Salt Lake City, Estatu Batuak. Kaliforniako Bakersfield-en jaio zen Monique Heguilustoy Flesher, aita Jules Arhantsutsikoa (Nafarroa Beherea) eta ama Paulette Nevadan jaiotako amerikarra, baina baxenabartar jatorrikoa baita ere. Egun 45 urte dituela, pertsona ezaguna da Estatu Batu Mendebaldeko euskal giroetan, lehenik Bakersfield sorterrian bere familia eta bera ere aktiboak zirelako euskal etxe eta komunitatean, baina baita gerotik ere, Jean Flesherrekin ezkondu ezkero, familia euskalamerikarra sortu baitute Utah aldean, hemen ere lotura eta konexio sakonduna euren euskal ondarearekin eta bertako Basque Club of Utah euskal etxeko lagunekin.
-Eman didazun zure txartelak Monique Jacqueline design enpresako buru kokatzen zaitu. Zer da hain zuzen bertan egiten duzuena?
Diseinu lanak egiten ditugu etxe partikularretarako zein eraikin komertziletarako, Bezero batzuk, euren ideia eta kontzeptu propioekin datozkigu, guk garatu eta gauzatu ditzagun, eta beste batzuk geure eskuetan uzten dute lan osoa, lehenengo zirriborro eta planoetatik Udalaren onespena lortu arte. Hortik aurrera, eraikuntza lana ere geuk egin dezakegu, Jean senarra eraikilea baitut, edo eurak esaten diguten eraikuntza enpresarekin bururu. Aholkua ematen dugu koloreak iradokiz, materialak eta estiloak, erabat zerotik hasiko diren etxeetan zein birmoldatu edo zaharberritzen direnen kasuan.
-Lehiak gogorra behar du izan Salt Lake bezalako hiri batean.
Hala da, baina egiari zor, ezin naiz kexatu. Orain gutxi hautatu gaituzte Salt Lake City aldeko 15 diseinatzaile onenen artean eta 2015ean bertan, Best of Houzz sarietan Diseinu eta Zerbitzu sailetan saritu gaituzte. Lanak eginak ditugu Salt Lake handian eta Utah-ko zenbait hiritan, hala nola Park City, Heber City, Ogden eta Provon, baita Idahon eta Wyoming estatuetan ere; Idahoko Meridian-en, konparazio, amaitu berria dugu apartamentu konplexu batean 60 unitatetako lan bat.
-Harrotasun bereziz gogoratzen duzun lanen bat?
Zenbait aipa nitzake baina oraintxe bururatzen zaidana Park Cityn egin genuen etxe baten zaharberritzea da, Salt Lake ekialdean. Park Cityko Historia Elkarteak saria eman zigun, egin genuen lana kari. Eraikinaren ezaugarriak errespetatzuz bere izaera eta berezitasun historikoen lagungarri zen planteamentu bat egin genuen, garai haietako elementu apaingarriak baitaratuz, etxea egin zen eta inguru horretakoa den garaiko giroa mantenduz, eta badirudi lortu genuela.
-Park Cityz ari zara, mendietan dagoen eta 2002etako Neguko Joko Olinpikoen egoitza izan zen hiriaz.
Bai, nazioarte mailan ski arloan izen handikoa den hiria da.
-Askok ez badakite ere, bere historian euskaldunen ekarpen eta presentzia izan zuen hiria da, aldi berean.
Hala da. Mehatze hiri gisa sortu zen eta, Mendebaldeko leku askotan bezala, euskaldunek ere egin zioten ekarria. Euskaldun aitzindari haiek mehatzari izan ziren, beste batzuk artzain ziharduten bitartean. Euskal ostatuak ere izan zituen hiriak, hala nola Star Hotela eta beste batzuk.
-Diseinatzaile gisa nola definitzen duzu zeure burua?
Nik esango nuke nire estiloa tradizionala dela, europar ikutu eta eraginduna, hemen Old World edo Mundu Zaharrekoa deitzen dutena. Hemen modu garaikideen lerro garbiak eramaten dira, baina tradizioaren goxotasun eta berotasunarekin. Gustatzen zaizkit ezaugarri horietako lanak. Baina ez ahaztu hemen Mundu Zaharra esaten denean desberdin ulertzen dela Europan ulertuko luketenari bagagozkio.
-Euskal estiloko proiekturik garatu al duzu?
Nire etxean bertan. Jean senarrarekin batera geure etxea eraiki genuen Heber Cityn eta hor, esaterako, egongela eta solairu nagusia euskal oihartzunekoa zen dudarik gabe. Denbora batez lortu ahal izan nituen euskal lauza edo azulejo batzuk Boiseko Euskal Museoa tarteko. Eta egia esan behar badizut, ez litzaidake axola izango gisa honetako enkarguren bat hartzea.
-Zure familia Utah-ko Euskal Etxeko euskarrietako bat da.
Seguruenik zuzen zaude. Neroni Bakersfieldeko Euskal Etxean dantzari izan nintzen bost urte nituenetik eta ondoren irakasle. Jean-ekin San Frantziskon ezkondu eta ondoren Utah-ra etorri ginen bizitzera, Jean hemengoa baita, eta urtetan ibili izan naiz klubeko txikienei dantza irakasten, eta gaur egun ere ahal dudan guztietan dihardut euskal etxean laguntzaile. Baita NABOko Udalekun ere, Jean-Jules seme zaharrena 9 urterekin lehenengo aldiz joan zenetik hona bederen. Jean senarra Estatu Batu Mendebaldeko euskal musikari ezagunenetako bat da, estatu eta ia euskal etxe gehienak korritu izan ditu jaialdietan jotzen bere bandarekin, eta geuk ere ardura laguntzen diogu. Datorren emanaldia, esaterako, martxoaren 14an izango dugu, Nevadako Elkon. Gure bi seme-alabak umetandik aritu izan dira euskal dantzetan. Zaharrena, Jean-Jules, panderoa jotzen hasi da eta akordeoi klaseak ari da hartzen orain. Polita da ikustea aitaren urratsak segitu nahi dituela.