euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mondragon Unibertsitateko hiru ikaslek Necocheako Ikastolan egin dituzte euren irakasle praktikak

2013/12/16

Mondragon Unibertsitateko ikasleak Argentinako Ikastolako ikasleekin (argazkia Diario de Necochea egunkaria)
Mondragon Unibertsitateko ikasleak Argentinako Ikastolako ikasleekin (argazkia Diario de Necochea egunkaria)

PUBLIZITATEA

Necocheako Ikastolak eta Mondragon Unibertsitateak sinatutako akordio bati esker, irakasleak izateko ikasten ari diren hiru gazte euskaldun Necochean aritu izan dira euren praktikak egiten, urria eta abendua bitartean. Eskarmentua arrakastatsua izan denez, bi erakundeen arteko elkar ekintza gehiago burutzeko asmoa azaldu dute Ikastolako arduradunek. Gogora dezagun Necochean Ikastola izena duen eskola hau lege argentinarraren eskakizunak betetzen dituen zentro bat dela, gaztelaniazkoa beraz, baina testuinguru euskaldunean, euskal kultura ikasgaietako bat izanik. Orain arte lehen mailako zikloa irakatsi du eta 2014tik aurrera bigarrena ere eskaintzen hasiko da, ekimenaren sustatzaile den Xabier Zubillagak EuskalKultura.com-i aitortu dionez.

Necochea, Argentina. Hiru hilabete eman dituzte Necochean Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko hiru ikaslek bertako Ikastola eskolan praktikan egiten. Lehen mailako irakaskuntzan aritu dira hiru gazteak, Ikastolak eta Unibertsitateak sinatutako hitzarmen bati esker, Mondragon Unibertsitateak lehen mailako praktikak atzerrian egiteko aukera bultzatzen baitu.

Hitzarmenaren baitan, eta 2013ko ikasturteko azken hiruhilekoan, Maider Etxarri Errekondo usurbildarrak, Ane Amiano Frago azpeitiarrak eta Teresa Martin Martikorena gasteiztarrak lehen mailako kurtsoetan jardun dute, 6 eta 12 urte arteko neska-mutilekin hain zuzen. Teresa Martinen kasuan, ingeles irakasle gauzatu ditu praktikak. Irakaslegaien esanetan “oso esperientzia polita izan da eta nahiz eta metodologian ezberdintasun batzuekin topatu, ez dugu arazorik izan moldatzeko. Umeei dagokienez, Euskal Herrikoak baino bihurriagoak dira baina aldi berean karinosoagoak”. 

[Hauek eta beste iritzi batzuk eman zituzten neska euskaldunek klaseko azken egunean hiriko telebista kate batek egindako elkarrizketa batean. Eelkarrizketa ikusteko, klik hemen]

Necochean egin duten egonaldian, bertako euskal etxearen hainbat ekitalditan ere hartu dute parte Maiderrek, Anek eta Teresak. Besteak beste, Euzko Etxea-ko ordezkaritzako parte joan ziren azaroan  Cordobako Villa Mariara, 2013ko Argentinako Euskal Aste Nazionala barru barrutik bizitzera.

Mondragon Unibertsitateko ikasleak Euskal Astean 2013 01

[Praktikak egiteaz gain Argentinako euskal diaspora ezagutzeko aukera ere izan dute ikasle euskaldunek. Azaro hastapenean Euskal Astean izan ziren Necocheako euskal etxeko kideekin batera (argazkiaEE)]

Gogora dezagun Necocheako Ikastolak 2008an abiatu zuela lehen mailako zikloa eta urtero joan dela kurtso bat emendatzen, zikloko kurtso guztiak eskaintzera iritsi arte. Hau bukatuta bigarren zikloa irakasteari ekingo dio 2014ean.

“Praktika hauek egin ahal izana oso garrantzitsua izan da irakasleentzat eta baita sustatzaile izan garen itsasoz bi aldeotako bi erakundeentzat ere, Ikastola eta Unibertsitatea alegia. Etorkizunari begira, beraz, elkarren arteko proiektu gehiago gauzatu ahal izatea espero dugu”, adierazi digu Xabier Zubillagak. 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia