euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mondragon Unibertsitateak "Amerikanuak" liburuaren 40. urteurrena ospatuko du William Douglass egilea partaide

2015/12/07

William A. Douglass antropologoa 2013an Durangoko Azokan (argazkia Durangoko Azoka)
William A. Douglass antropologoa 2013an Durangoko Azokan (argazkia Durangoko Azoka)

PUBLIZITATEA

Asteazken honetan "Amerikanuak" liburuaren 40. urteurrena ospatuko du Mondragon Unibertsitateak, Aretxabaletako kanpusean egingo den ekitaldi berezi batekin. 1975an idatzi zuten liburu hau William Douglassek eta Jon Bilbaok, Ameriketako euskal diasporaren historia azalduz. Lanak euskal kulturarentzako duen garrantziaz mintzatuko dira William Douglas idazlea bera, unibertsitate desberdinetako ikerlariak eta diasporako ordezkariak.

Aretxabaleta, Gipuzkoa. Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak "Amerikanuak 40 urte. Vascos: imágenes y representaciones" topaketa egingo du etzi, William Douglassek eta Jon Bilbaok idatzi zuten liburuaren 40. urteurrenean. Ekitaldia irekia izango da, eta Aretxabaletako campusean egingo da.

Antolatzaileen esanetan, "Amerikanuak" lana saihetsezineko erreferentzia da euskal diasporak Ameriketan izan duen ibilbidea ulertzeko. "Nahiz eta liburua hau orain arte euskal emigrazaiori buruz, Ameriketan, egin den lanik mardulenetakoa izan, gure herrian ez da batere ezaguna. Ekitaldi hauen bitartez dagokion espazioa eta garrantzia eman nahi diogu lan bikain honi. Gure historia ezagutzeko, lehenaldia eta oraina, ezinbestekoa da", adierazi dio EuskalKultura.com-i Huheziko Monika Madinabeitiak.

Mr. Basque

Ekitaldiko gonbidatu nagusia William Douglass antropologo eta ikertzailea izango da, AEBetatik etorria. Elkarrizketa egingo dio Miel A. Elostundok bere ibilbidearen eta lanen inguruan (Elustondok "William A. Douglass: Mr. Basque" liburua idatzi zuen). Marcelino Irianni Argentinako diasporako ordezkariak ere parte hartuko du, online. Horiez gain, EHUko zenbait ikerlarik parte hartuko dute topaketan, hala nola Jon Ander Ramos, Amaia Iraizoz eta Edurne Arostegi doktoregaiak eta Oscar Alvarez eta David Rio irakasleak. Ekitaldia borobilduko da bertso-elkarrizketan saio batekin. Egitaraua, hemen.

Ekitaldi honekin itxiko dira Euskal Herriko eta nazioarteko zenbait unibertsitatek antolatutako "Amerikanuak" liburuaren 40. urteurreneko ekitaldiak. "Kuban egin zen lehen ekitaldia, urtarrilean, eta azkena Huhezin, Mondragon Unibertsitatean abenduan. Honekin amaiera ematen diogu 'Amerikanuak' lanaren 40. urtemugari, baina espero dugu unibertsitate arteko ekimen hau gure harremana sendotzeko aukera izatea eta aurrerantzean ere Diasporaren inguruan beste ekitaldi batzuk antolatzeko aukera ere izatea", agertu du Madinabeitiak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia