euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mondragon Unibertsitatea euskal Diasporari buruzko hautazko ikasgai bat eskaintzen ari da aurten lehen aldiz

2008/04/14

Ikasleek euskal nortasunari buruzko hausnarketa eta eztabaidak egiten dituzte ikastaroan (argazkiak M.Madinabeitia)
Ikasleek euskal nortasunari buruzko hausnarketa eta eztabaidak egiten dituzte ikastaroan (argazkiak M.Madinabeitia)

PUBLIZITATEA

Ideia Monika Madinabeitia bertako irakasleak planteatu zuen joan den urtean eta unibertsitateko arduradunei proposamena aurkeztu ostean joan den martxoan hasi ziren klaseak. Madinabeitiak Frank Bergon idazle euskal amerikarrari buruzko tesia egin zuenean ezagutu zuen euskal Diaspora eta orain mundu hori unibertsitateko ikasleenganaino ekartzea du helburu hautazko ikasgai honekin. 'Diasporari buruz oso gutxi dakigu eta Diaspora ikertzerakoan euskaldun izateko modu desberdinak daudela topatzen dugu eta ondorioz geure buruari euskaldun izatea zer den galdetzen diogu. Geure gizarteari buruzko hausnarketa egiteko modu polita da', azaltzen du Madinabeitiak.
Klaseak joan den martxoan hasi ziren eta ekainera arte luzatuko dira. Dagoeneko dozena bat ikasle bildu ditu Mondragon Unibertsitateak lehen aldiz eskaintzen duen euskal Diasporari buruzko hautazko ikasgai honek: 'Euskaldunak munduan zehar'. Monika Madinabeitia irakasleak azaltzen duenez 'horrelako ikasgai bat ematen dugun lehen aldia da unibertsitate honetan, eta, ziurrenik, baita Euskal Herri osoan ere'.

Ikasgai honen bidez gazteek euskal Diasporaren historia ezagutu ahal izango dute: ze herrietan dagoen kokatua eta ze arrazoi historikoengatik utzi behar izan zuten euskaldunek Euskal Herria atzerrira joateko. Baina, horretaz gain 'euskal nortasunari buruzko hausnarketa egiteko aukera ere ematen die irakasgaiak eta 'zer da euskalduna izatea? bezalako galderei erantzuteko eztabaidak egiten ditugu, munduan zehar euskaldun izateko era desberdiank daudela ikusten dutelako', azaltzen du Madinabeitiak.

AEBetako euskal idazleak

Madinabeitiak berak gertutik bizi ahal izan zuen esperientzia hori, Frank Bergon euskal amerikar idazleari buruzko tesia egiteko AEBetara joan zenean. Bertan amerikar mendebaldeko euskal komunitateak ezagutu zituen. 'Idahoko Moscow hirian bizi nintzen eta bidaia asko egin nituen Nevadara. Idahoko unibertsitatean euskal kultura ikastaro bat eman nuen eta ikasle asko, familia euskaldunetako seme-alabak ziren', gogoratzen du irakasleak. 'Bertan konturatu nintzen gaur egun informazio asko dugula, baina Diasporari buruz oso gutxi dakigula. Bueltatu nintzen eta Mondragon Unibertsitatean hiru urtez irakasle izan ondoren ikasgai hau ematea proposatu nien iaz'.

[Goiko irudian Monika Madinabeitia irakaslea, serio demonio]

Diasporako euskaldunekin harreman zuzena

Ikasgaia hartu duten ikasle gehienak jakinminagatik egin omen dute, baina badaude beste batzuk erlazio pertsonalagoa dutenak. Adibidez, ikasleetako batek lehengusuak ditu Boisen eta haien esperientziari buruz gehiago jakitea zen bere helburua. Ikastaroak aurrera egin hala Madinabeitiak mintzaldiak antolatu ditu, gazteek zuzenean Diasporako kideak ezagutu eta haien esperientziari buruzko galderak egiteko aukera izan dezaten. 'Bideokonferentziak ere antolatu nahi genituen Australia, Shanghai, AEBetako euskaldunekin... baina oso zaila da ordutegi arazoarengatik', gehitzen du irakasleak.

[Goiko irudian ikasleetako batzuk klasean]

Baina zuzeneko harreman hori batez ere ikasleek euren lan finala prestatzen dutenean etorriko da. Horretarako, Madinabeitiak Diasporako pertsona bati buruzko lana egiteko eskatu die, berdin pertsonaia historikoa izan edo egun bizirik den Diasporako kide bat. Azken kasu honetan 'ikasleek pertsona horrekin harremetan jarri eta hitz egin beharko dute eta hori ere oso aberasgarria izango da', azaltzen du irakasleak. 'Batek badaki dagoeneko, Boiseko lehengusuei buruzko lana egingo duela', iragartzen du Madinabeitia. Edonola ere harreman zuzen hau esperientzia oso interesgarria izango da ikasleentzat eta baita euskal gazteei euren esperientzia azaltzeko aukera izango duten elkarrizketatuentzat ere.


Lotura interesgarriak

Mondragon Unibertsitatea-HUHEZI (Giza Zientzia Fakultatea)
www.mondragon.edu/huhezi

Frank Bergon irakasle euskal amerikarrarenn webgunea
http://faculty.vassar.edu/bergon


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia