euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Corpus Christi-ko Eusko Etxeak 'Kontaketa Harrigarrien' bigarren bilduma liburua aurkeztu du

2014/02/06

Liburutegiaren Batzordeko lehendakaria den Julio Markiewicz-ek aurkeztu zuen liburua, etxeko gazteek lagundurik (fotoEE)
Liburutegiaren Batzordeko lehendakaria den Julio Markiewicz-ek aurkeztu zuen liburua, etxeko gazteek lagundurik (fotoEE)

PUBLIZITATEA

‘46 Kontakizun harrigarri’ izenarekin plazaratu du Corpus Christi-ko Eusko Etxearen baitango Atahualpa Yupanqui liburutegiak 2012 eta 2013ko ‘Kontaketa Harrigarriak’ Literatur Lehiaketen ipuinak batzen dituen liburua. Aurkezpen ekitaldian, eskulan erakusketa eta umorezko antzerki saio llabur bat ere burutu zituzten euskal etxeko kideek. Erakundeak jakinarazi du, bestalde, bere Ohiko Urteko Biltzarra martxoan egingo duela.

Corpus Christi, Argentina. Gaztea da Misiones argentinar probintziako Corpus Christiko Eusko Etxea baina urrats handiak eman ditu bere ibilbide laburrean. Aipagarriak dira urtero uztailean antolatzen duen euskal jaia --gainerako bere ekimenak bezala euskaldunak ezezik herritarrak oro helburu dituena-- edo Misiones bertako komunitate indigenen alde daraman lan engaiatua. Elkartearen Atahualpa Yupanqui Liburutegiak sortua da, bestalde, ‘Kontaketa Harrigarriak’ literatur lehiaketa, harrotasun iturri instituzioarentzat, egiten duen kultur inarroste lanagatik; horregatik hain zuzen Udal Interesekoa izendatua 2012an.

Testuinguru horretan, poz handiz aurkeztu zuen Eusko Etxeak bertako lagun talde batek prestatutako ‘Kontaketa Harrigarrien’ II. bilduma. Antologiak 2012 eta 2013ko lehiaketetan gailendu ziren 46 testu biltzen ditu, hainbat herritako idazte-zaleek idatziak. ‘46 Kontakizun harrigarri’ liburuaren aurkezpena urtarrilaren 11an gauzatu zen, liburutegiko irakur gelan, lagun ugari partaide. Aurkezpenaren barruan, euskal etxean burutzen diren eskulan tailerretako pieza batzuk jarri ziren erakusgai.

Corpus Bildumaren aurkezpena 2014 01

[Liburuaren aurkezpena egin zen areto berean, erakusketa batek Olga Leiciagak eta Ana Maria Macchik egurrez egindako eskulanak agertu zituen (argazkia EE)]

Aurkezpen ekitaldia bukatutakoan, afaria partekatu eta umorezko saio labur batez gozatu zuten bildutakoek. Etxeko antzerki taldeko Aida Gimenez-ek, beste kide batzuek lagunduta, ‘La loca de amor’ izeneko bertsoak bota zituen, publikoaren gozamenerako. Ekitaldiaren baitan, ‘Kontaketa Harrigarriak’-en 6. edizioa laster abian jarriko dela iragarri zuten euskal etxeko arduradunek.

Corpus Bildumaren aurkezpena 2014 02

[Afaltzeko garaian, ustekabe polit bat izan zuten Eusko Etxea-koek postrea euskal etxeko lagun baten oparia zela jakitean  (argazkiaEE)]

Bestalde, eta Eusko Etxeko Berripaperaren 73, zenbakiak gogora arazten duenez, elkartearen Urteko Ohiko Biltzarrean parte hartzeko deia kaleak da. Elkarretaratzearen data zehatza  Izaera Juridikoaren izapideak bukatzean adieraziko da.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia