euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Misiones-era egindako bidaian, Elvira Kortajarenak bertako mbyá guaraní 'Tavá Mirí' komunitatea bisitatu zuen

2011/09/26

Elvira Kortajarena Corpus Christiko Eusko Etxeko lehendakari Olga Leiciagarekin opari trukean (argazkia EE)
Elvira Kortajarena Corpus Christiko Eusko Etxeko lehendakari Olga Leiciagarekin opari trukean (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Misiones probintzia izan da irailaren 20an Mercosur-erako Euskadiko Ordezkaria den Elvira Kortajarenak hasitako bidaiaren helmuga. Hiru egunetako egonaldian, Kortajarena Corpus Christi eta Posadaseko euskal etxeetako kideekin elkartu zen eta bilerak egin zituen politika arloko ordezkariekin. Horretaz gain, Eusko Jaurlaritzako agintariak Mesopotamia argentinarreko probintzia honetako Jesuiten Aztarnak bisitatu eta mbyá guaraní 'Tavá Mirí' komunitateko lagunekin bildu zen, euren errealitatea eta euskaldunek haien alde egiten duten lana aurrez aurre ezagutzeko. Birarekin bukatzeko Eusko Jaurlaritzak bultatzen duen Agenda XXI proiektua garatzen duten eskoletako arduradunekin elkartu zen.

Corpus Christi, Argentina. Aktibitate handiko egunak bizi izan zituen Elvira Kortajarena Euskadiren Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguaiko Ordezkariak Misiones probintziako euskaldunen eskutik. Irailaren 20an heldu zen mandataria Corpus Christi herrira eta iritsi bezain laster bertako Eusko Etxea euskal etxeko kideekin bildu zen. Bileraren baitan, euskal etxeak aurrera daramatzan ekintza kulturalen berri eman zioten etxeko batzordekideek Ordezkariari.

Herria ezagutzeko aukera ere izan zuen Kortajarenak; izan ere Puerto Mani -- Paraguairako pasabidea --, Parana ibaia eta Jesuiten Aztarnak bisitatu zituen. Beste alde batetik, eta Euskadi eta Argentinako agintarien arteko harremanak sendotzeko, Kortajarena Corpus Christiko alkatea den Ignacio Ricardo Nemeth-ekin bildu zen arratsaldean.

Berezia oso izan zen bisitaldiaren bigarren eguna. Goizeko partean eta euskal etxeko kideek lagunduta, mbyá guaraní 'Tavá Mirí'  komunitatearen herrixkara hurbildu zen Kortajarena. German Acosta kasikeak eta taldeko irakasle elebidunak eman zioten ongi etorria eta euren lekua erakutsi zioten. Gogora dezagun herrixka honen eskola Corpus Christiko Euskal Etxeak eraiki zuela Gipuzkoako Foru Aldundiko laguntza ekonomikoa medio.

Corpus Christi utzi baino lehen, Elvira Kortajarenak irrati bati elkarrizketa eskaini zion eta lagun arteko bazkaria partekatu zuen herriko euskaldunekin.

Bidaiaren bigarren geldialdia

Egitarauari jarraituz, biraren azken orduak Posadas-en iragan zituen Kortajarenak. Probintziako hiriburuan, Orlando Franco alkatearekin, Euskal Jatorri euskal etxeko kideekin eta Agenda XXI proiektua aurrera daramaten eskolako arduradunekin elkartu zen Ordezkaria. Ingurumena ondo ezagutu eta babesteko helburua duen programa hau Eusko Jaurlaritzak, Posadaseko udaletxeak, Euskal Jatorri Euskal Etxeak eta hiriko 356. zenbakidun eskolak kudeatzen dute.

“Oso garrantzitsua da guretzat Euskadi eta Argentinaren artean dauden loturak estutzea, lur hauetan euskaldunen ondorengo anitz baitaude”, azaldu zuen Elvira Kortajarenak Rotary Club-ean izandako bazkarian. “Bide batez, Euskadirako turismoa sustatu nahi dugu. Herri txikia gara baina ondo pasatzeko eskaintza handia dugu”, adierazi zuen Mercosur-erako Euskadiren ordezkariak, Misioneseko bere azken elkarretaratzean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia