euskal diaspora eta kultura
2010/10/18
PUBLIZITATEA
Corpus Christi, Argentina. [Corpus Christiko Euskal Etxearen buletineko testua euskaratzen dugu jarraian. Olga Leiciagak argitaratzen du hilabetero buletina]
Lagunak: gure ametsak egia bihurtzeko unea heldu da. Urriaren 11a, herri indigenei omenaldi egiteko aukeratutako eguna, bertan den honetan, iragar dezakegu mbya-guarani komunitateko haurrentzako eskolaren eraikuntza errealitate bihurtzen hasia dela.
Nola sortu zen komunitate hauei laguntzeko ideia?
Corpus Christiko Euskal Etxeko zuzendaritza batzordeak proposamen bat jaso zuen Carlos Leyrias eta Aida Giménez senar-emazteek eginik, eurak bizi diren Teyu Cuare lekuko komunitate indigenetako haurrei laguntzeko.
Euren proposamena, aldaketaren bat eginda, gure ekimen nagusia bilakatu zen. Ekimen honekin batera Corpusen 'Euskaldunen Plaza' bat sortzeko dirulaguntza ere eskatu genuen, Intendenteak plaza hori sortzeko baimena eman baitzigun udal ordenantza baten bidez.
Bitartekari baten bila
Euskal Etxeari laguntasuna emateko beti prest dagoen Cesar Arrondo irakasleak, eskaera Euskal Herrian aurkezteko eskaini zuen bere burua. 2009ko urtarrilean Euskal Herrira joatekoa zela jakinda, gure proiektuak helarazi genizkion, eta harrera ona izan zuten Gipuzkoako Foru Aldundian.
Gure pozerako, urte bereko azaroan, Bahia Blancako Euskal Astean izan ginen eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Iñaki Galdos Irazabal diputatua ezagutu genuen. Harek bi proiektuetako batek baiezkoa jaso zuela esan zigun.
Galdosek azaldu zigunez, Aldundiak bi ekimenak garrantzitsuak zirela uste zuen, baina erabakitzekoa plaza bat edo eskola bat eraikitze bazen, eskola eraikitzea nahiago zutela, horrek pertsonei, eta oso bereziki komunitate indigenetako umeei laguntzeko aukera ematen zuelako.
Eragozpenik ez da sekula falta
Ekimenarekin aurrera eginez, indigenak zeuden lurrak beraienak ez zirela jakin genuen, baita ere aldamenean ez zegoela lur fiskalik. Egungo eskolako irakasleak, Patricia Duartek, inguruan Don Orione fundazioko lur huts batzuk zeudela esan zigun. Duarte fundazioarekin harremanetan jarri eta lur horiek proiektuarentzako ematea eskatu zuen.
Baiezko erantzuna lortu eta 15 hektarea eskuratu ahal izan ziren, San Ignacio herritik bi kilometrotara. Elektrizitatea edukitzeko aukera ematen du honek, sarea inguru horietaraino heltzen baita.
Ondoren irakasleak bere gain hartu zuen indigenen izenean gobernuz kanpoko erakunde bat sortzeko ardura, lurren jabetza zehaztu ahal izateko. Patricia Duarte ekimenaren parte garrantzitsua izan da eta pozik dago ekimenak eskola-komunitate osoari egingo dion onagatik.
Ekimenaren helburuak
Bizi-kalitatean aurrerapen nabaria egitea. Sekula ez dute komunik izan, ezta ur edangarririk edota argindarrik. Janaria aire zabalean egiten zuten. Irakasleak ikasleei eurak asteburuetan janaria prestatzen ikas dezaten irakasten die, klaserik ez dutenean, elikadura ziurtatu ahal izan dezaten.
Ekimenaren helburua komunitate hauei eskola egoki bat eskaini ahal izatea da. Eraikinak ikasgela, sukalde-jantokia, neska-mutilentzako komunak eta erabilera anitzeko komun pribatua duen gela bat izango ditu, azken hau bertan eskolako gauzak gorde edo medikuaren kontsulta jartzeko. Inguruetako mediku batek lan horretarako bere burua eskaini du jada. Horrez gain eskolak bi galeria, ur edangarria eta ahal bada elektrizitatea ere izango du. Aurrera!
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus