Corpus Christi, Argentina. Corpus Christiko Eusko Etxeak erronka berri bati ekin dio. Ikerketa lan bat abiatu dute herrian bizi izan ziren euskal jatorriko lehenengo biztanleez, bertako garapen ekonomiko, sozial eta kulturalari egin zioten ekarpena ezagutzeko. Historia irakasle eta elkarteko bazkide den Cesar Arrondoren zuzendaritzapean, eta Estela Garma museologoak eta Eusko Etxeko erreferente Olga Leiciagak koordinatuta, helburu jarri dute herria "San Martin Hiri" izenez birsortu zen 1877tik 1950era bitarteko tartea aztertzea. Eta deia egin diete batu nahi duten pertsona guztiei, dauzkaten datuak emanez edo bizilagunak bisitatzen lagundu dezaten, xedea bizilagunek eskaini ditzaketen testigantzak eta dokumentazio ekarpenak jasotzea baita.
Ideia Echenique familiako kide batek, jatorriz Corpus Christikoa baina Buenos Aires hirian bizi denak proposatu zien Eusko Etxeko kideei, herrira egindako bisita batean. Erronka berehala onartu, eta bazkide, irakasle eta oro har bizilagunei luzatu zitzaien deia. Horrela, sortu zen lehen kolaboratzaile taldea, Ana María Macchi, Lucía López de Derna, Roberto Derna, Andrés Sansoni, Giselle Cabaña, Nilda Coman, Miguel Gómez eta Arnaldo Toth partaide.
Hitzaldia abuztuan
“Pozik gaude Posadasen bizi den adineko jendea, abizen hori dutenak, harremanetan jartzea lortu dugulako. Orain arte, bertan bizi izan den jenderik zaharrena da, hirugarren fundazioa baino lehen (1877an) iritsitakoak. Bi anaia etorri eta hemen bi ahizpa paraguaiarrekin ezkondu ziren, egun herrialdeko hainbat tokitan bizi diren familia oso ugariak osatuz” adierazi dio gogotsu Olga Leiciagak EuskalKultura.eus-i.
"Primer pobladores vascos en Corpus Christi" (Lehen euskal biztanleak Corpus Christin) proiektua ekainaren 20an hasi zen eta 2024ko abenduaren 31n amaituko da. Abuztuaren 24an, Eusko Etxearen 19. urteurreneko ospakizunen baitan, hitzaldi bat eskainiko dute euren egoitza sozialean, komunitateari egitasmoa eta egindako aurrerapenen berri emateko, interesa piztea eta herritarren atxikimendua eta lankidetza lortuko dutelakoan.