Corpus Christi, Argentina. Bisita egiten ari da Sara Pagola Euskadiren Argentina-Mercosurrerako ordezkaria Argentina ipar-ekialdeko Misiones probintziara eta bertan dauden bi euskal etxeetara: Posadas hiriburuko Euskal Jatorrira, eta Corpus Christiko Eusko Etxera. Atzokoan, Posadasko Eusko Jatorriko lagunekin biltzeko aukera izan zuen, ellartea eta bere jarduerak zuzenean ezagutzearren, eta hitzaldia eman zuen bertako Herri Liburutegian, ondoren afaria partekatzeko bazkide eta komunitatekideekin. Eguna, EEko Canto Abierto taldearekin kantualdi batekin bukatu zen, bertako kantuak kantatuz.
Ostera Ordezkaritzako erakunde-arduradun Mariana Satostegui-rekin egiten ari den Pagola Corpus Christira mugitu da gaur eta bertako Eusko Etxearen egoitzan antolatu diote harrera-ekitaldia hamarretan, segidan jesuiten Corpus Christi misioko hondarrak bisitatzeko eta 13:00etan bazkide eta lagunekin senidetasun bazkari batean biltzeko --Posadasen bezala, ahal zutenekin, laneguna baita gaurkoa-- ondotik berriz ere elkartearen egoitzan bilera formalago bat egiteko.
Corpusen ere hitzaldia emango du Sara Pagolak “Euskadi. Un pueblo ancestral que ama la vanguardia” izenpean, aukera baliatuko duelarik Eusko Etxeko Zuzendaritzak datorren astetik aurrera garatuko duen Euskal Kultura tailerrean parte hartzeko gonbite irekia luzatzeko. Arratsaldez zabalduko duten genealogia-erakustaldiarekin batera, egunaren hondarrean Eusko Etxekoek bertako kantuez eta euskal kantu bat --Ixil Ixilik dago-- kantatuz oparitu eta despedituko dituzte afaldu ostean Pagola eta Satostegui.
Corpus Christiko Eusko Etxeko Zuzendaritza Batzordea, Rocío Miranda lehendakari berria erdian
Zuzendaritza berria
Gogora dezagun, gure buletinak aurreratu legez, Corpuseko Eusko Etxeak Zuzendaritza Batzordea berritu zuela apirilaren 29an egindako Batzar Nagusian, eta adostutako zerrenda bateratua hautatu zutela, orain arteko lehendakari Olga Leiciagak lehendakari-lekukoa Rocio Miranda gazteari pasatuz. Honakoek osatzen dute 2021-2023 eperako Zuzendaritza Batzordea:
-Lehendakari: Rocío Marialís Miranda
-Lehendakariorde: Julio Néstor Markiewicz
-Idazkari: Olga Leiciaga
-Idazkariorde: Orlando Ramñon Isaac Benítez
-Diruzain: Ana María Macchi Echagüe
-Diruzainorde: Ramona María Melgarejo
Batzordekide titular
Lehena: Nilda Petrona Coman
Bigarrena; Ramón Ariel Cukla
Batzordekide ordezko
Maríangeles Rosciani Grandes
Kontu ikuskatzaile titular
Lehena: Miguel Gómez
Bigarrena: Norma Solar
Kontu ikuskatzaile ordezko
Lehena: Luz Mariel Benítez Maidana
Bigarrena: César Aníbal Arrondo