euskal diaspora eta kultura
2010/12/21
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Miren Josu Uriarte Olaeta Gernikan jaio zen baina Durangon bizi da gaur egun. Amorebieta-Etxanoko Udal Euskaltegian ari da lanean aspalditik. Duela 20 urte, ordea, Argentinan Euskaraz programaren lehenengo irakasletako bat izan zen. Hori dela eta berarekin kontaktuan jarri gara gaur egun mundu osoan euskara irakasleak trebatzen ari den programa honen hasiera nola izan zen jakiteko.
- Nolatan onartu zenuen Argentinara etortzeko proposamena?
Erronkak beti gustatu izan zaizkidalako eta horretaz aparte, benetan harrigarria iruditzen zitzaidan hain urrun zeuden pertsona batzuek ,eta gainera gazteak, hainbesteko interesa izatea nik hainbeste maite dudan euskara ikasteko. Oso ideia interesgarria, berria… egia esan sentsazio asko izan nituen.
- Zer zenekien momentu hartan Diasporari eta Argentinari buruz?
Egia esan gauza handirik ez. Kointzidentziaz urte horretan artikulu bat irakurria nuen Diasporaz. Gaizki gogoratzen ez badut urte hartan Euskal Astea Bahia Blancan egin zen. Gogoratzen dut Lekeitioko Carraspio hondartzan egon nintzela irakurtzen eta oso kuriosoa iruditu zitzaidan hura. Argentinari buruz ez nekien apenas ezer, jakina entzunda neukala desagertutakoei buruz zerbait, Peron eta Evita ere entzunda nituen, baina ez nekien gauza handirik.
- Zer espero zenuen etorri aurretik eta zer aurkitu zenuen?
Ba egia esan oso zaila egiten zait zer espero nuen esatea, errespetu itzela nion proiektuari eta oso urduri nengoen. Esan zigutenagatik ez genuen gauza handirik egingo; izan ere, une hartan hemen (Euskal Herrian) pentsatzen zuten ikastaroak ez zuela inondik inora uda guztia iraungo eta esan ziguten lasai hartzeko. Irudiari dagokionez, telenobeletako irudiak baino ez nituen eta ez dakit horrelako jendea aurkitzea espero nuen.
Aurkitu nuena berbekin esatea zaila da oso niretzat. Oso talde gaztea aurkitu nuen, oso oso europarra batez ere. Hiriburutik zetozenak baina nik espero nuen baino askoz ere modernoagoak ziren. Oso jende motibatua, langilea, gogotsua, arduratsua. Hasiera hasieratik erakutsi ziguten Gururi (Gurutze Arrieta ) eta bioi lan egiteko gogoa, interes itzela, Euskal Herriko guztia jakin nahi zuten. Oso pertsona maitagarriak aurkitu nituen, beti zeuden guri irakasleoi laguntzeko prest eta emateko hain urrun ez genuen maitasuna; oso oso ondo sentiarazi ninduten eta ez dakit inoiz esan diedan baina asko daukat eurei eskertzeko, berriro errepikatuko nukeen esperientzia izan da inolako zalantzarik gabe.
- Zein izan zen gauzarik/momenturik zailena zuretzat programaren irakaslea izan zinen bitartean?
Zailena niretzat proiektua uztea izan zen, ordurako nire lana bukatua zegoen eta HABEk hartu zuen proiektuaren gidaritza eta oso oso gogorra egin zitzaidan utzi behar izatea.
-Lorpenik handiena?
Dagoena, gaur egun Argentinan dagoena eta hogei urte hauetan zehar garatu dena ikustea. Nire ikasleak izan zirenak euskaraz hitz egiten, euskara klaseak ematen, motibatuta jarraitzen dutela ikustea. Eta lorpenik handiena egin ditudan lagunak, Argentina eta argentinarrak ezagutzeko izan dudan aukera paregabea, oso oso esperientzia aberasgarria izan da niretzat maila guztietan, pertsonalean zein profesionalean.
- Nolakoak ziren hiru hilabeteko 'barnetegi' haiek?
Oso gogorrak ziren, batez ere lehenengoa. Lan handia egiten genuen egun osoan, klaseak ematen, programatzen ikasten, ordu asko ziren eguneko. Egia da beti zegoela denbora oso atseginak ziren bestelako aktibitateak ere egiteko, kirol asko egiten genuen, parrandak, afariak, eta guztia oso oso gustura.
Bigarren urteko barnetegia desberdina izan zen, Tandilera joan ginen eta dena zen desberdina. Garai hartan oker ez banago HABE ere bazegoen zegoeneko proiektuan eta ez dakit nola azaldu baina gauzak aldatu egin ziren, askatasun gutxiago sentitzen nuen gauzak egiteko.
- Nola zegoen antolatuta Argentinan Euskaraz programa garai hartan?
Ea gai naizen gogoratzeko, denbora asko pasa baita. 1990eko martxoaren amaieran behin udako ikastaroa amaituta etxera bueltatu ginen. Orduan eskaini zidaten proiektuaren koordinazioa eta onartu egin nuen, jakina, desiatzen bainengoen berriro ere Argentinara bueltatzeko. Hasieran, Miren Arozarenarekin batera, proiektuan parte hartu zuten euskal etxeetara joan ginen bertako batzordekideekin egoteko eta ikusteko zer nolako baldintzak zituzten irakasleek klaseak eman ahal izateko, eta hori amaituta txosten bat egin nuen nire iradokizunekin. Honetaz aparte, ez dut ondo gogoratzen zenbatero baina irakasle guztion bilerak egiten genituen, batez ere, bakarrik ez senti ez zitezen eta euskara ere mantentzeko, izan ere, hiru hilabetetan baino ez ziren aritu barnetegian eta mota guztietako laguntza behar zuten. Garai hartan Marina Paglialungarekin batera materiala prestatu genuen klaserik ezin zutenek izan, aukera eduki zezaten euskara ikasteko.
- Noiz arte segitu zenuen programan?
1993ko uztailera arte, hori izan zen egin nuen azken ikastaroa, oker ez banago.
- Zurekin batera beste irakasle batzuk etorri ziren...
1990ean Gurutze Arrieta, 1991n Txepe, 1992an Garbiñe Apraiz eta 1993an Neskuts Uriarte eta Olatz Etxaburu.
-Jarraitzen duzu kontaktuan garai hartako ikasleekin?
Batzuekin bai, jakina, ikasle hutsak baino askoz ere gehiago izan dira niretzat.
[Miren Josu Argentinako bere lagunek oparitutako niki batekin]
- Orain ez zaude programaren barruan baina programa nola dabilen gutxi gorabehera badakizu. Balantzeren bat?
Nik oraingoari buruz esan dezakedana Zorionak!!! da. Bihotz bihotzez, mirestu egiten zaituztet, erabat harrigarria iruditzen zait egiten duzuen lana, daukazuen indarra eta gogoa. Eskerrik asko euskara hain ondo zaintzeagatik, hori da nire balantzea.
Lotura interesgarriak
Aurten Bai Fundazioa
www.aurtenbai.com
Amorebieta-Etxano Udala
www.amorebieta-etxano.net
HABE
www.habe.org
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus