euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Miren Aizpitarte, Idaho: "Garrantzia duena ez da zenbat euskal odol duzun, berakiko duzun engaiamendua baizik"

2011/01/31

Miren Aizpitarte idahotarra alboka jotzen Lael Uberuaga eta Oinkari taldeko beste lagunen ondoan Shanghaiko Expon egin zuen erakustaldian (argazkia Oinkari.org)
Miren Aizpitarte idahotarra alboka jotzen Lael Uberuaga eta Oinkari taldeko beste lagunen ondoan Shanghaiko Expon egin zuen erakustaldian (argazkia Oinkari.org)

PUBLIZITATEA

Miren Aizpitarte gazte euskal amerikarrak Idaho estatuko 'Distinguished Student Award' saria jaso du hilabete honetan, eta komunikabideek eskaini dizkioten artikuluetan bere euskal ondareari buruz mintzatu da. Miren Boiseko Oinkari dantza taldeko kidea da eta erakustaldietan alboka jotzen du sarri. AEBetako albokari bakarra da ziurrenik Miren eta, hori dela eta, beraz, bakarrik ikasi behar izan zuen, euskarazko liburuxka batekin eta bideoak ikusiz eta entzunez. Boiseko 'Amuma Says No' taldearekin ere jotzen du eta gazteei euskal dantzak eta akordeoia irakasten dizkie. Diasporako gazte euskaldunentzat engaiamendu eredugarria duzu, zorionak Miren!

Boise, AEB. Miren Aizpitarte gazteak 17 urte ditu eta ikaslea da Rocky Mountain High School-en, Boise ondoko Meridian hirian. Hilabete honetan Mirenek Idahoko Distinguished Student Award (ikasle onari saria) jaso du eta komunikabideek egin dizkioten elkarrizketetan euskal ondarea eta Idahoko euskal komunitatearekin duen engaiamendua azpimarratu ditu.

Ikasketetan nota bikainak izateaz gain, Miren musikari bikaina ere bada. Pianoa jotzen ikasten hasi zen sei urterekin eta bi urte beranduago seskuoinua jotzen hasi zen Boiseko Txantxangorriak taldearekin. Eskolan saxofoia jotzen ikasi zuen. Haurtzarotik euskal dantzak ikasi ditu, hasieran Boiseko Gazteak taldean eta gero Oinkari Basque Dancers taldearekin. Gaur egun, Oinkarirekin dantzatzeaz gain, Boiseko Gazteak taldean dantza eta akordeoi irakaslea ere bada. Berriki, Oinkari taldearekin Shanghaiko Expo-an aritu da dantzan Miren, Txinako Mundu Erakusketaren baitan jaurlaritzak antolatu zuen Euskadiko Astearen baitan. Horrez gain, iaz New Yorkeko Ellis Island-en ikusgai izan den euskaldunei buruzko erakusketaren inaugurazioan ere dantzatu zuen.

Bada Mirenen istorian datu bitxi bat: AEBetako albokari bakarra da. Alboka antzinako euskal musika tresna bat da eta Euskal Herrian gutxik dakite jotzen, are gutxiagok -beste inork ez, ziurrenik- Estatu Batuetan. Hori dela eta, Mirenek berak bakarrik ikasi behar izan zuen nola jo, euskarazko liburu bat irakurriz eta bideoak ikusiz. Alboka jo ahal izateko arnasketa zirkularra erabili behar da, eta Mirenek hiru hilabete luzez praktikatu zuen lortu arte. Orain Oinkari taldearen erakustaldietan eta Boiseko Amuma Says No taldearen kontzertuetan jotzen du.

"Nagusi egin ahala, euskaldunak sakabanatzen goaz eta jendeak ahaztu egiten du", dio Mirenek. "Baina garrantzitsua ez da zenbat euskal odol duzun, berakiko duzun engaiamendua baizik", azaltzen du.

Miren Aizpitarteri eginiko elkarrizketa baten bideoa, KTVB telebistan (ingelesez), hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia