euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Miren Azkarate sailburua Buenos Aireseko Hizkuntzen Kongresuan izango da, euskarari buruz mintzatzeko

2007/07/18

Hizkuntzen Kongresua gaurtik 21era izango da Buenos Airesen
Hizkuntzen Kongresua gaurtik 21era izango da Buenos Airesen

PUBLIZITATEA

Miren Azkarate, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua Buenos Airesen izango da egunotan, mintzaldi bat eskaintzeko Hizkuntzen Kongresuan. Aurtengoa Kongresuaren bigarren edizioa da eta gaur bertan hasi eta larunbata bitartean egingo da, Topaketaren helburua herri indigenen eskubideak eta kultura aniztasuna sustatzea izanik. Azkarate sailburuak bihar hartuko du parte, Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza politika aipagai hartuz. Euskal Herrian Euskaraz eta Askapenako kideek ere hartuko dute parte Kongresuan.
Amerikako eta mundu osoko herri indigenek hitzordua dute gaurtik aurrera Buenos Aires hirian egingo den Hizkuntzen II. Kongresuan. Gaur hasi eta datorren larunbata bitartean Kongresuak kultura aniztasuna eta herri indigenen eskubideak aldarrikatuko ditu, Buenos Aireseko Unibertsitateko Medikuntza fakultatean egingo diren jardunaldietan. Kongresuan euskal ordezkaritza zabala izango da: Miren Azkarate, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua; Iraia Saez de Biteri euskara irakaslea; Euskal Herrian Euskarazeko Unai Larreategi eta Gorka Ovejero; eta Askapenako Gabi Basañez, gutxienik.

Kongresuaren egitarauean mintzaldiak, eztabaidak eta hizkuntza eta kultura tailerrak iragartzen dira. Euskal ordezkarien lehendabiziko parte hartzea gaur bertan heldu da, Gabi Basañezen eskutik (Askapena). Ekitaldia Aula Magna aretoan izango da eta bertan hainbat komunitatetako hizlariek hartuko dute parte, tartean quechua eta mapuche komunitateen ordezkariak.

Mintzaldiak eta euskara tailerrak

Bihar Miren Azkarate Kultura sailburuak mintzaldia eskainiko du, 'Euskal erakundeen hizkuntza politikak' izenburuarekin. Ekitaldia Aula Magnan izango, 15:00tatik aurrera. Jarraian, 17:00tan, Iraia Saez de Viteri irakasleak euskara tailer bat emango du, FEVA, Argentinako Euskal Etxeen Federakundearen eskutik 3. Gelan.

Etzi, uztailaren 20an, euskal ekarpen gehiago izango ditu Kongresuak. 9:00tatik 12:30tara Gabi Basañezek (Askapena) Las luchas por la normalización lingüística como red contrapuesta a la globalización neoliberal izenburua duen mintzaldia eskainiko du Irakasle Gelan egingo den ekitaldian. Arratsaldean, 16:00tan, EHEko Unai Larreategik Lectura sociolingüística sobre la situación del Euskera gaia jorratuko du. Eguna biribilduz bi tailer egingo dituzte jarraian, hasteko euskara lantegia Gorka Ovejero eta Unai Larreategiren eskutik (3. Gela, 17:00-19:00); eta gero euskal dantza lantegia, Unai Larreategi eta Gabi Basañezekin (3. Gela, 19:00-20:00).

Miren Azkarate Laurak Bat-en

Bestalde, Miren Azkarate sailburuak Buenos Aireseko Laurak Bat Euskal Etxera bisita egiteko tartea ere egingo du. Jaurlaritzako ordezkaria bertako euskaldunekin bilduko da eta mintzaldi bat eskainiko du 'Euskal hizkuntza eta kulturaren munduratzea' gaiari buruz. Mintzaldi honetan Azkaratek Etxepare Institutuaren nondik norakoak azalduko ditu. Mintzaldia 19:00tan hasiko da eta sarrera librea izango du.


Lotura interesgarriak

Hizkuntzen Kongresuaren bloga
www.congresodelaslenguas.blogspot.com

FEVAren webgunea
www.fevaonline.org.ar

Laurak Bat Euskal Etxea, Buenos Aires
www.laurakbat.com.ar

Euskal Herrian Euskaraz
http://ehe.euskalerria.org

Askapena
www.askapena.org


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia