euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Miren Azkarate 'Nazio txikiak munduan, nola aurkitu lekua handien artean' gogoetan euskal partaide, Quebec-en

2007/08/21

Europako nazio eta minoritateen mapa
Europako nazio eta minoritateen mapa

PUBLIZITATEA

Nazio txikien gaia hausnargai hartuko dute datorren asteburuan Quebec-en, Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua Euskal Herriko ordezkari. Euskal Herriaren kasua, Quebec, Kanada, Eskozia, Katalunia eta Belgikako nazioen ondoan aztertuko dute herri horietako zenbat ordezkari partaide. Ekitaldiak bi izango dira: lehenengoa 'Nazio txikiak munduan, nola aurkitu lekua handien artean' bataiatu dute eta bigarrena, berriz, hau ere Quebec-eko Unibertsitateko Montrealeko kanpusean, 'Nazio txikiak: abertzaletasuna, aitortza eta autonomia'.
Euskal Herria hizpide, Miren Azkarate, Kultura sailburua Quebec-en izango da aste hondarrean nazio txikiak munduan gaiari buruzko hausnarketan partaide izateko. Hausnarketa bi esparrutan emango da, alde batetik Institut du Nouveau Mondek antolatutako Montrealeko Udako Ikastaroetan “Nazio txikiak munduan. Nola aurkitu bere lekua handien artean?” izeneko mahai-inguruan parte hartuko du Miren Azkaratek; eta honen bezperan, Quebeceko Unibertsitateko Montrealeko kanpusean, Gizarte nazio anitzei buruzko Ikerketarako Taldeak (GRSP, Groupe de recherche sur les sociétés plurinationales) antolatutako Quebec eta Kanadako adituak eta Europatik joandakoak bilduko dituen “Nazio txikiak: abertzaletasuna, aitortza eta autonomia” izeneko gogoeta itxian parte hartuko du.

Quebec, Kanada, Eskozia, Katalunia, Belgikako nazioak...

Bi gogoeta hauetan, Euskal Herriarekin batera eta Quebec eta Kanadaz gain, Eskozia, Katalunia eta Belgikako nazioak izango dira hizpide eta Miren Azkarate Kultura sailburuarekin batera, Europatik joanda, bertan partaide izango dira Marie Arena, Belgikako Frantses hiztun erkidegoko ministro-burua, George Reid, Eskoziako Legebiltzarreko presidente ohia eta Felix Martí, Kataluniako UNESCO etxearen presidentea.

Mahai ingurua datorren larunbatean (hilak 25) izango da, Institut du Nouveau Mondek Quebeceko Unibertsitatearen Montrealeko kanpusean antolatutako Udako Ikastaroen baitan, eta horren atarian, bezperan burutuko da Gizarte nazio anitzei buruzko Ikerketarako Taldeko partaide diren Quebeceko eta Kanadako unibertsitateetako adituen eta Europatik joandakoen arteko gogoetaldia.

Gogoeta eta hausnarketa sustatzen

Institut du Nouveau Monde ikerketa eta gogoeta xede duen erakundea da eta laugarren aldiz antolatu ditu Montrealeko Udako Ikastaroak, hauen barruan, Quebeceko eskualde desberdinetatik etorritako eta mundu osoko 20 herrialdeetatik joandako 800 ikasle inguru biltzea espero dute.

Gizarte nazio anitzei buruzko Ikerketarako Taldea (GRSP, Groupe de recherche sur les sociétés plurinationales) unibertsitate alorreko hausnarketa taldea da, 1995an sortua, Quebec eta Kanada unibertsitateetako ikerketa eta zientzia politikoetako irakasle eta adituak biltzen ditu, talde honen xedea plurinazionalitate fenomenoei buruzko hausnarketa eta nazio txikien eta estaturik gabeko nazioen fenomenoei buruzko gogoeta egitea da. Alain-G. Gagnon, Quebec Unibertsitateko kanadar eta quebekar ikaskuntzetarako katedratikoa da taldearen burua eta bertan elkartzen dira Quebec, Montreal, Laval, Ottawa,Victoria eta Concordia unibertsitateetako irakasleak.


Lotura interesgarriak

Institut du Nouveau Monde
www.inm.qc.ca

GRSP, Groupe de recherche sur les sociétés plurinationales
www.er.uqam.ca

Estatutik gabeko nazio europarren eta minoritateen ataria
www.eurominority.org

Nazioaz eta estaturik gabeko nazioaz Wikipedian
Wikipedia, the Free Encyclopedia
Wikipedia, Entziklopedia askea
Wikipedia, la enciclopedia libre

'Naciones sin estado de la Unión europea'
Iñigo Bullainen artikulua Euskonews-en


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia