euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Miren Arzalluz: "Nazioartean Balenciagaren benetako dimentsioa argiago dute hemen baino"

2010/11/08

'Cristobal Balenciaga' liburuaren azala. Liburua euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez eman da argitara eta ingelesezko edizioa ere etor daiteke datozen hilabeteetan
'Cristobal Balenciaga' liburuaren azala. Liburua euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez eman da argitara eta ingelesezko edizioa ere etor daiteke datozen hilabeteetan

PUBLIZITATEA

"Batzuk Getariako jostun bat izan zela baino ez dakite Euskal Herrian", dio Balenciagaren biografia idatzi berri duen Miren Arzalluz moda historialari eta adituak. Londresen moda ikasketak egiten ari zela Arzalluzek bazekien ikaskideek miresten zuten maixu hura euskalduna zela, eta maitasun berezia hartu zion. Balenciagaren lanari buruzko aditu nagusienetakoa egun, 1937ean Pariseko modan iraultza lasaia sortu zuen maixuaren Getariako urteak ekarri ditu argitara 'Cristobal Balenciaga' liburuan.

Donostia-San Sebastián. Balenciaga Parisera heldu eta handik hilabete batzuetara lehen kolekzioa atera zuenean sekulako arrakasta izan zuen. Moda munduan oso gutxitan gertatu izan da horrelakorik, baina Miren Arzalluz adituak badu horren azalpena: Parisera jauzia egin zuenean Balenciaga diseinatzaile heldua zen, ez bakarrik sortzaile bezala, baizik eta baita enpresa-gizon bezala ere.

"Oso arraroa iruditzen zitzaidan bere formakuntzari buruzko daturik ez egotea", dio Arzalluzek. "Askok zuzenean Parisekin erlazionatzen dute Balenciagaren izena. Baina Parisera lanak ondo eginda joan zen, profesionalki heldua, eta aurreko 42 urteei buruz ikerketa sakona falta zela somatzen nuen". Getarian hasi eta Parisera heldu bitarteko urte horietan egin zen Balenciaga goi mailako joskin eta Arzalluzek orain arte ilunpetan zeuden pasarteak ikertu eta ahaztuta zeudenak argitara ekarri ditu.

Nerea argitaletxeak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera argitaratu duen liburuak garai haietako ibilbidea aztertzen du. Euskaraz, gazteleraz eta frantsesez plazaratu dute lana, baina datozen hilabeteetan ingelesez ere argitaratzekotan dira. "Londreseko Victoria & Albert Museoak argitaratzeko interesa agertu du", aurreratzen du egileak. Victoria & Albert Museoa modari eskainitako munduko museorik garrantzitsuenetakoa da eta argitalpen honek liburuaren nazioarteko zabalkuntza zinez bultzatuko luke.

Aristokrazioa Gipuzkoan

Balenciaga 1895ean jaio zen Getarian. Ama jostuna zuen eta berarekin ikasi zuen lanbidea. "Garai hartako Getaria berezia zen. Donostia inguruan aristokrazia biltzen zen eta Getarian Casa Torreseko markesaren familiarentzako lan egiten zuen amak. Haien bitartez fintasuna ikasi eta goi mailako joskintzaren munduan sartu zen", azaltzen du Arzalluzek. "Balenciagak berak kontatzen omen zuen anekdota bat da behin txikitan markesari bere soineko bat kopiatzeko gai zela apustu egin ziola". Markesak baietz, eta Balenciaga txikiak soinekoa egin egin omen zuen. 

Hogeitabi urte baino ez zituen Donostian bere atelier-a ireki zuenean, eta hurrengo urteetan beste marka batzuk ere sortu zituen, estilo desberdinetako bezeroengana heltzeko. Balenciaga, goi mailako joskuntza; Eisa, bigarren etxea... 1933an Madrilen ireki zuen etxea eta 1935ean Bartzelonan. "Berak azken hauek sukurtsalak zirela zioen eta etxe nagusia Donostiakoa zela", gaineratzen du Arzalluzek.

Beti ere Donostiatik baina Parisera begira jardun zen Balenciaga: Parisera bidaiak eginez, hango maixuen lanetik ikasiz... "Gerra zibilak konbentzitu zuen Parisera jauzia emateko. Errepublikarekin jada errege-erreginak eta aristokratek Donostiara etortzeari utzi zioten eta bezeroak galdu zituen", azaltzen du biografoak. Modaren hiriburuan bere burua aurkezteko ordua zen.

Diskretoa eta koherentea

Parisen lortu zuen arrakasta berehalakoa izan zen, baina Balenciaga beti izan zen gizon diskretoa eta ez omen zuen bere buruaz hitz egitea maite. Wladzio Jaworowski errusiarra izan zuen bikotekide eta elkarrekin bizi izan ziren Parisen, diskrezio handiarekin. "Wladziok eragina izan zuen berarengan. Familia aristokratiko batekoa zen eta moda munduan konexioak zituen. Balenciagak Parisen ezagutu zuen eta gero Wladzio Donostiara ere etorri zen bizitzera. Balenciaga etxearen irekieran eta zabalkuntzan eragin handia izan zuen", azaltzen du Arzalluzek.

"Bere diskrezio hori marketing estrategia zela diote batzuk, misterioa sortarazteko trikimailua", dio idazleak. "Baina nik argi daukat bere izaeraren ondorioa baino ez dela, bere koherentziaren erakusle. Berak bere sorkuntzek hitz egitea nahi zuen. Dior bezalako diseinatzaileek kolekzio berriekin moda mundua liluratu egin nahi zuten, irauli. Balenciagak aldiz iraultza isila egin zuen, kolekzio bakoitzean bere sorkuntzak depuratuz."

Eragina guardaino

Arzalluzek argi du Getariako maixuak indarra duela egun ere. Aurtengo maiatzean Bilboko Arte Ederretako Museoak Balenciagari buruz egin zuen erakusketak 84.000 bisitari izan zituen lau hilabetetan eta museoko hamarkada honetako erakusketarik arrakastatsuenetakoa izan zen. "Erakusketa honek adibidez argi uzten du Balenciagaren gaurkotasuna", dio Arzalluzek.

Bere koherentzia hori dela medio, Balenciagak beste diseinatzaileen mirespena eskuratu zuen. Izan ere, maixuen maixu esaten zioten. "Berak egin zituen ekarpen batzuk hor daude oraindik: linea depuratuak, teknika berriak... Bere eragina gaur egun ere somatzen da, Chanel eta Vionnet bezalako maixu handi batzuekin bakarrik gertatzen den bezala", dio.

-'Cristobal Balenciaga' liburua erosteko, jo Nerea argitaletxearen webgunera



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia