New York, AEB. Sagar Handian dabiltza egunotan Miren Agur Meabe idazlea eta Amaia Gabantxo itzultzailea, "A glass eye" eleberria aurkezteko biraren erdian. "A glass eye" --Meaberen "Kristalezko begi bat" eleberriaren ingelesezko itzulpena-- datorren udan argitaratuko da, baina egilea eta itzultzailea hasi dira dagoeneko lana aurkezten AEBetako literatura munduan. Bira hilaren 5ean hasi zen Chicagon, eta abenduaren 3an amaituko da Boisen. Etxepare Euskal Institutuaren laguntza du.
Egunotan Meabe eta Gabantxo New Yorkeko CUNY unibertsitateko Omi Writers Translation Lab lantegian parte hartzen ari dira, eta bertan liburuaren itzulpen prozesuari buruz mintzatuko dira beste nazioarteko idazle eta itzultzaile batzuekin: Christina MacSweeney, Daniela Saldana Paris, Alice Guthrie, Rasha Abbas, Izidora Angel eta Hristo Karatoyanov.
Ondoren, azaroaren 23an Mendebaldeko Kostara aldatuko dira. Kalifornian hasiko dira, Santa Barbara Unibertsitatean bi aurkezpen eginez, azaroaren 23 eta 24an. Ondoren, Nevada-Renoko Unibertsitatean izango dira, hilaren 30ean eta abenduaren 1ean. Bira amaitzeko Idahora joango dira eta Boiseko Unibertsitatean aurkeztuko dute liburua abenduaren 2 eta 3an. Azken egun hau Euskararen Nazioarteko Eguna da eta bisitariek unibertsitateko Euskal Ikasteketa Sailaren ekitaldietan parte hartuko dute.