Rosario, Argentina. Miren Agur Meabe (Lekeitio, 1962) idazle eta poeta euskalduna aurrenekoz izan da Argentinan, izan ere Rosarioko Nazioarteko Poesia Jaialdiaren 32. edizioan parte hartzearren. Poesiaren inguruko trukerako funtsezko gunetzat jotzen duten foro hau urriaren 21etik 26ra egin da, hiriko hainbat gunetan eta bertaratzea Argentinako CCEBAk (Buenos Aireseko Kultur Gune Espainiarra) gonbidaturik egin du Meabek. 7 herrialdetako (Kanada, Txile, Txina, Kuba, Ekuador, Suitza eta Espainia) eta Argentinako 11 hiritako 30 poeta izan dira partaide, irakurketak eta emanaldiak eskainiz. Miren Agur Meabe hainbat elkarrizketa eman zituen Rosarion, besteak beste hiriko 'Palabra de Vasco' irratsaioari. Buenos Airesen, idazleak Euskaltzaleak elkartea bisitatu eta bertako euskal diasporako kideekin harremantzeko aukera izan zuen.
Hau esan dio EuskalKultura.eus-i bere inpresioez galdeturik: “Aniztasun handia somatu dut, eta poesía egiteko eraberritzaile asko, neure praktikan aplikatzeko modukoak. Alde horretatik, ikasi egin dut. Bereziki interesatu zaizkit, batetik, Santiago Venturini poeta argentinarra, eta beste batetik, hizkuntza autoktonoetan idazten duten, eta hizkuntza hori suspertu nahian ari diren guaranierazko eta mapudungunerazkoak”. Bertan, poetak bi irakurketa egin zituen eta mahai inguru batean parte hartu, bi idazlerekin batera, erromantxeraz idazten duen Suitzako Jessica Zuan eta Quebeceko franteses aldaeran idazten duen Daphné B.rekin. Poesia idaztea hizkuntza gutxitu batean, eta batzuetan, hizkuntza gutxietsi batean zer den izan zuen hizpide mahai inguruak.
Euskaltzaleak-en eta 'Palabra de Vasco' irratsaioan (entzun saioa!)
Buenos Airesen, Euskaltzaleak-en egoitza bisitatu eta euskara ikasle talde batek, aurrez aurre eta birtualki, elkarrizketatu zuen
Argentinara egindako lehenengo bidaia labur honetan Miren Agur Meabek Euskaltzaleak elkartearen egoitza bisitatu zuen Buenos Airesen. Bertako batzordeko kide eta irakasleekin bildu zen eta ikasleek elkarrizketa egin zioten. Rosarion, Zazpirak Bat Euskal Etxeko 'Palabra de Vasco' irratsaioko Cristina Arreguik ere elkarrizketatu zuen. Datorren asteartean, azaroaren 5ean —ohi bezala 13etatik 14etara ordu argentinarrean, 17etatik 18etara Euskal Herrian— elkarrizketa aireratuko dute eta zuzenean entzun ahal izango da AM Radio Libertad Rosario (1.090 Khz) irratian, eta laster, Zazpirak Baten web orrialdean egongo da entzungai.
“Jendearen estimazioa nabaritzeaz aparte, Rosarion entzule batzuk hurbildu zitzaizkidan euskal jatorrizko euren abizenak aipatuz, eta hori benetan hunkigarria egin zait, bai Buenos Airesen eta bai Rosarion, urrun egon arren eta belaunaldi bat, bi, hiru edo gehiago tartean izanda, zelan etortzen den jendea, oraindik ere sustrietatik jasotako elikagai emozional hori, aberri zaharrarena zainetan dutela”, esan zigun idazleak diasporari buruz galdetuta. Eta gaineratu zuen “Bidaia honetatik, adiskide berriez aparte, eredu bat daramat, diasporako euskaldunen eredua, eta euskaldunak izan gabe ere euskara ikasteko ahalegina egiten duen jendearena. Beraz banoa, baina ez agur esanda, hurrengo arte esanda baizik”.
Miren Agur Meabek helduentzat zein haur eta gazteentzat idazten duen sortzaile euskalduna da. Bere lanak aitorpen ugari jaso ditu, besteak beste, Espainiako Poesia Sari Nazionala, izan ere sari hori euskarazko lan batekin irabazi zuen lehen egilea izan zen. "Nola gorde errautsa kolkoan" lanagatik jaso zuen saria. Haur eta gazte literatura Euskadi Saria ere irabazitakoa da, baita Mikel Zarate haur literatura Saria ere eta, literatur itzultzaile gisa, Vitoria-Gasteiz Saria. Skolastique Mukasonga, Hélène Vignale, Elia Barceló edo César Mallorquí bezalako idazleak euskaratu ditu. Euskaltzain osoa ere bada.