Berlin, Alemania. "Nola indartu mintzamen saioak erabiltzen ditugun materialetan" gai nagusitzat hartuta egin da joan den asteburuan Berlinen, ostiral eta larunbatez, urriaren 11 eta 12an, 2024ko 'Europako euskal etxeetako irakasleen topaketa', Etxepare Euskal Institutua eta Berlingo Gernika Kulturverein Euskal Etxea antolatzaile. 2024-2025 ikasturtea prestatzea xede, Etxepareko Euskara Munduan programako Kinku Zinkunegi koordinatzaile, 12 irakasle batu dira, honako euskal etxeetakoak: Madril (2), Bartzelona (1), Valentzia (2), Valladolid (1), Mallorca (1), Bordele (2), Paris (1), Brusela (1) eta Berlin (1).
2024-2025 ikasturtean Europako euskal etxe gehienenetan irakatsiko da euskara. Bileran, besteak beste, Ingura ere aurkeztu zen, HABEren euskara ikasteko online tresna berria
Topaketa ostiral arratsaldean eta larunbatean egun osoz burutu da, irakasleek aurretik proposatutako gaiak jorratuz. Horrekin batera, ohi bezala, irakasle bakoitzak bere euskal etxean azken urtean euskararen inguruan egindako lanaren berri eman du eta, besteak beste, Ingura, HABEk euskara ikasteko garatu duen online tresna berria eta beste baliabide batzuk ere aurkeztu dira. Datorren urteko bilerareren xehetasunak ere erabaki ziren: Valentzian egingo da urriaren 17 eta 18an, Laurak Bat Euskal Etxearen abegipean. EuskalKultura.eus-ekin solasean, Kinku Zinkunegik eskertu nahi izan dio euskal etxe valentziarrari datorren urterako eskaintza, eta Berlingo Euskal Etxeari, aurtengoan burututako "antolaketa bikaina", "oso eskertuta gaude EEko lehendakari Ainhoa Añorgak eta euskara irakasle Maddalen Subijanak egindako lan ederrari", aitortu du.
Euskara egiaztatzeko frogak EHtik kanpo
Handitzen doa Euskal Herritik kanpo euskara maila egiaztatzen dutenen kopurua. Aurtengo bi deialdietan 157 aurkeztu dira, Bartzelonan, Madrilen eta Buenos Airesen, gehienak C1-era
2024an, Euskal Herritik kanpoko egiaztatze proben indarrean dagoen bigarren deialdian, Bartzelonan eta Madrilen egin dira frogak. Idatzia (idazmena eta irakurmena) irailaren 27 eta 28an egin zuten Bartzelonan eta urriaren 4 eta 5en egin da Madrilen. Aztertzaileak, Kinku Zinkunegi, Estebe Ormazabal (Madrilgo Euskal Etxea) eta Josean Odiaga (Bartzelonako Euskal Etxea) izan dira eta mailak, B1, B2, C1 eta C2. Azkerketari kopurua handitzen doa urtetik urtera eta bigarren deialdi honetarako 18 azterketari matrikulatu ziren Bartzelonan eta 35 Madrilen.
Ahozko eta entzumenezko probak azaro bukaeran
Idatziaren emaitzak azaroaren 8an aterako dira eta probak gainditzen dituztenek azaro bukaeran egingo dituzte ahozko eta entzumenezkoak. Aurtengo lehenengo deialdian ere (maiatza, ekaina eta uztaila) azterketari kopurua esanguratsua izan zen: Bartzelonan 20, Madrilen 61 eta Buenos Airesen 23. Guztira, bi deialdien artean, 157 azterketari aurkeztu dira aurten Euskal Herritik kanpo Etxepare Euskal Institutuak antolatutako euskara maila egiaztatzeko azterketetara, gehienak C1era.
[irudian, egiaztatze probak Madrilen (argazkiak, EM-HABE]