euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Minbiziari aurre egiten ari zela sukalde liburua idatzi zuen Sue Legarretak: “Sukaldatzeko moduagatik oroitua izan nahi nuen"

2014/10/13

Bigarren edizioa ateratzea espero du Sue Legarretak (Argazkia: Sue Legarreta)
Bigarren edizioa ateratzea espero du Sue Legarretak (Argazkia: Sue Legarreta)

PUBLIZITATEA

Energiaz betea erantzun du telefonoa Twins Falls-eko (Idaho, AEB) Sue Legarretak Euskalkultura.com-ekin bere azken proiektuaz berba egiteko: ‘Legarreta Storybook – Family Cookbook’ (Legarretaren historia liburua: Familiaren sukalde errezetak). Liburuxka gisa atera duen lan honek, dituen 68 urteetan ikasitako300 errezetatik gora biltzen ditu. “Sukaldean aritzea maite dut, pasioa dut. Familia da hori baino gehiago maite dudan gauza bakarra”.

Ander Egiluz Beramendi/AEB. Facebook-en jarri zuen oharra Cassie Legarreta bere bilobak: “Zortzi liburuxka gehiago baino ez dira geratzen. Badakizue sukaldari iaioa dela”. Sukaldari finak izan ditu familian Sue-k, betidanik, eta ikasle azkarra izan da sukalde kontuetan, Fruizetik (Bizkaia) Ameriketaratu zen Cruz Legarreta-Etxeberria Uriarte-rekin ezkondu zen emakume kementsu hau.

-Liburuaren izena ez da guztiz argigarria: ‘Legarreta Storybook – Family Cookbook’. Errezeta liburua dugu hau ala familiaren ibilerak kontatzen dituena?

-Badu bietatik zerbait. Geure bizitza azaltzen dut baina 300 errezetatik gora izanda, duda barik, errezeta liburua da.

-Norengandik ikasiak?

-Fruizen, Gernikatik hurbil, ikasi nituen horietako batzuk. Hangoa nuen senarra eta bisitan joan izan naiz askotan. Handik eta hemendik jasotakoak dira beste hainbat eta neronek asmatutako batzuk ere badaude!

-Praktikatzea bezalakorik ez dago!

-(Barre egin du) Bai, baina ama ere sukaldari fina bazela aitortu behar dut. Asko ikasi nuen berarengandik.

-Zenbat tardatu zenuen errezeta guzti horiek batzen eta modu ulergarri batean aurkezten?

-Denbora asko! Sei urte inguru. Baina banuen nahi argi bat, minbizia nuen eta argi neukan neure sukaldean aritzeko moduagatik nahi nuela oroitua izan eta ez memoria tristeen bidez. Neure buruari esan nion egingo nuela eta egin nuen. Eta are garrantzizkoagoa dena, gainditu egin nuen gaixotasuna!

-Istorio polita.

-Eskerrik asko. Hiltzeko burugogorregia nintzela uste dut! (Barre egin du).

-Sei urte asko da eta, are gehiago, minbiziari aurre egiten dabilenarentzat. Ihesbidea izan zenuen ala betebehar bihurtu zitzaizun?

-Arazoak izan nituen. Neurri handi batean ikusmena galdu dut eta errainak lagundu dit. Baina garai berean ume bi izan zituen, imajinatu egizu…

-Norbere buruaz hitz egitea ez da erraza baina, sukaldean ona zarela esango zenuke?

-Esango nuke, bai. Eta postre gozoak egiten ditudala ere bai (barre egin du). Txorizoa, odolostea, postreak... Edozein euskal errezeta egiteko gai naiz! Sukaldean ibiltzea baino gehiago maite dudan gauza bakarra familia da.

-Zergatik uste duzu jendeak liburu hau erosi beharko lukeela?

-Neure bizitza guztia euskal errezeta hauetan islatzen delako. Hasi nintzenetik, sukaldean prestatu dudan guztiaren historia liburua da. Jatetxeetan aritu izan zen neure familia; oso sukaldari onak izan ditut sendian. Oso harro nago liburu honekin, ederra da, maitasunez betea.

-Baina kopia bakan batzuk baino ez dituzu dagoeneko. Gehiago argitaratzeko intentzioa duzu?

-Hala da, gutxi batzuk baino ez ditugu. Berrogeita hamar eskatu nituen eta ia denak saldu ditut dagoeneko. Beste berrogeita hamar eskatu nahi ditut baina inbertsio galanta da niretzat eta ez dut arriskatu nahi. Horregatik aurre-eskaintzak onartzen nabil orain.

-Nola egin daiteke hori?

-Nik ez dut helbide elektronikorik baina neure alabari idatzita nahikoa da. Hauxe da bere helbidea: cruzanna_legarreta@yahoo.com.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia