Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Rikardo Arregi, Miren Agur Meabe, Kirmen Uribe eta Harkaitz Canoren idatziak argitaratuko ditu Milango Unibertsitateak, "Il giardino dei sensi risvegliati- Antologia di sei poeti baschi contemporanei" izena duen italierara itzulitako antologian. Tintas aldizkarian eskuragarri izango da lana sarean, bihartik aurrera.
Milan, Italia. Etxepare Euskal Institutuak aditzera eman duenez, Danilo Manera Milango Unibertsitateko irakaslearen eskutik itzulitako antologia da, Unibertsitate berak kudeatzen duen Tintas aldizkarian. Italierazko itzulpen finak sortu ditu Manerak,Etxepareren poesia antologia eta euskal olerkigintzan aztarna utzi duten eta uzten ari diren autore ezberdinen olerkiak oinarri hartuta.
Ez da, ordea, euskaratik itzultzen duen lehen aldia: B. Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae (Euskaltzaindia, Bilbo, 1995); X. Kintanarekin batera prestatutako In Forma di Parole (1987); edota X. Kintanaren Euskararen eta euskal literaturaren ibilbidea (Erroma, 2001) ere itzuli ditu, besteak beste.