euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Milaka lagunek euskalgirotu zuten atzo Mayo Hiribidea ‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ jaialdian

2015/05/11

Donostiar aireak entzun ziren atzo Mayo Hiribidean, danbor-jotzaile argentinarren eskutik (argazkia EuskalKultura.com)
Donostiar aireak entzun ziren atzo Mayo Hiribidean, danbor-jotzaile argentinarren eskutik (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Musika, dantzak, gastronomia, hizkuntza, kirolak… Hauek eta beste hainbat kultur adierazpen zabaldu ziren atzo Argentinako hiriburuaren bihotzean, bertako udalak proposatutako ‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ (Buenos Aires celebra al País Vasco) ekitaldiaren baitan. Jaialdia arrakastatsua izan zen publiko zein erakustaile kopuru eta jatorriari dagokienez, herrialde osoko euskal etxeak bildu baitzituen, Buenos Aires probintziakoak baina baita ere Cordobakoak, San Juan, Chubutekoak... 

Buenos Aires, Argentina. Hiriburuko Laurak Bat euskal etxea deitzaile, hainbat euskal etxe, erakunde eta euskal kulturaren lagun bertaratu ziren atzo Buenos Aires erdigunera ‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ jaialdian erakusle eta protagonista izatera.

Eguerditik arratsaldeko 6ak arte, proposamen ugari eskaini zituzten: General Las Herasko Zazpirak Bat euskal etxeak antolatuta, herri kirolak, hiriburuko Lagun Onak abesbatzak eskainita, koru kontzertua, hainbat euskal etxetako dantzariek emanik, dantza saioak, Maral eta Ixilik taldeen eskutik euskal kantu eta musikaldiak... eta donostiar moldeko Danborrada, eta Itziar Aguirrek eta Takehiro Ohno chef-en sukaldaritza klase magistrala...

Ekintza programaz aparte, beste zenbait euskal elkartek ipinitako standetan pintxoak eta euskal janari tipikoak prestatu eta saldu ziren gelditu gabe, eta hamaika galderari erantzun eta hainbat informazio-eske atenditu zituzten erakusle etorritakoek, makina bat oroigarri, liburu, eta Euskal Herriari eta euskal kulturari lotutako tresna eta pitxiak salduz.

Gure Esku Dago mugimenduaren ordezkariek ere lan handikoa izan zuten eguna; eta ekainaren 21ean Euskal Herrian egingo den ‘Ehuntze Eguna’ri begira, Argentina osotik ekarritako oihalak bildu eta josi egin zituzten euskal etxeen materialak jaso ahala.

Jaia arratsaldeko seiak aldera bukatu zen fandango eta kalejira batzuekin. Hori baino lehen, ordea, oso momentu hunkigarria bizi izan zen Laurak Bat euskal etxeak bere txistulari eta laguna den Jose Maria Gutierrez-i ongi merezitako omenaldia egin zionean.

‘Buenos Aires celebra’k euskaldunei eskainia eginiko laugarren edizio honek, aurreko guztiek bezala, EuskalKultura.com ere izan zuen partaide, lekuko eta kronikari gisa, ospakizuneko hainbat irudi eta momentu bildu eta mundu osoko irakurleekin konpartitzeko. Gaurko sarrera honen ondotik, biharkoan ekitaldiari buruzko irudidun kronika eskainiko dizuegu gure korrespontsal Sabrina Otegiren ohiko lan onari esker.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia