euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Milagroko iazkoari lekukoa hartuz, bi mila bat jendek ospatu zuten Auritzen 'Kanpoan den Nafarraren Eguna'

2007/06/11

Aurizko karriken irudia joan den 'Kanpoan den Nafarraren Egunean' (argazkia Calleja-DDN)
Aurizko karriken irudia joan den 'Kanpoan den Nafarraren Egunean' (argazkia Calleja-DDN)

PUBLIZITATEA

Ekitaldiak ekaineko lehenengo ostiralean hasi ziren, Nafarroari buruzko erakusketa baten zabaltzearekin Aurizko Kultura Etxean. Larunbatarekin heldu ziren ordea hitzordu nagusiak. Egunari Orreagan eginiko meza batekin ekin zitzaion, eta eguraldi txarrak egitarauko zenbait punturi dizdira kendu bazien ere, antolatzaileak gustura gelditu ziren bertaratu ziren bi mila bat jendeekin. Agintarien artean, Iñaki Zilbeti bertako alkateaz gain, Nafarroako Parlamentuko presidentea, Rafael Gurrea, eta Gobernuko bi kontseilari, Jose Andres Burguete eta Alberto Catalán. Horiekin batera, nafar etxeetako ordezkariak eta publikoa. Txupinazoa, Logroñoko Nafar Etxeko presidente Antonio Díaz de Ceriok bota zuen.
Eguraldi euritsua lagun --gure eskualdeari dagokionez, bertakoen esanetan-- 'Kanpoan den Nafarraren Eguna'ren edizio berria bizitasunez eta festa giroz ospatu zen Auritzen, lekukoa behar bezala bilduz iazko Milagrokoari. Espero zen jendetza baino kopuru zertxobait apalagoa etorri bazen ere, antolatzaileak gustura aritu ziren inguratutako bi mila bat jendeko partaide multzoarekin eta karrikak animazio politez jantziak agertu ziren, gaitero eta musikarien, buruhandi eta erraldoien, zanpantzarren eta gainerako festa giro ezarleen laguntzaz.

Goizeko hamaiketan Orreagan emaniko mezaren ondotik, festaren txupinazoa ordu batean egin zen Aurizko Udaletxeko balkoitik. Ohorea Logroñoko Nafar Etxeko presidente den Antonio Díaz de Ceriori egokitu zitzaion. Ondoren, festa ofizialki hasirik, Aurizperriko txarangak, Lizarrako gaitariek, artisautza postuek eta jendearen festarako gogoak hartu zuten protagonismoa. Bazkari herrikoi jendetsua pilotalekuaren atze aldean ezarritako karpa batean egin zen.

'Kanpoan den Nafarraren Egun'eko aurreko edizioak Corella, Lizarra, Erriberri, Zangoza, Tutera, Iruñea, Elizondo, Viana, Irunberri, Azkoien, Erronkari, Tafalla, Lodosa, Agoitz, Urantzia, Otsagabia eta Milagron egin izan dira.


Lotura interesgarriak

Iazko deialdia, Milagron
2006ko ekainaren 2an EuskalKultura.com-en argitara emana

2005eko deialdia, Otsagabian
2005eko ekainaren 2an EuskalKultura.com-en argitara emana

2004ko deialdia, Urantzian
2004ko maiatzaren 30ean EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia