euskal diaspora eta kultura
2012/11/08
PUBLIZITATEA
San Nicolas, Argentina. 2001ean jarri zuten abian 'Euzkal Etxea' euskal etxeko arduradunek 'Etxe Nasaia' programa. Proiektuak bi helburu zituen: krisi ekonomikoaren ondorio larriak eskola-umeen artean leuntzen saiatzea eta, aldi berean, euskal etxearen eta gizartearen arteko lotura sendotzea. Urteak pasatu dira, baina San Nicolaseko euskaldunek beharrean bizi direnei laguntzako gogoa ez; ondorioz, ‘Etxe Nasaia’k bere lehenengo hamarkada bete du eta euskaldunek ez ezik herri osoak ospatu zuen jai erraldoi batekin.
Ekintzak urriaren 24an hasi ziren, goizean, Euskal Herritik etorritako ordezkarien harrerarekin. Ondoren, Juan Jose Ibarretxe eta Adolfo Perez Esquivel ‘Ohorezko Gonbidatu’ izendatu zituzten udaletxean. Eguerdi aldera, berriz, eta FEVAko lehendakari Ricardo Basterrak lagunduta, Gernikako Arbolaren kimu bat landatu zen Balcon del Rio plazan. Iluntzeko 8etan Ibarretxe lehendakariak hitzaldia eskaini zuen hiriko Abokatuen Elkartean. Eta lehenengo eguneko programa bukatzeko, afari berezi bat burutu zen euskal etxean.
[Urriaren 24an, Gernikako Haritzaren kimu baten kimua landatu zen hiriko Balcon del Rio delako plazan. Argentinako bandera eta ikurriña lekuko, FEVAko eta euskal etxeko agintariek estali zuten zuloa (argazkiak Ma. Eugenia Maiztegui)]
[Gauean, afari berezi bat eskaini zitzaien gonbidatuei (argazkiak Ma. Eugenia Maiztegui)]
Baina dudarik gabe, ekintza nagusia urriaren 25ean gauzatu zen Mitre Plazan; bertan San Nicolaseko berrogei eskola publikotako mila bat ikasle eta euren laguntzaileak bildu ziren ‘Etxe Nasaia’ programaren 10 urteak ospatzeko. Egitaraua abiatzeko, Argentinako bandera eta ikurrina altxatu ziren, euskal etxeko Errekatarrak abesbatzak bi ereserkiak abesten zituen bitartean. Ondoren, programaren sortzaile eta egileek hitz batzuk zuzendu zizkioten bildutako jendeari. Euzkal Etxea-ko kideek esker beroak eman zizkieten ‘Etxe Nasaia’ burutzen laguntzen dute guztiei.
[60 bat laguntzaile, 9 paella-ontzi, 120 kilo arroz, 11 kaxa oilasko, 6 poltsa tipula, 2 baratxuri-sorta, 6 pakete azenario, 20 sorta porru eta 450 litro salda. Baina batez ere, jendearekiko engaiamendu handia izan zuten Sanicolastarrek osagai nagusi Etxe Nasaiaren X. urtemuga ospatzeko (argazkiak Ma. Eugenia Maiztegui)]
[Ricardo Basterra, Adolfo Perez Esquivel eta Juan Jose Ibarretxe (argazkiak Ma. Eugenia Maiztegui)]
Programarekin jarraitzeko, musika eta dantza ikuskizuna eskaini zitzaien ikasle, irakasle eta oro har herritarrei. Paranako Urrundik-eko dantza taldeak, Joseba Gotzon abeslariak eta Cordobako Baietz musika taldeak izan zuten Euskal Herriko pauso eta erritmoak erakusteko ardura. Euskal Herriko pentsamolde politiko abertzale ezberdinetako ordezkariak presente izan ziren zeremonian, besteak beste, Dani Maeztu, Maite Iturre, Jose Miguel Aguirre eta Floren Aoiz. Hiriko agintariek ere lagundu zuten euskal gizataldea bere jai honetan, tartean aipa daitezkeela Ismael Passaglia alkatea eta Daniel Gatti eskualdeko hezkuntza ikuskaria. FEVAren izenean, Ricardo Basterra, Marta Abarrategui eta Hugo Andiazabal izan ziren.
[Plazako irudia goitik ikusita, helikoptero batetik hartua (argazkiak Ma. Eugenia Maiztegui)]
“Gure euskal etxearen historiako momentu garrantzitsuenetako bat izan da, zalantzarik gabe. Euskaldunen mahaia gizaki askeen mahaia izango da beti. Hemen hitz egiteko aukera beti existituko da. Eta gorputzarekin ez ezik, hitzekin ere defendituko dira ideiak”, adierazi dute euskal etxeko arduradunek. Ostegun gauean, euskal etxeak musika eta dantza ikuskizun batekin agurtu zituzten kanpotik etorritako eta baita bertako gonbidatuak ere. Urrundik-eko dantzariek, Joseba Gotzon-ek eta Baietz musikari taldeko mutilek berriro ere hartu zuten agertokia azken emanaldia oparitzeko.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus