Nafarroako lehendakariak, Uxue Barkosek "Nafarroatik atera behar izan zutenen lan eta ahalegina" aitortu zuen Lekunberrin, bertan joan den larunbatean ospatu zen 'Kanpoan den Nafarren' 28, edizioan. Ia mila pertsona bildu ziren Espainiako Nafarroako Etxeen Federazio Nazionalak foru gobernuaren sostenguz antolatutako ekitaldi honetara. Barkosek Nafarroaren nortasuna eta kultura atxiki eta zabaltzen erakutsitako interesa eta jarduna eskertu zien.
Lekunberri, Nafarroa. Lehendakaria buru ospatu zen joan den larunbatean, ekainaren 4an, Lekunberrin, kanpoan diren nafarren urteroko festa hau. ia mila pertsona partaide, hein handi batean Espainian zehar dauden nafar etxeetatik etorriak. Barkosek bildutakoengan pertsonifikatu zuen "azkeneko belaunaldietan Nafarroatik atera behar izan duten milaka nafarren giza etsenplua", euren harrera-lur berriaren aitzinamenduari ekarria eginez, halaber batere ahantzi gabe sorterriarekiko atxikimendu eta maitasuna. Exektiboak ohar batean adierazi duenez, nafar gobernuburuak biziki eskertu zien kanpoko nafarrei Nafarroako kultura eta identitate ezaugarriak gorde eta zabaltzeko interesa eta engaiamendua.
Uxue Barkosek gogoan izan zituen bere hitzetan azken hilabeteetan euren kargua utzi duten Nafarroako Etxeetako presidenteak hainbat urtetan postu horretan egon ondoren, hala nola Barakaldoko Jose Manuel Echeverria Gutiérrez; Logroñoko Antonio Díaz de Cerio; Valentziako María Luisa Garay; Valladolideko Ana María Escribano; Gasteizko Marian Busto; Zaragozako Rosa Mari Ibáñez eta Arrasateko Puiko Ama Birjina Nafarroako Etrxeko presidente izan zen José Luis Lanaren alargunari, bakoitzari opàri bana emanez.
Urrunagotik eta adinik altuenarekin bertaratu zirenen artean, Argentinako Sandalio Monreal zegoen, 85 urterekin, luzaron Rosarioko Nafarroako Etxeko presidente izana. Nafarroako Muez-en jaio, urte t'erdi baino ez zeukala emigratu zuen Monrealek Argentinara eta bertan 17 urtez izan zen Rosarioko Nafarroako Etxeko presidente, baita zenbaitetan Nafar Etxeen Federazioko presidente ere. Bost dira Argentinan dauden Nafarroako Etxeak, Buenos Airesen, Rosarion, Mendozan, Bolivarren eta Mar del Platan; eta beste bat bada Txileko Santiagon.
Harrera ekitaldiaren ondoren, Barkosek Lekunberriko kaleetan egin zen txistorra eta sagardo dastaketa batean hartu zuen parte, trikitixaren musika lagun, eta herri kirol erakustaldi bat ikusi zuen udaletxe plazan.
Egunak bestelako ekitaldiak ere baitaratu zituen, tartean harrera bertaratutakoei eta laguntzea herriko kaleetan zehar txistulariekin, bertako abesbatza partaide izan zuen meza kantatu bat, sebidetasun bazkaria, berbeba herrikoia eta bisitaldia Astitzeko leizezuloetara eta Lekunberriko turismo leku nabarmenetara.