Donostia-San Sebastian. Amaitu berria den 2014ko irailean urrats berriak ematen hasi ginen, eta 2015 hasi berri honetan urrats horietan sakontzeko asmoa dugu. Berehala aurkeztuko dizkizugu, hilabete honetan bertan, pauso berriak.
Horren aurretik, eta urtero sasoi honetan egin ohi dugunez, San Sebastian egunaren [jai eguna egoitza nagusia dugun Donostia hirian] arteko denbora, barneko lanak egin eta urtea behar bezala abiatzeko oinarriak ezartzeko baliatuko dugu. Buletina ez da, beraz, urtarrilaren 21era arte argitaratuko.
Mila esker irakurle eta lagunoi zuen sostenguarengatik. Segidan, azken egunotan gure postontzira iritsi diren zorion gutun eta mezuetako batzuk bildu edo laburbilduko ditugu (soilik edo gehienbat emailez eta posta arruntez heldu zaizkigunak batu ditugu hona, barkatu Facebook edo sare sozialak erabili dituzuenei, hurrengoan horiek ere biltzen saiatuko gara). Urte berri on! eta gure agiantzarik onenak baita zuri ere, irakurle eta lagun!
Argentinako Villa Mercedesetik, San Luis probintzian, iritsi zaigu gaur bertan azkeneko postala, Echevarria María konpainiatik: "Une goxoetan, esker onekoa izatea; gaiztoetan, itxaropena areagotzea; egunero, ilusioa; eta beti, beti, zoriona. Urte Berri On!" hitzekin. Japoniako Tokiotik, hitzak Sho Hagio lagunarenak dira: Urte Berri Baketsua, zenbait hizkuntzatan adierazia: erdian euskaraz, eta alboetan ingelesez, espainjieraz, frantsesez, alemanez eta, jakina, japonieraz. Cordoba probintzia argentinarreko Rio Cuartotik, honela dio Gure Ametza Euskal Etxearen gurariak: "Onena opa diegu gure lagunei: Urte Berri oparo eta zoriontsua, bakea lagun", euskaraz eta gaztelaniaz.
Cordoba probintzia beretik atera gabe, Villa Maria herriko Euzko Etxeak "Zorionak eta Urte Berri On 2015" opa dizkigu, elebitara. Eta Buenos Aires hiriburutik, Euskaltours bidaia agentziak "Eguberri zoriontsua eta 2015 urte berri emankorra" desio digu gaztelaniaz. Buenos Aires probintzia hegomendebaldeko Coronel Pringles herritik, Juanita Zubizarretak "Zorionak! Gabon eta Urte Berri On!" opa dizkigu elebitara, bertako Eusko Biltzar euskal etxearen logopean. Eta Buenos Aires hiriburura itzuliz, Lagun Onak Koru Elkarteak "oso eguberri zoriontsua eta urte berri oparoa"ren agiantza luzatzen digu gaztelaniaz.
Estatu Batuetatik, New Yorketik hain zuzen, "Zorixonak!! Happy Holidays" mezua Euskadiren Estatu Batuetarako Ordezkaritzatik datorkigu, mikeldi baten argazkia lagun. Argentinako Arrecifes hiriko Euskaldunak Danak Bat euskal etxetik berriz, izarrez eta kolore gorriz eta biziz jantzitako pinu batek edertzen du "Eguberri zoriontsua eta Urte Berri On!" mezua euskara hutsean. Amaya Zenarutzabeitia euskal-venezuelarrak, berriz, Olentzero baten irudia baliatzen du ilusiorako bere deia egiteko, euskal hitzak gaztelaniaz azalduz. Iñaki Liceaga hernaniarrak, bere aldetik, bateriak kargatzeko deia egiten du, bizitza alaitasunez bustitzera deituz.
Ayacucho argentinarretik, hitzak Euskal Odola euskal etxean ezagutru genuen Fermina Mariezcurrenarenak dira, "Belengo Haurrak bakea, maitasuna eta batasuna ekar ditzan gure familia guztientzat" gurariarekin. Buenos Aires probintziako San Miguel herritik, Askatasunaren Bidea elkarte euskal argentinarrak "Eguberri on eta urte berri zoriontsua" opa digu euskaraz. Eta Gasteiztik, Veronica Domingo mardelplatatarrak Olentzero eta Mari Domingi igorri dizkigu bitartekari, bideoa eta guzti, opari askoren agiantzarekin. La Pampa erditik, 2015. urtean Argentinako Euskal Aste Nazionala bertan antolatuko duen Macachindik, Alazne Iruretagoyena lagunak, eguzkilorearen irudiarekin, elebitara bidaltzen dizkigu baita ere bere agiantza onak, "bihotz bihotzez".
Euskal Herria eta Kaledonia Berria lotzen dituen elkartetik, Noumeatik, postalak elurrezko hiru panpin txapel eta gerrikodun erakusten ditu, irribarretsu, "Gabon Ona eta Urte Berri On!" esaldiarekin. Eta Uruguaitik, Montevideoko Euskal Erria euskal etxeko lagunek, euskaraz eta gaztelaniaz dakartzate euren desio onak. Gauza bera, euskaraz "Eguberri Zoriontsu eta Urte Berri Arrakastatsua" esanez, Loretako Euskaldunak euskal etxekoek, Las Flores herri argentinarretik. Eta herrialde horretatik baita ere, Buenos Airestik beharbada, Ignacio Cloppet idazleak "Eguberri ona eta arrakastak 2015erako" opa dizkigu. Hiriburu federal beretik, Iparraldeko Euskal Etxeko lagunak ere elebitara idazten digute, Olentzeroren panpinaren irudia lagun, zorionez beteriko urtea desiratuz.
Gasteiztik, Arabako Dantzarien Biltzarrak hainbat dantzari biltzen dituen argazki batez agurtu eta ematen dizkigu zorionak. Gasteiz bertatik, #poziktibity kanpainako zorion postal batekin egiten du gauza bera Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburu Cristina Uriartek. Eta Hendaiatik, Mirari Manterolak, Mutxiko elkartearen izenean, taldeko kideak Ihauteri dantzak egiten agertzen diren argazkia hautatu du "Eguberri Zoriontsua, Urte Berri On Deneri" mezua igortzeko, elebitara euskaraz eta frantsesez. Argentinako Mar Chiquitatik --gogoratu hor jaio zela Jean Etchepare Bidegorri euskal idazlea, mirikua-- bertako Izatez Harro Euskal Etxeak Olentzeroren istorioa kontatzen duen mezua bidaltzen digu, jaiok elebitara zorionduz.
Espainiako Murtziatik, Murtziako Euskal Etxeak euskal etxeko gazteenak Olentzerorekin agertzen diren argazki batez, laguntzen du bere zorion desioa. Euskal Herriko Leioatik, Joseba Gotzon kantariak Euskal Futbol Selekzioaren argazkia bildatzen digu, 1915eko urtarrilaren 2an Kataluniakoaren kontra jokatu zuen partidakoa, izan ere Mendurren horri buruzko erakusketa zabalduko baitu "Amets bila" izenpean efemeridea betetzen den egunean bertan. Uruguaiko Montevideotik, Haize Hegoa elkartekoak, haur batek euren Eguberri Postalen XVII. Lehiaketan Olentzeroz eginiko marrazkia bidali digu, posta elektronikoz, baian baita posta fisikoz ere. Paranako Urundik euskal etxe argentinarretik Juan Carlos Borras presidentearenak dira agiantza onak.
Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxetik, "2015ak zoriona eta osasuna ekarri diezazuela" opa digute, elebitara. Eta Gipuzkoako Villabonatik, Mintzolako lagunena da "Zorionak eta urte berri on!" guraria. Villabona bertatik zuzentzen zaigu Bertsozale elkartea honako bertsoa daraman postalaz gerturatzen zaigu: "Lauaren agurrari bostak badarraio hitza beteta esan dakioke aio nahiz eta datorrena ia ez den jaio lan, sormen, irudimen, jardun eta saio zenbakiari hitzak jartzea zor zaio". Baionatik, Eusko Ikaskuntzako Eusko Diaspora proiektuak, aurten garatu dituen ekimenetako batzuen irudiekin osatu du Urte Berri On opatzeko postala.
Nafarroako Lesakatik, Euskal Artzainak Ameriketan elkartearen izenean mintzo zaigu Laura Igantzi, zorionak igorririk eta Ameriketara joan ziren euskal artzainen ezagutza eta lekua aldarrikatuz euskal gizartean eta kulturan. Donostiatik, Erein argitaletxeak ere zorionak helrazi dizkigu. Txileko Santiagotik, bertako Colectividad Vasca de Chileko presidentea den Rossana Arzarena da mezua. Lasartetik, SuBerri Akordeoi Taldearena. Eta Lizarratik, Estella.com.es webguneko Javier Hermoso de Mendozarena. Cordoba hiri argentinarretik bertako Gure Txokoa Euskal Etxea dugu agiantza igortzaile, bere 60. urteurrena ospatu duen 2014ari azken agurra emanik.
Buenos Airestik, Iparraldeko Euskal Etxeko Olentzero den Carlos Martinezek bere alter egoaren argazkia bidaltzen digu, Euskal Herriaren erabakimena gogoan. Eta hortixe, hiri porteño beretik, Aitor Alava dantzariak urteko laburpena egiten duen argazki bildumaz hrnitzen du bere mezua, Jorge Oteitzaren zenbait esaldiz edertua. Mexiko hiriburutik, Doin Komunikazioko Laura Gonzalez de Artazak zoriontsu egiteko deia luzatzen du bere mezuan lau hjizkuntzatan. Rosario argentinarretik, Luis Maria Barrandeguy-k bere agiantzak eta Euskaldun Hitza irratsaioaren urte hasierako agurra igortzen du. Donostiatik, Zineuskadiko Eder Etxebestek "2015 Zoriontsua eta irudimentsua opa dizuegu" diosku.
Estatu Batuetako San Frantziskotik, Evelyn Etcharren-ek "Eguberri eta Urte Berri on!!" opa dizkigu, muxu eta besarkadarekin batera, Gazteak Pilota programaren izenean. Gasteiztik, "Artiumek urte berri ona opa dizu" dio hiru hizkuntzez datorren Artiumen postalak, Rafael Albertiren esaldi hau gaztelaniaz: "Baina lurrean ez dago inor bakarrik dagoenik kantari ari bada (canción 37)". Astigarragatik, Intermezzoko Amaia Imazek zorion animatua bidali digu. Buenos Airestik, FEVA euskal etxeen federazioak topa egitea proposatu digu bere hitzetan, "Topa dagigun 2015a lan urtea izan dadin kulturaren eta herrien eskubideen alde. Euskal Herria eta Argentina gogoan" (geuk euskaratua). Eta Txileko Santiagotik, hizkuntza berean, bertako Nafarroako Etxeak ohiko zorion agiantza iragarle datorkigu.
Buenos Airestik, Euskadiren Argentina eta Mercosurrerako Ordezkari den Sara Pagolak "Osasuna, munduko ondasuna" aldarrikatzen du, honako esaldia gehiturik "2015ak zoriona eta osasuna ekarri diezazuela eta denon artean Euskadi eta Argentina - Mercosur elkartzen jarraitu dezagula". beherago gaztelaniazko itzulpena emendaturik; hori guztia bertako Euskal Echea eskolako 9 urteko Catalina Iwazewiz-en marrazki margotu saridunak lagunduta, ikurrinaren eta bandera argentinarraren koloreak daramatzaten bi bihotz handi agertuz be herriok hurreratzearen adierazgarri. Donostiako Estrategia 2020 bulegotik, Kepa Kortak bidalia da izaia osatzen duen agiantza on sorta. Eta Lapurdiko Uztaritzetik Euskal Kultur Erakundetik datorkigu Horra, horra gure Olentzero kantatzen duen mezua.
Leioatik, zorion mezua Agirre Lehendakaria Center-ena (ALC) da. Eta Uruguaiko San Jose herritik, San Joseko Euskaldunak Euskal Etxeak eskerrik asko esan eta datorren urtean elkarren lankide izaten segitzeko desioa luzatzen dute. Eta Iruñetik, Lokarri erakundeak 2015a lekukoa emateko urtea izango dela esaten digu. Bilbon Txileko Ohorezko Kontsula den Iratxe de Madariagak ere hiru hizkuntzatan bidaltzen dizkigu bere desio onak. Buenos Airestik ere dagokiona desio digu Mariana Satosteguik. Eta Gasteiztik Fernando Buesa Fundazioak, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Kherau musika taldekoen mezua, berriz, "Zorionak eta urte barri on Kherauren partez! Zuei eta kanpoan dauden euskaldun orori!".
Eta hona ekarriko dugun gaurko azken zorion mezua, NABOren Astero buletinetik datorkigu, urteko lehenengo zenbakiari. Ostegunero norberaren postontzira kitorik bialtzen dute, Urte Berri Ona desiatzearekin batera, berez Bizkaikoa den kantu baten berri ematen dute, esan bezala oso ezaguna Bizkaiko hainbat herritan, baina Ipar Ameriketan ere bere bidea egina duena, gogoz kantatu izan baita sasoi honetan. Guk hala jaso genion orain hogei bat urte, Nevada eta Oregoneko mugan dagoen MacDermitt herrian, bertan jaiotako Juanita Albisuri (1918-2001). Honela dio kantuak bere lehenengo partean: Urte barri / txarri belarri / dekonak emon ez dekonari / nik ez dekot eta niri.
Besarkada bero bat eta urtarrilaren 21era arte!