euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mikele Irazusta, euskal-argentinar tenislaria: 'Erabiltzen dudan euskal esamolde bat "beti aurrera!" da'

2009/05/11

Mikele Irazusta partida batean (argazkiak MikeleIrazusta/EuskonewsGaztea)
Mikele Irazusta partida batean (argazkiak MikeleIrazusta/EuskonewsGaztea)

PUBLIZITATEA

Mikele Irazusta Bahia Blanca hiri argentinarrean jaio zen 1993an eta 16 urterekin etorkizun handiko tenislaria da, Argentinako onenen artean. Aurten ITF-ko (International Tennis Federation) 18 urtekoen junior zirkuitoan lehiatuko da, ranking-a osatzeko puntuak eskuratzen hasteko. Euskonews Gaztea aldizkari elektronikoak jarraian laburbiltzen dugun elkarrizketa egin dio.

Bahia Blanca, Argentina. Zuriñe Velez de Mendizabal kazetariak Euskonews Gaztea aldizkari elektronikorako elkarrizketatu du Mikele Irazusta tenislari argentinarra: gaztea, bere kirolean puntakoa eta euskal argentinarra, Bahia Blancako neska honek badu zer kontatu.

Mikele lau urterekin hasi zen tenisean, Ronaldo Fernandez aitonarekin. Amaren familian tenislari asko daudela azaltzen du gazteak. 16 urterekin Argentinako eta nazioarteko hainbat titulu eskuratu ditu dagoeneko eta oroitzapen onenen artean hamabi eta hamalau urterekin lorturiko arrakastak aipatzen ditu: 'hamabi urterekin Quiton (Ekuador) txapeldun irten ginen. Gero, 14 urte nituela, Boliviako La Pazen txapeldunorde geratzea ere esperientzia ederra izan zen'.

Ikasketak eta tenisa uztartzea orain arte erraza izan dela onartzen du, baina gero eta bidaia gehiago egin behar dituenez, gauzak estutzen ari zaizkiola azaltzen du: 'lehen baino askoz ere gehiago bidaiatu beharko dut eta ezin izango naiz ia inoiz eskolara joan. Hala ere, nire asmoa, hirian nagoen bakoitzean klasera joatea da eta ikastetxearen laguntzarekin, urte amaieran nire kabuz gaindituko nituzke irakasgaiak'.

Reggaeton-a motibatzeko

Partida bat jokatu aurretik duen mania bakarra, motibatzeko reggaeton musika entzutea dela azaltzen du, eta miresten dituen idoloen artean tenis jokalari ezagunak aipatu baino, gurasoak dakartza gogora, euren babesa ezinbestekoa duelako ordu eta sakrifizio asko exigitzen dizkion kirol honetan aritzeko.

2009an jauzi handia egin du Mikelek: 'Aurten kategoria bat aurreratzea erabaki nuen, modu horretan handienekin jokatzeko aukera izateko eta 18 zein profesional kategorietan aurreneko puntuak batzen hasteko. ITF –Nazioarteko Tenis Federazioa– rankinean ahalik eta gehien aurreratu nahiko nuke, datorren urteko COSAT –Hegoamerikako Tenis Konfederazioa– biran postu hobean egoteko eta bide batez, junior mailako Grand Slametan parte hartzeko'.

Gaztetan dantzari euskal etxean

Tenisean buru-belarri sartu aurretik Mikelek dantzarako astirik ere bazuen eta Bahia Blancako Euskal Etxeko dantza taldean aritzen zen: 'Oso talde ederra da eta lehiatzen naizen bakoitzean beraien babesa daukadala pentsatzeak izugarri pozten nau!', dio. Euskal Herria ezagutzeko gogo handia duela ere aitortzen du eta euskaraz jakin ez arren, sarri erabiltzen dituen hitzen artean ama, aita, amona, aitona, zorionak eta beti aurrera aipatzen ditu.

Elkarrizketa osoa, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia