euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mikeldi gastronomia elkarteak bost urte bete ditu euskal sukaldaritza Mexikon ezagutarazten

2008/12/17

Mikeldiko kideak DFko Euskal Etxeko txokoan egin zuten lehen batzarrean (argazkia Vascosmexico.com)
Mikeldiko kideak DFko Euskal Etxeko txokoan egin zuten lehen batzarrean (argazkia Vascosmexico.com)

PUBLIZITATEA

Mikeldi Elkarte Eno-Gastronomikoa duela bost urte sortu zen, 'ardo ona, goi mailako gastronomia eta elkarbizitza' sustatzeko asmoarekin, eta denbora honetan Mexikoko euskal komunitateko kide dexente bildu dira taldera. Joan den azaroaren 27an taldeak lehendakari berria aukeratu zuen --Alvaro Mier-- eta datorren urtera begira orain arte egindako bazkari eta afarietako plater arrakastatsuenen errezetak liburu batean biltzeko asmoa agertu dute.

Mexiko DF, Mexiko. Mikeldi gastronomia elkarteak 5 urte bete ditu eta data borobila ospatzeko asmoz elkarteko 5. Batzar Orokorra egin zuten kideek joan den azaroaren 27an. Batzarrean Alvaro Mier lehendakari berri bezala aukeratu zuten eta urtemuga afari batekin ospatu zuten. Oraingoan Gregorio Blasco Jr. izan zen sukaldaria.

Batzarrean onartu zen beste ekimena urte hauetan arrakasta gehien izan duten errezetekin liburu bat egitea izan zen. Liburuan agertu daitezkeen errezeten adibide bezala, Mikeldiko kideek 2008an azpimarragarriak izan diren plater batzuk aipatu zituzten: 'Mier jaunaren otarrainxkak ikatz-suan erreta, Bernardo Migueltorena jaunaren arkumea nafar erara, J.A.Ruiz de Azúa jaunaren arrautza hautsiak eta haragia ardoarekin, Mikel Merodio jaunaren xolomoa bere zukuan edo Julen Garritz jaunaren txipiroi beteak', besteak beste.

Mikeldi elkartea ardo ona eta goimailako gastronomia sustatzeko helburuarekin sortu zuen, Mexikoko euskal komunitateko lagun talde baten eskutik: Jon eta Mikel Merodio, Josu eta Julen Garritz, Bernardo Migueltorena eta Gregorio Blasco, besteak beste. Lehen urtean Josu Garritz izan zen lehendakaria eta Jon Merodio diruzaina. Urte hauetan elkartearen kide kopuruak gora egin du, bazkari on eta bazkalosteko solasaldi biziek erakarrita.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia