euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mikel Gartziarena hizkuntzalaria: "Bereziki harritu nau galestarrek gure herri eta hizkuntzari buruz zenbat eta zein ongi dakiten"

2024/12/10

Galesko ‘Alan R. King’ katedrak antolaturik Galesko Liburutegi Nazionalean eman zuen Mikel Gartziarena hizkuntzalariak hitzaldi bat
Galesko ‘Alan R. King’ katedrak antolaturik Galesko Liburutegi Nazionalean eman zuen Mikel Gartziarena hizkuntzalariak hitzaldi bat

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Duela bi urte inauguratu zuten Aberystwyth-en Etxepare Euskal Institutuak eta University of Wales Trinity Saint David unibertsitateak ‘Alan R. King Euskal Ikasketa katedra. Zarautzen (Gipuzkoan) bizi eta zendu zen Alan R. King hizkuntzalari britaniarraren omenezko katedrak soziolinguistika eta hizkuntza politika dauzka ikergai eta urtero joaten da Euskal Herriko aditu bat bertara ikerlana egitera. Mikel Gartziarena hezkuntza elebidunean aditua izan da aurtengo hautatua eta sei asteko egonaldiaren ostean balantze on-ona egiten du eskarmentuaz.

EuskalKultura.eus-ekin hizketan, Donostiako Loiolako hizkuntzalariak onartzen du aspaldiko guraria zuela Galeseko egoera linguistikoa sakonago ezagutzea: “Parekotasun handia dugu Galesen eta Euskal Herrian egoera soziopolitiko eta hizkuntzaren berreskuratzeari dagozkion dinamikei begira. Beraz, esan dezaket Galeseko errealitatea bertatik bertara ezagutzeko jakinminakeraman ninduela ikerketa-proiektua idatzi eta “Alan R King Research Vacancy” deialdira aurkeztera”, diosku.

“Hego Euskal Herriko irakasleen jarrera linguistikoak eta hizkuntzak irakasteko ikuspegiak izan dira tesiko ikergaiak, eta horri buruz idatzi nuen nire proiektu-proposamena. Kasualitateak zer diren, epe horretan “Language and Education Act 2050” delakoa aurkeztear ziren, hizkuntzaren transmisioa giltzarri eta murgiltze eredutan aitzina egiteko proposamena biltzen dituena, milioi bat hiztun potentzial izateko helburuarekin. Galestarren arrapostua oraingo eta etorkizuneko irakasleak formatzea izaki, hezitzaileen jarrera linguistikoen gaia bereziki interesatzen zitzaien”, azaltzen du..

Sei asteko egonaldiari dagokionez, “bikain joan da alor guztietan” dio komentzimenduz. “Akademikoki, galestarrarekin engaiatutako makina bat ikerlari, irakasle, ikastetxe eta hizkuntzarekin harremandutako profesionalak topatu ditut; aukera izan dut beraiekin bi errealitateoz hitz egiteko eta beren lanetan egiten ari diren ekarpenak ezagutzeko. Oso aberasgarria izan da; bi aldeon arteko konparazioak egiteko eta galesa eta baita euskara ere hobeki ezagutzeko aukera ederra”.

Euskara Galesko Liburutegi Nazionalean

‘Alan R. King’ katedra antolatzaile, bi ekitaldiren protagonista izan zen ikertzaile loiolatarra Galesko Liburutegi Nazionalean. Urriaren 24an "Pre- and in-service teachers ´ language attitudes towards Basque" izeneko hitzaldia eman zuen eta urriaren 25ean, euskarari buruzko tailer bat egin. “Hizkuntzaren transmisioarekin biziki engaiatutako komunitatea topatu dut, interes handia duena Euskal Herriko irakaskuntzan irakasleek dituzten jarrera linguistiko eta irakaskuntza-ikuspegiei buruz. Bereziki harritu nau gure herriari buruz eta bereziki euskarari buruz zenbat eta zein ongi dakiten".


Mikel Garziarenarekin, mintegian parte hartu zuten irakasle, ikerlariak eta Galesko hizkuntza politikari Elin Jones.

"Online 60 bat lagunek jarraitu zuten hitzaldia eta aurrez aurre 30 batek. Hitzaldia amaitu eta 10 minutuko tartea aurreikusi genuen galderetarako baina 45 minutura luzatu zen... Interes itzela dute Euskal Herriarekin, eta mirestu ninduen zein galdera zehatzak egiten zituzten gure testuinguruaz, gero eurenera egokitu eta aplikatze aldera. ‘Language and Education Act 2050’ oso presente dute, eta jakitun dira normalizaziora bidean momentu erabakigarria dela”.


Mikel Gartziarena, egonaldian bere zuzendaria izan zen Elin Haf Gruffydd Jones irakaslearekin

Planak Gales iparraldera

Esperientzia gogoangarri honen ostean, jadanik ari da lanean Gartziarena Galesko eta Euskal Herriko adituen arteko harremanbideari eusten. Izan ere Galesko ipar-mendebaldeko Bangor hiriko ikerlariekin hamar bat eguneko egonaldia ari dira antolatzen, martxo-apiril aldean, hango ikastetxeak bisitatzeko, mintegiak antolatu eta Galesko Iparraldeko errealitatea sakonago ezagutzeko.

“Hori epe motzean. Etorkizun urrunago bati begira, ederra izango litzateke ikerketa-egonaldi luzeago bat egitea eta hain engaiatuak diren ikerlariekin ikastea. Parekotasun ugari ditugu bi herriok, eta normalizaziorako bide antzekoak urratu beharko ditugu, globalizazioak eta politika neoliberalek gureak bezalako herriei dakarzkien ziurgabetasun eta mehatxuen aurrean. Batera eta elkar babestuz beti da errazago aitzina egitea, ezta?”

- Mikel Gartziarena Xn: mikgartziarena



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia