euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mikel Ezkerroren hitzaldi batek abiatu ditu Buenos Airesko Iparraldeko EEaren 115. urteurreneko ekitaldiak

2010/04/27

Mikel Ezkerro Iparraldeko Euskal Etxearen 115. urteurreneko hitzaldia ematen apirilaren 21ean Buenos Airesko Moreno kaleko euskal egoitzan.
Mikel Ezkerro Iparraldeko Euskal Etxearen 115. urteurreneko hitzaldia ematen apirilaren 21ean Buenos Airesko Moreno kaleko euskal egoitzan.

PUBLIZITATEA

Euskal-argentinar historian aditua den Mikel Ezkerroren hitzaldi batek abiatu zituen joan den asteazkenean Buenos Airesen, hiriburu argentinarreko Iparraldeko Euskal Etxearen 115. urteurreneko ekitaldiei. Ezkerro XIX. mende hondarreko Iparraldeko giroa aipatzetik hasi zen, bertatik Argentinara immigratzeko arrazoiak eta zergatiak aipatzeko, eta beraz 1895ean ofizialki Centro Vasco Frances izena hartu zuen erakundearen sorrera ekarriko zuten zioetako batzuk gogoratzeko. Aipatu zuen ibilbidea elkartearen egungo Kultura Azpibatzordearen lana zinez laudatuz bukatu zuen, azken urteotan euskal kultura biziberritzen eta erakundeari kultur bizitasuna ekartzen eta bizkortzen egiten ari den ahalegin etengabea aitortuz eta eskertuz. Datozen egunetan baieztatuko da 115. urteurrena ospatzeko gainerako ekimenen data, tartean ohiko senidetasun afariarena.

Buenos Aires, Argentina. Joan den asteazkenean, apirilaren 21ean, ekin zitzaion euskal kultura gaiei buruzko aurtengo hitzaldi sortari Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxearen Moreno kaleko egoitzan, izan ere Mikel Ezkerrok "Iparraldeko Euskal Etxearen sorrera, aurrekariak" gaiari buruz eman zuen hitzaldiarekin, elkartearen 115. urteurreneko programaren barne.

Jende multzo polita bildu zen erakundeko Kultura Aretoan gauzatu zen ekimenera, tartean Enrique Aramburu lizentziatua, bazkide eta lagunak, eta baita Etxea sortu zutenen bilobaren bat ere.

Hizlaria XIX. mende hondarreko euskal gizarteaz mintzatzen hasi zen, Iparraldeak orduan bizi zuen egoera aipatuz, eta euskal eskualdeak neurri handi batean hustu zituen emigrazioaren testuingurua eta zergatik aipatuz; nola eman zen emigrazio hori, nola argentinaratu eta hona etorririk zer nolako lanetan ibili ziren euskaldunak, gogora ekarriz baita ere arrakasta lortu zuten euskaldun horietako batzuren izenak, hala nola Pedro Luro, Martin Errecaborde edo Iparraldeko Euskal Etxeko sortzaileetakoa eta lehenengo presidentea izan zen Jean Pierre Passicot.

Hasierako urte gogorrez mintzatu zen, eta erakundearen sendotzeaz. Gaur eguneraino iritsi zen eta hor hitz laudagarriak izan zituen elkartearen egungo Kultura Azpibatzordearekiko, balio handia emanez eta aitortuz euskal kultura berreskuratzen eta sustatzen garatzen duen etengabeko lana, euskal etxea sortu zutenen maitasun berarekin euskal kultura eta Euskal Herriarengan, esan zuen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia