euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mikel Ezkerrok mintzaldia eskaini du Chacoko Gizakiaren Museoan, Kotoiaren Lurra EEak antolaturik

2008/10/13

Ezkerrean Mikel Ezkerro, eta eskubian Chacoko Kotoiaren Lurra Euskal Etxeko lehendakari den Jose Christian Echavarria, hizlariaren aurkezpena egiten
Ezkerrean Mikel Ezkerro, eta eskubian Chacoko Kotoiaren Lurra Euskal Etxeko lehendakari den Jose Christian Echavarria, hizlariaren aurkezpena egiten

PUBLIZITATEA

Mikel Ezkerro hizlari ezaguna Chaco probintzia argentinarreko Resistencia hiribururaino iritsi da hilabete honetan, urriaren 4ean Chacoko Gizakiaren Museoan hitzaldia eskaini duelarik bertako Kotoiaren Lurra Euskal Etxeak gonbidaturik. Ezkerrok euskaldunei eta euren historia eta kulturari buruzko gainbegirada eskaini zien hitzaldira bertaratutakoei, Diaspora eta euskal argentinarrak ere aipaturik.

Resistencia, Argentina. Chacoko hiriburuan egoitza duen Kotoiaren Lurra Euskal Etxeak gonbidaturik, 'Pasado, presente y futuro del Pueblo Vasco' (Euskal Populuaren iragana, oraina eta geroa) izeneko hitzaldia eman zuen joan den urriaren 4ean, ostirala, Mikel Ezkerro hizlari ezagunak Resistenciako 'Chacoko Gizakiaren Museoa' delakoan. Jende multzo polita bildu zen, euskaldunez eta euren hizkuntza eta kulturari buruzko jakinminak bultzaturik.

Euskaldunei buruzko aurkezpen orokor bat izan zen Ezkerrok eskaini zuena, izan ere horixe baita Argentina barnealdeko herrietan galdegiten duten hitzaldi mota --bertako euskal etxeetako bazkideen artean ere--, euskaldun sentitzen baitira, baina euskal kulturari buruzko ezagutza maila sarritan ez baitoa bat euren sentimenduaren maila edo azkardurarekin.

Diasporaren garrantzia

Euskal Herria eta euskal kultura geografikoki kokatu ostean, Diasporak euskal kulturarentzat izan dezakeen garrantzia aipatu zuen Ezkerrok, Pirineoen magaleko Euskal Herrian orotara hiru milioi pertsona bizi badira, soilik Argentinan datuek 3,5 milioi jende euskal jatorriduna dagoela esaten baitute, adierazi zuen hizlariak.

Ezkerrok, "herri irekia" gisa aipatu zituen euskaldunak, azpimarratuz historian zehar herri asko pasatu direla euskal lurraldetik, eta euskaldunek heiengandik ikasi eta kultura horietako eragina jaso dutela, hori bai "euskal sena eta Euskal Herria Euskal Herri egiten duten ezaugarriei eutsiz".

Gazteen engaiamendua lortzea

Ezkerroren hitzaldia gaur eguneraino heldu zen, eta besteak beste indarkeriaren aipu ere egin zuen, pertsonalki gaitzetsiz egun Euskal Herrian oraindik indarrean den indarkeria politikoa. Aldi berean, euskal herritarren erabakimena eta euren geroa erabakitzeko eskubidea aldarrikatu zituen, adieraziz, euskaldunek daukaten ezaugarri bat sinesten duten horretan tematiak izatea dela, "zerbait lortu nahi badute, denbora gehiago ala gutxiago hartuko dute, baina lortuko dute", esan zuen.

Argentinako eta munduko euskal etxeek dauzkaten erronka nagusien artean gazteak erakartzearena nabarmendu zuen, baita ere euskal deitura daukaten eta euren jatorrizko kulturarekiko loturarik ez daukaten jende multzo handi horrengana iristea.

LOTURA INTERESGARRIAK

Chacoko 'Kotoiaren Lurra' Euskal Etxea
www.ecomchaco.com.ar/centrovasco



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia