euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mikel Ezkerro hizlari Resistencian, Chacoko Gizakiaren Museoan, 'Euskal erakundeak Argentinan' gaitzat hartuz

2009/09/07

Mikel Ezkerroren hitzaldia Resistenciako Chacoko Gizakiaren Museoan. Bere aurkezpena EEko lehendakari Jose Christian Echavarriak egin ondoren eman zuen Ezkerrok.
Mikel Ezkerroren hitzaldia Resistenciako Chacoko Gizakiaren Museoan. Bere aurkezpena EEko lehendakari Jose Christian Echavarriak egin ondoren eman zuen Ezkerrok.

PUBLIZITATEA

Chaco probintzia argentinarreko Resistencia hiriburuko 'Chacoko Gizakiaren Museoa'k harrera egin zion joan den ostiralean, irailaren 4ean, euskal-argentinar kultura eta egitatearen ikerle Mikel Ezkerrok 'Euskal erakundeak Argentinan' gaiaz eskaini zuen hitzaldiari. Bertaratu zirenen artean Resistencia bertako 'Kotoiaren Lurra' Euskal Etxeko agintari eta bazkideak, eta euskal komunitateaz interesatutako jendea oro har.

Resistencia, Argentina. Hitzaldia joan den ostiralean gauzatu zen, Chacoko Gizakiaren Museoak (Museo del Hombre Chaqueño) Resistenciako Juan B. Justo 280 helbidean daukan egoitzan. Chacoko historiaz arduratzen den erakundea da, izan ere, Museoa, eta bertako gizartea eta errealitatea osatu duten zati eta eragin aborigen, kriollo eta immigrazio europarrari eskainitako atalak dauzka. Hitzaldiratutakoen artean 'Kotoiaren Lurra' Euskal Etxeko agintariak eta bazkideak eta, oro har, gaiaz interesatutako hamarnaka jende batzuk ikus zitezkeen.

Luzatu zituen hitzetan, Ezkerrok euskaldunek Argentinan izan duten presentzia aztertu zuen, arreta berezia ezarriz 1877tik ondorengoari buruz, urte horretan sortu baitzen Buenos Airesen Laurak Bat Euskal Etxea, Argentinako euskal etxeetan zaharrena dena. XIX. mendean euskal etxe gehiago sortuko ziren herrialde osoan eta joera horrek --gorabeherekin-- segituko zuen XX. eta XXI. mendean, gaur egun Argentina osoan dauden ehun bat euskal etxeetara iritsi arte. Mintzaldia bukatuta, opariak eman zizkioten hizlariari Marianela Echavarria eta Luz Monti Arrasatek --'Kotoiaren Lurra'ren idazkaria eta diruzaina, hurrenez hurren-- euskal etxearen izenean.

Mikel Ezkerro 1938ko maiatzaren 7an jaio zen Rawson herrian, Buenos Aires probintzian. Urte bete zeukala Euskal Herrira aldatu zen, familiarekin, eta hamaika urtean egin arte bertan bizitu zen, ondoren Argentinara itzultzeko. Lehenengo eskola Bilbon egin zuen eta batxillerra, berriz, Buenos Airesen. Historiarekiko joera izan duen pertsona izanik, euskal eta euskal-argentinar historia bereziki landu izan ditu. Urteak dira dibulgazio lanetan ari dela Argentina osoko euskal etxeetan, eta hitzaldi-hitzaldi herrialdeko gehienak ezagutzen ditu. Eusko Jaurlaritzak Urazandi bilduman argitara eman zuen Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxearen historia liburuaren egilea da.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia