euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mikel Ezkerro: “Ipar eta Hegoaldeko euskaldunak herri berekoak direla Argentinako deserrian konturatu ziren”

2014/02/17

Mikel Ezkerro Guk dokumentalaren momentu batean (argazkia: www.guknosotros.com).
Mikel Ezkerro Guk dokumentalaren momentu batean (argazkia: www.guknosotros.com).

PUBLIZITATEA

Iker Blas kazetariak Argentinatik blogean Mikel Ezkerrori elkarrizketa egin dio. Ezkerro Argentinako euskal diasporako kide ezaguna da eta urteak daramatza euskal kulturari buruz dakien guztia --eta ezta gutxi-- zabaltzen bertako euskaldun eta euskaltzaleen artean. Gizon nekaezina, Argentinako euskal etxe gehienetan izan dela apustu egingo genuke, hitzaldiren bat ematen, lagunak bisitatzen edo euskal kultura zabaltzen. Jarraian Iker Blasen elkarrizketa jaso dugu.

Iker Blas/Argentinatik bloga. Mikel Ezkerro historialaria Argentinako euskal kolektibitateko kide ezagunetako bat da. Duela urte batzuk Buenos Airesen, Iparraldeko Euskal Etxean eman zuen hitzaldi batean ezagutu genuen elkar. Bere hitz-jarioa, grina eta Argentina eta Euskal Herriko historiaren jakintzak txunditu ninduten. Ordutik, aukera dudan bakoitzean berarekin kafe bat hartu eta solasean ibiltzen gara.

Gaur Buenos Airesko Primera Junta plazaren ondoan dagoen kafetegi batean geratu gara. Mikel etorri bitartean, leihotik usoz betetako plaza zelatatzen nabil. Han azal beltzareneko lauzpabost urteko mutiko bat hankutsik, usoen atsedena zapuzten dabil irribarretsu. Haur horren duintasun eta poz berberakin eutsi diogu solasaldiari.

-Nola definituko zenuke Argentinako euskal diaspora?

Talde etniko ezberdinak biltzen dituen gizatalde heterogeno bat da. Ez dezagun ahaztu, Argentina, AEBak bezala, estatu plurietniko bat dela. Gure nortasun euskaldunari dagokionean, Ipar Euskal Herritik 1914 arte, eta Hego Euskal Herritik 1950 arte, izan ziren emigrazio fenomenoen batuketa da.

-Argentinako euskal gizatalde hori zenbat lagunek osatzen dute?

Nire ustez, Argentinako 40 milioi biztanleetatik %9ak ditu euskal jatorriak. Portzentai hori hiru multzotan sailkatu dezakegu: batetik bere jatorria ezagutzen ez duten pertsonak ditugu, bestetik bere jatorria ezagutu arren garrantzirik ematen ez diotenak eta azkenik, modu batera edo bestera euskal nortasuna bizi eta zabaltzen dutenak.

-Zein diasporatik ikasi beharko luke Argentinako euskal kolektibitateak?

Armeniarretik. Hemen Argentinan, beraien hizkuntza mantetzen jakin duten gizataldeetako bat dira (guk ere lan handia egin dugu hizkuntza mailan), horrezgain belaunaldi berriei euren kultura, historia eta geografia irakatsi diete. Gure kolektibitatean askotan ez dakigu Euskal Herria non geratzen den ere. Horregatik eta niregatik izango balitz, euskal etxe guztien paretean Euskal Herriko mapa bat egon beharko litzateke.

-Zer beharko luke hortaz Argentinako euskal diasporak bere funtzionamendua hobetzeko?

Hiru oinarri funtsezko proposatuko nituzke: lehena, argentinarrek soberan dugun sentimendua; bigarrena, euskal kulturan formakuntza (historia eta politika); eta hirugarrena, informazioa eta jakintza. Gakoa beraz, jendea euskal munduarekin konprometitzean datza.

-Zein da emakumeen papera Argentinako euskal kolektibitatean?

Emakumeak Argentinako euskal diasporaren erreserba nagusia dira. Euskal etxeen ekintzetan emakumeen parte hartzea gizonena baino handiago da. Euskara irakasleen kasuan gainera, gehienak emakumeak dira. Lorpen hori Euskaltzaleak (Euskal Herritik kanpo euskalduntzeko sortu zen lehendabiziko erankundea) eginiko lan apartari zor diogu.

Punta del Este

[Euskal Herria kalea Punta del Esten, Uruguain (argazkia Iker Blas)]

-Argentinan euskaldunek normalean ez dugu azaldu behar nortzuk garen baina nola ikusten gaituzte?

Argentinarrentzat Euskal Herria ulertzen ez duten herri bat da, gehiegitan separatismoarekin harremantzen dutelako. Baina gu ez gara serparatistak, guk Euskal Herriaren batasuna nahi dugu. Euskal Herrian ez duzue historiaren pasarte hau ondo ezagutzen baina Iparraldeko eta Hegoaldeko euskaldunak herri berekoak direla Argentinako deserrian konturatu ziren. Aipatzen dudanaren adibidea da, Rosarion 1912an sortu zen Zazpirak Bat euskal etxea.

Elkarrizketa osoa, Argentinatik blogean.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia