euskal diaspora eta kultura
2013/01/02
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Urte anitz daramatza Mikel Ezkerrok Argentinako euskal diaspora lanetan eta gertakari ugariren lekukoa izan da. Ez da bera, ordea, inoiz historiari begiratzera mugatu; ekintzak, euren arrazoiak eta ondorioak ere ikertu baititu Argentinan jaio (Rawson, 1938), gaztetxotan Bilbon hazi eta gaztetan ostera ere Argentinara etorririk hasi berria den urte honetako maiatzean 75 urte egingo dituen Ezkerro. Ikasteko gosearekin batera, ezagunpenak zabaltzeko grina ere izan du eta erakunde askotako kide eta laguntzaile izan da. Inor gutxik erakuts dezakeen marka dauka, Argentinako laurogei bat euskal etxe bisitatu baititu, hitzaldiak eskainiz eta ekitaldietan parte hartuz. berak dioen bezala, 'ereinez'. Hori guztia gogoan, galdera batzuk luzatu dizkiogu.
-Zergatik da interesgarria euskal jatorridun batentzat Euskal Herriaren historia ezagutzea?
-Interesgarria izateaz gain, nik uste dut oso baliogarria dela. Bere historia ezagutzen ez duen herri batek ezin izango du inoiz bere oraina ulertu ezta bere etorkizuna irudikatu ere. Euskal Herriaren kasuan,luzaz bereak ez diren bi historia irakatsi izan zaizkio eta horren ondorioz orain bere Historia ezagutzeko grina dauka. Nik beti pentsatu izan dut euskal sentimenduari Euskal Herriari buruzko ezagutza gehitu behar zaiola, oinarrizko ezagurza bederen, geografia ala historia arloetakoa, adibidez.
-Zertarako gaur egun euskal etxeak?
-Nire ustez, euskal etxeak tresna egokienak dira gure aberri argentinarrean euskal kultura ezagutu eta zabaltzeko, eta euskal kulturan murgilduta bizitzeko. Eta euskara, euskaldunak egiten gaituena, gero eta euskal etxe gehiagotan irakasten da; horrek ere zentzu handia ematen die euskal etxeei.
-Argentinako hainbat euskal etxeren sormen eta garapenaren lekukoa izanda, zer nolako aldaketa ikusten duzu azken urteetan erakunde hauetan?
-Nik Argentinako 79 euskal etxe ezagutzen ditut eta horietako asko azken 30 urteotan sortuak dira. Denboraren poderioz honako aldaketa hauek ikusi ahal izan ditut:
Euskal Herrian bertan jaiotako kideak gero eta gutxiago dira eta etxe askotan ez dago ezta bat ere. Euskal etxeetako kideak, beraz, argentinarrak dira, euskal jatorrizko argentinarrak, eta euskal jatorri hori Iparraldean zein Hegoaldean daukate.
Euskal etxe zaharretan zein berriagoetan euskararen presentzia handituz joan da. Datu hau oso garrantzitsua da kantitate nahiz kalitatearen aldetik.
Oso pozgarria den beste datu bat emakumeekin dago lotuta. Emakumeek gero eta leku garrantzitsuak irabazi dituzte euskal etxeetan, batzordeetan, eta dudarik gabe, kultur ekintzetan. Hau batez ere 1983. urtetik aurrera jaio ziren euskal etxeetan ikusten da.
Ondo aztertu behar den beste kontu bat gazteen partaidetzarena da, haien aukera zuzendaritza batzordeetako karguak hartzeko. Zorionez kontu hau aldatu egin da erakunde askotan eta ondo legoke aldaketa hori beste erakunde askotara zabaltzea. Oso garrantzitsua litzateke euskal etxeetan txikien taldeak sortu eta mantentzea. Kezka nagusien artean beharko lukete agintariek.
Ona baino hobea da euskal etxe asko euren tokiko komunitateen baitan txertatuta daudela ikustea. Euskal etxeak gizarteko zati aktibo eta laguntzaile bihurtu dira eta hoirtxe garatzen dute euren lana eta ezagutarazten euskal nortasuna, kultur eta nazio mailan.
-Behar baino gehiagotan ikusten ditugu euskal etxeetan banaketak eta zatiketak eta ondorioz, komunitate txikietan ere euskal etxe berriak sortzea. Egoera hori, ona da, aniztasuna bultzatzen duelako? Edo indarrak kentzen dizkio euskal diasporari?
-Banaketak mingarriak izan ohi dira eta ondorioak dakartzate. Gertatu aurretik ezinbestekoa da solasa eta bi aldeak gizalegez jokatzea. Hala ere banaketa gertatzen bada, batzuetan denborak gauzak bideratu eta bolada labur edo luze baten ondotik berriz ere elkarretaratzea etor daiteke, badaude horren adibide batzuk. Hala ere, elkarren arteko errespetua oinarrizkoa da, eta hala eta guztiz ere egoerak zatiketara eramaten badu, ezin izango da ukatu errealitatea.
-Zer ekartzen dute euskal etxeek? Zer ekartzen dio Argentinako Euskal Diasporak Euskal Herria eta Argentinari?
-Euskal diasporak, eta nik Argentinako euskal diasporari buruz hitz egin dezaket, ekarpen handiak egin ditu lehen eta baita gaur ere, nahikoa da Immigrazioaren Aldeko Batzordea aipatzea. Gaur egun euskal gizon-emakume ugarik euskal kultura, nortasuna eta herria aldarrikatzen dute. Argentinar horiek Argentinatik bizirik mantentzen dute euskal kultura eta Euskal Herriaren identitatea, eta errealitate hori eruen seme-alabei, argentinarrak hauek ere, transmititzen diete. Bizirik eta bizi-bizi segitzeko eta jarduteko eskubidea duen kultura bat bizirik egoten eta biziarazten laguntzen dute. Horrez gain, euskal herritarrek bakean, askatasunean eta justizian erabakitzeko eskubidea lortu dezaten ere laguntzen dute.
Zer ematen dion euskal diasporak Argentinari? Hori erantzuteko Juan Bautista Alberdiren hitzak nireganatuko ditut: “Gure gurasoen existentziaren berri emateak gu garenaren erdia adieraztea du”. Egunerokotasunean, euskal diaspora osatzen dugunok gure argentinartasuna ere islatzen dugu. Hau da, herri eta kultur anitzek osatutako herri baten nortasuna.
-Euskal Herritik etorri ziren immigranteek langiletasun eta zintzotasun ospea zuten; izan ere, ‘euskaldunaren hitza’ren topiko hori garai hartatik dator. Zure ustez, zein ezaugarri dela eta ezagutuko gaituzte gu etorkizunean?
-1905an Carlos Pellegrini presidente izandakoak hau idatzi zuen: “Etorkizunean, Argentinako gizartean ‘euskal enborra’ ezagutuko da, ez abizenengatik bakarrik, euskaldunen ezaugarri sendoengatik baizik. Mende bat pasatu da Pellegrinik hitz horiek idatzi zituenetik eta esan behar dugu ezaugarri horiek, arbasoengatik jasoak eta praktikatu behar ditugunak, hauexek direla: zintzotasuna, langiletasuna, alkartasuna, eta askatasunarekiko maitasuna. Argentinaren askatasuna, Euskal Herriaren askatasuna eta munduko kultura eta herri guztien askatasuna.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus