euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mikel Etxeberria lapurtarrak munduari bira emango dio motorrean Errusia, Korea, Kanada eta AEBetan zehar

2007/06/13

Mikel Etxeberria bere motorrarekin 2004ean Finlandiara eginiko bidaian (argazkia MEtxeberria)
Mikel Etxeberria bere motorrarekin 2004ean Finlandiara eginiko bidaian (argazkia MEtxeberria)

PUBLIZITATEA

Bidaiak eta motorrak maite ditu Mikel Etxeberria kazetari lapurtarrak eta gaur biak batzen dituen abenturari ekingo dio, munduari bira emango baitio motorrean. Luhusotik (Lapurdi) aterako da eta bidean Errusia, Mongolia, Korea, Kanada eta Estatu Batuak zeharkatuko ditu. Jules Verne idazleari omenaldia eginez, bidaia 80 egunetan betetzeko asmoa du. Kanadan geldialdi berezia egingo du, Vancouverreko Euskal Etxeko lagunei bisita egiteko.
Gaur bertan abiatuko da Luhusotik Mikel Etxeberria, munduko zenbait kontinente eta herrialde zeharkatuko dituen bidaiari hasiera emanez. 80 egunetan Etxeberriak bide ezezagun eta galduak ibiliko ditu bere motorrarekin Errusia, Siberia, Mongolia eta Korean barrena. Bidaiaren bigarren zatian, Asiatik Ameriketara eramango duen ferria hartu ondoren, Kanada eta Estatu Batuetako paisaia ikusgarriak zeharkatuko ditu. Lapurtarrak eskarmentua du horrelako bidaietan eta 2004 urtean Finlandiaraino joan zen bere motorrean. 'Baina hara heltzerakoan ohartu nintzen bidaiari abentura kutsua falta zitzaiola. Errazegi egin nuela, alegia', azaldu dio BasqueHeritage.com-i. 'Horixe da orain aurkitu nahi dudana: Ezezagunari kalmeki aurre egin eta nire barne ezagutza.'

Etxeberriaren beste erronka bidaia 80 egunetan egitea izango da, Jules Verne idazlearen abentura eleberri ezagunari omenaldia eginez. Ondorioz motor gainean egin beharko dituen egunetako batzuk oso gogorrak izango dira. 'Egun batzuetan kilometro parrasta egin beharko dut. Baina horrela Siberia eta Mongolia aldean lasaiago ibili eta hiriak bisitatu eta jendea ezagutu ahal izango dut', azaltzen du. Gainera, errepideen egoerak ere --Siberia eta Mongoliako hainbat tokitan basaz betetako bidexkak baino ez-- bidea zailduko du. Kanadan geldialdi berezia egingo du Etxeberriak, Vancouverreko euskal komunitateari bisita egiteko. 'Elena Sommer hango elkarteko lehendakariarekin kontaktatu dut jada eta uztail bukaeran edo agorril hasieran haiekin biltzea espero dut'.

Bidaia euskal komunikabideetan

Kazetaria izaki --www.radiokultura.com online irratian aritzen da--, ezin egon bidaiaren berri eman gabe eta Etxeberriak kronikak bidaliko ditu Euskal Herriko zenbait komunikabideetara. Idatzizko berriak Gaur8n (Gara egunkariaren gehigarria) eta Le Journal du Pays Basque egunkarian irakurri ahal izango dira. Gainera www.info7.com irratiak ere berak bidalitako kronikak jarriko ditu sarean. Aipatu euskal komunikabide hauek laguntza eman diote Etxeberriari bidaiaren antolakuntza eta finantziazioan, Bai&By; hizkuntz akademiak eta Angeluko Dafy Moto motor dendak bezalaxe.


Lotura interesgarriak

Mikel Etxeberriaren bidaiaren webgunea
www.motoglobo.com

Radiokultura, euskal irratia online
www.radiokultura.com

Info7.com irratia
www.info7.com

Gaur8 webgune & gehigarria
www.gaur8.info

Le Journal du Pays Basque
www.lejpb.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia