euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mikel Arriet Zeelanda Berriko Auckland-eko 'Food Show' sukaldaritza erakustaldian partaide

2009/07/31

Mikel Arriet Arruiz, Davao-n (Filipinak) finkatutako chef euskalduna
Mikel Arriet Arruiz, Davao-n (Filipinak) finkatutako chef euskalduna

PUBLIZITATEA

Mikel Arriet sukaldari andoaindarrak Zeelanda Berriko Auckland-eko 'Food Show' sukaldaritza erakustaldian partaide da egunotan. Zeelanda Berriko hiri honetan datorren igandera arte luzatuko den ekitaldi gastronomikoan Asiako zein munduko beste leku batzuetako sukaldariak bilduko dira, euren lanaren adierazle diren errezeta eta sukalde bideak agertzen. Bertan aritzearekin batera, duela bost urtedanik Filipinas lan eta bizitoki aukeratua duen Arriet euskaldunak Auckland-eko Saoul Bar & Bistro jatetxean erakutsiko ditu bere euskal molde aberastuak.

Auckland, Zeelanda Berria. Gaurtik datorren igandera arte, abuztuak 2, garatuko da 'Food Show' sukaldaritza erakustaldia Auckland-en, herrialdeko hiriburua izan gabe bertako hiririk garrantzitsuena eta populatuena den honetan. Zeelanda Berriko sukaldariez gain, Asia eta munduko beste zenbait tokietatik iritsitako profesionalek parte hartuko dute sukaldaritza elkarretaratzean. Aurten hamargarren urtea ospatzen duen erakustaldiak Mikel Arriet Arruiz, duela bost urtedanik Filipinetan finkatua den chef andoaindarra izango du euskal ordezkari. Topaketak, sukaldeko maisuen lanen eginpideei buruzko azalpenak entzuteko aukera emateaz gain, platerok prestatzeko beharrezkoak diren lehen gai eta gastronomia produktuen azoka modukoa eskainiko du, ardoek ere euren protagonismoa partea hartuko dutelarik bertaratutako profesional eta zaletuen artean. 

Mikel Arriet-ek 2004tik Filipinetako Davao hiriko Club Punta Fuego jatetxeko sukaldea gidatzen du. Bere ibilbide profesionalean Ibiza, Tenerife eta Bartzelonako jatetxe garrantzitsuetan ibilia da, besteak beste Donostian Martin Berasategirekin aritu eta ikasitako Arriet. Bere sukaldean euskal gastronomia molde aberastuak ditu oinarri, Filipinetako sukaldaritza tradizionala ere lantzen duelarik, Mediterraneoaldeko produktuak ere erabiliz. Aucklanden igandea bitartean arituko da bere sukalde moldeak erakusten.

Arrieten partaidetza Auckland-en ez da erakustaldian amaituko, atzodanik eta igandera arte Soul Bar & Bistro jatetxean afariak prestatuko baititu. Berak sukaldatutako gutixiak dastatzeko aurrez hartu beharko da lekua.

-Informazio gehiago 'Food Show'-en webgunean: www.foodshow.co.nz



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia