euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mikel Aristegi, dantzari Berlinen: "Ez dakigu nor garen beste kulturen aurrean jartzen garen arte"

2010/11/17

Mikel Aristegi 'Euskal Herria' dantzatzen Berlingo Euskal Etxearen aurkezpenean (argazkia Berlin EE)
Mikel Aristegi 'Euskal Herria' dantzatzen Berlingo Euskal Etxearen aurkezpenean (argazkia Berlin EE)

PUBLIZITATEA

Mikel Aristegi dantzari donostiarra Berlinen bizi da orain dela 9 urte eta azken hilabeteetan buru-belarri ibili da Berlingo Euskal Etxearen ekimenetan sartuta. Joan den urriaren 30ean, elkartearen aurkezpen ofizialean, 'Euskal Herria' izeneko koreografia bat dantzatu zuen; erbesteari buruzko pieza bat, Joseba Sarrionandia eta Xabier Leteren poematan eta bere esperientzian oinarritua. "Poema horiek norberaren famili etxea utzi eta bide berri baten bila doanaren sentipenak islatzen dituzte", azaltzen du.

Berlin, Alemania. Mikel Aristegi dantzari eta koreografoa Berlingo euskal etxearen proiektuak sustatzen ari diren euskaldun taldeko kide da. Talde honen lanaren bidez antolatu zen, adibidez, iazko Euskal Koreografoen Lehendabiziko Jaialdia Berlinen. Joan den urriaren 30ean, euskal etxearen aurkezpen ekitaldian ere parte hartu zuen, berak sortu duen 'Euskal Herria' pieza dantzatuz.

Aristeguik eskarmentua du euskal gaidun koreografiak egiten: 'Ezustekoa/Unerwartet'-en bere aitonaren fusilamendua (36ko gudan) kontatzen du. "'Ezustekoa' 2006ean hasi zen, duo bezala, Hernanin eta Berlinen. 2009ko urrian izan zuen gailurra, Donostiako Antzoki Zaharrean lau dantzariekin aurkeztu genuenean", azaldu dio EuskalKultura.com-i. "Sormen lan bakoitzak bere bizitza propioa du eta 'Euskal Herria' Berlingo euskal etxearen aurkezpenean dantzatzeak zirkulua itxi egiten du. Beste pauso bat litzateke beste euskal etxe batzuetan ere dantzatzea".

Poesia eta dantza

'Euskal Herria' dantzan Aristegik Joseba Sarrionandiaren eta Xabier Leteren poemak hartu zituen oinarri koreografia sortzeko. "Pieza berri bat prestatzen ari naizenean, gaiari buruzko materialak bilatzen ditut. Kasu honetan lurra eta naturari buruzko poema horiek, bizitza eta heriotzaren zirkuluari buruzkoak, ezaguna den horri diogun beldurrari buruzkoak, oso ondo islatzen zuten familiaren etxea utzi eta bide berri baten bila doanaren sentipena", azaltzen du. "Hitzen eta poesiaren abstrakzioa egin nahi izan dut. Soinu banda isiluneekin eta soinu metalikoen edo ur tantajarioaren minimalismoarekin osatu dut. Horrek guztiak niretzako gaiarekin zerikusia duen giroa sortzen du".

Aristegik 'Euskal Herria' Bilbon, Gasteizen, Mallorca-ko 'Sent il Patrimoni' jaialdian eta Costa Rican aurkeztu du jada. Baina jarraitzeko prest dago. "Gainerako euskal etxeekin harremanetan jarri eta bazter guztietan dantzatu nahiko nuke. Edozein espaziotan dantzatu ahal izateko pentsatua dago", gehitzen du.

Errugbitik Berlinera

Aristegi 19 urterekin hasi zen dantzan, errugbian jokatzeari utzi egin behar zan baitzion lesio batengatik. Dantzaren mundua deskubritu zuen orduan, deskubritu izan ere "egoerak, emozioak eta sentipenak dantza eta mugimenduaren bitartez azaldu eta beste dantzariekin konpartitzeko artea".

Duela bederatzi urte heldu zen Berlinera, audizio bat egiteko, eta bertan geratu zen. Azkenaldion oso pozik ageri da Berlingo Euskal Etxearen ekimenekin. "Berlinen euskal komunitateak bere burua definitu behar du, arazo politikoen pilaketa baino zerbait gehiago garela erakusteko behar handia dago. Horregatik oso ondo iruditzen zait hori guztia kulturaren bitartez egitea; literatura, dantza eta musika bitartez, besteak beste".



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia