Ricardo Echeverria, Mike Bidart eta William Shernoff abokatuak, Shernoff Bidart Echeverria bulegokoak
Nork ez du ezagutzen Kalifornian Mike Bidart abokatu euskalduna. Mikek eta bere emazte Jeanettek, euren bi seme-alabek eta baita bilobek ere gogoz segitzen dute euren guraso eta aurreko euskal-amerikar eta goi-behe nafartarrek utzitako bidea eta ohore egiten diote euren ondare euskaldunari. Alderdi profesionalean, abokatu gisa, Mikek eta bulegoan lankide duen Ricardo Echeverria abokatuak euren izen ona atxiki eta kolegen errekonozimendua jaso dute berriro ere, 2018ko "super abokatuen" zerrendan sartuta.
Los Angeles, AEB. Hego Kaliforniako bi abokatuok, Michael J Bidart eta Manuel Echeverria, biak Shernoff Bidart Echeverria bulegoko bazkide, Hego Kaliforniako Top 100 Southern California Super Lawyers, Hego Kaliforniako 100 top super abokatuen artean izan dira izendatuak 2018an, Bidart jauna, gainera, 10 goi super abokatuen zerrendako partaide ere egin dutela. Halaxe adierazi du euskal jatorriko bi abokatu kaliforniarrak batzen dituen firmak bere webgunean ezarri duen ohar baten bidez.
Gogoan izan, konparazio, Kalifornia osoan 170.000 bat abokatu aktibo daudela, horietako batzuk oso izen ezagun eta prestigiodunak nazio mailan eta nazioartean, eta nazio mailako eta nazioarteko kabinete eta bulego garrantzitsuenetako parte.
Michael J. Bidart Los Angeles aldeko Shernoff Bidart Echeverria bulegoko auzi abokatu eta bazkide kudeatzailea da eta bera da bulegoko HMO Litigazio eta Jabego/Istripu departamentuko buru. Arrakastaz gidatu izan du firmako osasun aseguru arloko praktika, Kalifornian eta Estatu Batuetan oro har oso indartsu eta boteretsuak diren HMO (aseguru sozial plan) eta oro har aseguru-etxeen kontrako fede txarreko auzietan. Law & Politics aldizkariak 2004tik urtero izendatu izan du Bidart jauna 'super abokatu' eta urtero ere izan da 2004tik hona 100 Top Super Abokatuen zerrendako parte.
Ricardo Echeverria Shernoff Bidart Echeverria LLP konpainiako auzi abokatua da eta bertan aseguruen fede txarreko eta kalte pertsonal katastrofiko kasuak daramatza. Echeverria jauna Los Angelesko Kontsumitzaileen Abokatuen Elkarteko lehendakaria da, izan ere, herrialde osoko abokatu demandatzaileen elkarte handiena. 2017an, Echeverria Kaliforniako100 Top Abokatuen artean izendatu zuen Los Angeles Daily Journal-ek. 2004an Super Lawyers Magazine-k 'Gorantzako Izar' (Rising Star) hautatua izan ondoren, urtero izan da Super Abokatu 2005az geroztik.
Zorionak!