euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Miguel Sanz presidenteak Txile eta Argentinako nafarrekin ospatuko du San Frantzisko Xabier Eguna

2010/11/25

Sanz presidente nafarra Agustin Otondori Nafarroako insignia ezartzen 2003an Nafarroako Jauregian, artxiboko irudian (argazkia Navarra.es)
Sanz presidente nafarra Agustin Otondori Nafarroako insignia ezartzen 2003an Nafarroako Jauregian, artxiboko irudian (argazkia Navarra.es)

PUBLIZITATEA

Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidentea Txile eta Argentinara bidaiatuko da heldu den astean, abenduaren 5etik 10era bitartean, San Frantsizko Xabier Eguna eta Nafarroako Eguna bertako komunitate nafarrekin ospatzearren. Berez abenduaren 3an bada ere --aurten ostirala--, Sanzek Foru Komunitateko ekitaldietan hartuko du parte lehenik, ondoren 4ean Txilera bidaiatzeko eta bostean, igandez, Txileko Santiagon prestatu dioten programan parte hartzeko. Santiagon, besteak beste, duela bi aste bere gobernuak Agustin Otondo Dufurrena nafar txiletarrari eman zion Karlos III Noblearen Gurutzea ezarriko dio pertsonalki.

Iruñea-Pamplona. EuskalKultura.com-ek jakin ahal izan duenez, Nafarroako presidentea abendu hasieran bidaiatuko da Txile eta Argentinara eta parte hartuko du bertan San Frantsizko Xabier-en Eguna eta Nafarroako Eguna ospatzeko egingo diren ekitaldietan.

Bidaia abenduaren 5etik 10era bitartean garatuko da, eta behin-behineko egitarauak Txileko Nafarroako Etxera egingo duen bisita biltzen du, bertan hasiko baitu programa ofiziala, eta, ondoren, Argentinan, Buenos Aires hiriburukora eta Santa Fe probintziako Rosariokora egingo duena. Aldez aurretik izana da Sanz bi lekuotan, eta baita Mendozan ere, nafar gobernuak kooperazio eta gizarte arloan ematen dituen laguntzak zertan baliatzen diren aurrez aurre ikusten, besteak beste.

Bidaiaren lehenengo egunean, hiriburu txiletarrean, Sanzek Las Condesko Estadio Españolean egingo zaion ongi-etorri bazkari eta programan hartuko du parte, egunaren hasiera bertan goizeko hamaiketan Santiagoko artzapezpiku Francisco Javier Errazuriz Ossak --nafar jatorri kontzientekoa berau--  emango duen mezak markatuko duela.

Txilen, besteak beste, nafar gobernuak duela bi aste Agustin Otondo Dufurrena erratzuarrari, Nafarroako Etxe txiletarraren sortzaile gisa eta Nafarroako eta Txileren arteko harremanak ugaltzearren egindako zubilana saritzeko eman zion Karlos III Noblearen Gurutzea ezarriko dio Miguel Sanzek Nafarroa hamabost urte zituela utzi eta geroztik bizitza Txilen egin duen komunitate lokaleko buruzagiari. Zenbait liburu eta ikerlanen egile da Txileko Nafarroako Etxeko lehenengo presidentea izan zen Otondo Baztango eta Nafarroako abizen eta leinuez, eta euren presentziaz herrialde amerikar honetan.

Bidaiaren Txileko zatiaren ondoren, Argentinara mugitu da Sanz presidentea, bertan ere kontaktu ofizialak bertako autoritateekin eta elkarretaratzeak bertako Nafarroako Etxe eta nafar komunitateekin egingo dituela, tartean Buenos Aires eta Rosarioko Euskal Etxeak bisitatuz, EuskalKultura.com-ek ezagutu ahal izan duen behin-behineko programak dioenez.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia