euskal diaspora eta kultura
2008/10/16
PUBLIZITATEA
Rosario, Argentina. Sanz dator egun hauetan Argentinako bi hiri eta probintziok bidaia ofizialean bisitatuko dituen nafar ordezkaritzako buru eta berarekin batera Alberto Catalan gobernu bozeramailea arituko da egonaldiak iraungo dituen zazpi egunetan zehar. Presidentearen ekitaldi-egitaraua bihar bertan abiatuko da, Rosarion. Bertan Sanzek Carlos III.aren domina ezarriko dio 17 urtetan Argentinako bigarren hiriko Nafar Etxeko presidentea izan den Sandalio Monreal Suberviolari. Ondoren Sanzek Pablo Sarasate bibolinjole eta musikagile iruindarraren omenezko erakusketa bat inauguratuko du eta egilearen mendeurrena ospatzen duen kontzertuan izango da jarraian.
Asteburuan presidente nafarrak Rosarion jokatzen ari den 22 azpikoen Munduko Pilota Txapelketa jarraitzen ari diren pilotazaleekin bat egingo du. Txapelketa Rosarioko Nafar Etxearen 36 metroko 'Reyno de Navarra' frontoian ari da jokatzen, zehatzago esateko Rosariotik 15 kilometrotara dagoen Funes hirian Nafar Etxeak Nafarroako Gobernuaren diruz eraiki arazi zuen pilotalekuan. Txapelketan honako 9 herrialdetako selekzioek ari dira parte hartzen: Argentina, Espainia, Frantzia, Mexiko, Dominikar Errepublika, Kuba, Venezuela, Ekuador eta Txile. Aipagarria da nafar pilotarien parte hartzea: 6 ari dira esku pilotan, 4 pala motzean eta bi larruzko palan (Altsasu, Huarte, Irurtzun eta Iruñeko klubetako pilotariak dira).
Argentinar medikuen trebakuntza Nafarroan
Sanzek Rosarion egingo dituen bileran artean aipagarria da Santa Fe probintziako gobernadore Hermes Binnerrekin elkarrizketa. Bi agintariek lankidetza hitzarmena sinatuko dute, Nafarroako Gobernua eta zenbait erakunde argentinar lotzen dituena, Nafarroan gauzatuko den mediku argentinarren trebakuntza sustatzeko, foru erakundeko iturriek EuskalKultura.com-i azaldu diotenez. Horrez gain Sanz Rosarioko alkate Miguel Lifschitz-ekin ere bilduko da eta Clemente Álvarez Larrialdi Ospitala bisitatuko du, Nafarroako Gobernuak dohaintzan emandako medikuntza materiala entregatzeko.
Nafar presidentearen bigarren geltokia Mendoza hiria izango da. Bertan Mendozako nafar etxearen 25. urteurreneko ekitaldietan parte hartuko du Sanzek. Ondoren presidentea La Navarra taldearen Belasco de Baquedano upategiaren inaugurazioan izango da. Azkenik, Mendozako egonaldia eta Argentinako bidaia bukatzeko Sanzek Hogar Don Orione laguntza-zentroa bisiattuko du. Zentro honek Nafarroako gobernuaren laguntza jasotzen du.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus