euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Miguel Sanchez-Ostiz: 'Hemen kultura-aniztasuna gustatzen zaigu, baina soilik agintzen duena gurea denean'

2008/11/27

Miguel Sanchez-Ostiz, bere ohiko bizarra kenduta (argazkia Javier Bergasa-DDN)
Miguel Sanchez-Ostiz, bere ohiko bizarra kenduta (argazkia Javier Bergasa-DDN)

PUBLIZITATEA

"Gaur egun ziurtasunekin funtzionatzen dugu; ziurtasunetik sinesmenera goaz, fedearen dogmara eta urkoari hori inposatzera", adierazten du, beste hausnarketa batzuen artean, Miguel Sanchez-Ostiz idazleak (Iruñea, 1950), Diario de Noticias egunkariko Paula Echeverría kazetariak egin dion elkarrizketa honetan, bere azken lana den 'Cuaderno boliviano (Alberdania 2008) liburuaren karira. Jarraian gazteleraz eginiko elkarrizketa euskaratu eta laburbiltzen dugu.

Iruñea-Pamplona. "Liburu honetan garrantzia duena ez naiz ni, baizik eta boliviarrak", esaten du Sánchez-Ostiz-ek 'Cuaderno boliviano'  lanean agertzen duen begiradari buruz galdetzen diotenean. Apirila eta uztaila artean idazle nafarra Bolivian izan zen eta bertan bildutako esperientziekin egin du liburu hau. Alta, hau ez zen bere lehen bidaia, duela lau urte ere bertan izan baitzen. Baina bidaia hura oso gaizki bukatu zen.

'Bueltatzeko egunaren bezperan bahitu egin ninduten La Paz erdi-erdian. Eta lepoa jokatu nuen. Baina edozeini gerta zekiokeela ulertu nuen, eta batez ere, ezin duzula esan joder, nolakoak dira boliviar hauek. Boliviarrak ere askotakoak dira, boliviar asko dago... agian haiek guztiak ez ziren ezta boliviarrak ere. Hau da, esperientzia hark ez zidan bidaiatzeko gogoa kendu', azaltzen du idazleak Paula Echeverriarekin eginiko elkarrizketan.

Boliviarekiko erakarmena, Evo Morales eta indioak

Bidaiak alde positibo ugari izan ditu, Sanchez-Ostiz-en esanetan. 'Erremediorik gabe erakartzen duen herrialdea da. Jende zoragarria aurkitu dut, gizatasun, anaitasun eta elkartasun izugarria dutenak...', aipatzen du. Idazleak Euskal Herrian bizi diren boliviarren esperientziarekin alderatzen du bere bidaia: 'Gorriak ikusi behar dituzte... ez nuke euren larruan egon nahi. Eurei buruz aurreiritziak eta topikoak nagusi dira hemen, ez dugu elkar ulertzen, ez gara eurengana gerturatzen (...). Bai, hemen kultura-aniztasuna gustukoa dugu, baina soilik gure kultura denean agintzen duena'. 

Gaur egun Bolivian agintzen duen Evo Morales-i buruz galdetuta, hauxe da Sanchez-Ostizek dioena: 'Segun eta norekin hitz egiten duzun iritzi oso desberdina dute, baina Bolivian entzuten den esamolde beldurgarri bat 'indio zikina' da. (...) Bada botoa eman zion alde bat, orain lortu zitekeen guztia lortu ez izana frustrazioz ikusten duena. Egia esan, nire ustez gizonak uzten diotena egiten du... Eta noski, indigena askoren artean Moralesi babesa erabatekoa izan da, duela gutxi arte, beregandik aldentzen ari diren mugimendu indigena oso erradikalak sortu diren arte. Hemen jendea izorratu zuena indio bat boterera heltzea izan zen; hemen eta baita han ere'.

Gai desegokiak

Gai honetan, eta beste batzuetan ere, Sanchez-Ostizek jendeak entzun nahi ez dituenak esateko ohitura mantentzen du. Otsaila aldera argitaratuko duen Pícaros en Bucarest eleberrian ere horrelakoak idazten ditu. 'Bucarest-en adibidez, judutarren gaiaz, errumaniar gizartean egun antisemitismo handia dagoelako, eta ezin dutelako 1939 eta 1941 artean egin zutena euren gain hartu. Beraiek, Burdinezko Guardiak. Ez alemaniarrek. Edo desegokia da Cioran eta Eliade bezalako idazle handiak nazizaleak eta antisemitak zirela esatea. Horiek urruneko adibideak dira, baina badira gertuago gai desegokiak ere'.

'Beti dago gai desegokiren bat, gai desegokia egia ofizialetik aldentzen dena delako. Eta beti dago ortodoxia ofizial bat. Hemen ezker abertzalean dago ortodoxia ofiziala, eta baita definitzen asmatzen ez dudan eskuinaren magma horretan, eskuin neoliberal espainolista edo espainiar nazionalista... Nire ustez gaur egun denok funtzionatzen dugu ziurtasunekin, inork ez du zalantzan jartzen pentsatzen duena, eta ziurtasunetik sinesmenera goaz, sinesmenetik fedearen dogmara eta urkoari inposatu nahi izatera, eta eremu honetan pixka bat aldendu bezain pronto arlo desegokian bukatzen duzu'.

(elkarrizketa osoa, gazteleraz, Diario de Noticias de Navarra egunkarian)

LOTURA INTERESGARRIAK

Egileari elkarrizketa Koldo Larreak
Euskonews & Media (2002)

Sánchez-Ostiz Pedradas-en (gaztelaniaz)
Alberto Barandiaranek, gaztelerara Mikel Iturriak itzulia

'Cuaderno boliviano' erosteko
 Megadenda.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia