euskal diaspora eta kultura
2009/01/29
PUBLIZITATEA
Mexiko DF, Mexiko. Ehun urtetik gora dituen Euskal Etxe mexikarraren presidente aukeratu berriak, Miguel Larreguik, lan handia du aurrean: zuzendaritza talde berria osatu (nahiko aurreratua dabil lan honetan jada) eta elkartearen ibilbide luze eta oparoarekin jarraituko duen etapa berri bati ekin. 'Zuzendaritza oso gaztea gara, gazteena esango nuke, eta Euskal Etxeak beste ehun urte betetzea nahi dugu; adin guztietako jendea egotea nahi dugu, txikietatik hasi eta aitatxi-amatxienganaino, gazte eta ez hain gazte direnak barne', azaltzen du.
-Zer dela eta erabaki zenuen kargu honetara zure burua aurkeztea?
Aurreko Zuzendaritza Batzordeko parte izateko aukera izan nuen, lehendakariorde bezala, eta aurkeztera gehien animatu ninduena Euskal Etxeari diodan maitasuna da, niretzako benetan izan delako 'etxea'. Mexiko Hirira bizitzera etorri nintzenean denbora asko ematen nuen bertan kuadrillarekin, asteartetan sukaldean, musean edo pilotan, edo besterik gabe topagune bezala. Etxetik kanpo nengoenez --ni Tolucakoa naiz, Mexiko estatuan, DFtik ordubetera-- leku hau mahai baten inguruan lagunekin biltzen nintzen lekua zen eta horrek familia bihurtu ditu.
-Nortzuk osatzen duzue Euskal Etxeko zuzendaritza berria?
Momentuz ez dago oraindik osatua, baina joan den asteburuko bilkuran zuzendaritza osatzeko konfidantzazko botua eman zidaten, otsailaren 7a bitartean, egun horretan kargua hartuko dugu eta.
-Etapa berri bat hasten da, ze ekimen burutu nahi dituzue?
Hasteko, komunikazio handiko zuzendaritza bat izan nahi dugu. Bazkideek Euskal Etxean gertatzen ari denari buruz jakin dezatela, horrela bere eguneroko bizitzaren parte izan daitezen. Beste arlo garrantzitsu bat kultura da; euskal kultura sustatu nahi dugu, gure ohiturak ezagutarazi, horixe baita ez galtzeko bide bakarra. Euskal Etxean ematen diren euskara klaseekin jarraituko dugu eta eskola berriak sustatu: dantza, pilota, sukaldaritza, horrelakoak.
Beste arlo oso garrantzitsua ekonomikoa da. Aurreko zuzendaritzak krisi oso latzari aurre egin behar izan zion eta beraiek egindako lanari esker, Gotzon Uribe zuzendari, arazoa konpontzea lortu zuten, elkartea egoera ez erraz baina bai aurreko urtekoa baino lasaiagoan utziz.
Eta bukatzeko Euskal Etxearen garapenean Mexikoko euskal komunitateko hainbat sektore inplikatu nahi ditugu, arlo bakoitzeko komite bereziak sortuz, gurean integratu daitezen.
-Euskal Etxearen ze arlo hobetu behar dira? Zeintzuk dira arlo indartsuenak?
Nire ustez hobetu beharreko arlo bat, hasteko, komunikazioa litzateke, lehen esan dudan bezala bazkideak integratu eta seme-alaba, iloba eta lagunekin etor daitezen nahi dugu, leku hau bizi dezatela. Bazkideen artean dagoen belaunaldi jauziarekin arazoa dugu eta horregatik gazte eta gazte-heldu guztiak erakarri nahi ditugu, eurak izango dira-eta etorkizunean hau zuzenduko dutenak.
Beste arlo garrantzitsua ekonomikoa da, esan bezala aurreko zuzendaritzak arazo asko izan zituen arlo honetan, eta konpontzea lortu zuen. Zuzendaritza berriak euren eredu administratiboarekin jarraituko du, emaitza onak ematen dituela ikusi delako --gastuak nabarmen jaitsi ziren-- eta gure helburua guk Euskal Etxearen zuzendaritza uzten dugunean egungo egoera ekonomikoa baino hobean uztea da.
Arlo indartsuei buruz, berriz ere arlo administratiboa aipatu behar dut, nahiz eta kritika batzuk jaso, emaitza onak eskuratu zituelako. Baina nire ustez arlo garrantzitsuena gure bazkideak dira, beti laguntzeko prest daudelako eta gure Euskal Etxeak ehun urte betetzea lortu dutelako.
-Berriki Euskal Etxeko jatetxea itxi egin da, nola eragingo du honek elkartearen bizitzan?
Argi dago Loyola Jatetxearen itxierak eragina izango duela Euskal Etxeko bizitzan --pertsonalki, nirean ere bai, nik sarri bazkaltzen nuen bertan eta-- baina etapak dira, aurretik ere aldaketak izan dira jatetxean eta aurrera jarraitu dugu. Nire ustez aukera berria oso baliagarria izango da Euskal Etxearentzat. Nire ustez onik aterako gara.
-Euskal Etxeak Mexikoko beste euskal elkarteekin (Vascosmexico, Celaya eta Cancun-eko euskaldunak...) edo atzerrikoekin lan egingo du?
Bai, ezbairik gabe. Gure asmoa integratzea da, ez baztertzea. Mexiko mailan Celayako bazkideetako batzuk ezagutzen ditut eta eurekin gauzak egiten saiatuko gara. Berdin Cancun-ekoekin. Vascomexico-ri dagokionez ere zerbait egiten saiatuko gara, Mexikoko euskal kolektibitatearentzako komunikabide oso garrantzitsua delako, baita kanpora begira ere.
Atzerriko erakundeei dagokienez horretan ere ari gara, nik pertsonalki harreman oso ona dut hainbat euskal etxeetako kideekin, adibidez San Frantzisko, Bakersfield edo Boisen, eta NABOn nire lagun Xabier Berrueta dago, eta zer edo zer egingo dugu, ziur.
-Zuri buruz, hitz egiguzu zure jatorri euskaldunei buruz: nongoa da zure familia? Nola heldu ziren Mexikora? Zein izan da zure harremana DFko Euskal Etxearekin?
Ni Tolucakoa naiz, Mexiko estatukoa, esan bezala DFtik ordubetera edo. Nire aitatxi, Fermín Larregui Carricaburu, Elbeten jaio zen, Baztanen, eta nire amatxi, Manuela Solar Fernández, San Esteban-en, Karrantza bailaran.
Garai haietan etorri ziren gehienak bezala, bizimodu hobe baten bila etorri ziren hona.
Nire aita, Miguel Larregui Solar, Mexikon jaio zen eta ama, Maria Teresa Hernández Trevilla, mexikarra da ere. Etxean aitak erakutsi zidan euskal kultura maitatzen, nire amaren laguntzarekin, berak ere asko maite du eta. Nire osaba Patxi Mariezcurrenak ere eragin asko izan zuen nigan, euskal ohiturak erakutsi zizkidan, eta nire osaba Juanjo Arrietak egundaino horretan jarraitzen du.
Bi urtez Iruñean bizi izan nintzen, Master bat egiten ari nintzela, eta Euskal Herria ezagutzeko ahal bezain beste aprobetxatu nuen. Euskal Herriko jai tipiko gehienetan izan naizela esan dezaket, eta lagun on asko egin nituen. Oraindik ere eurekin harremanetan jarraitzen dut eta Euskal Etxerako elkarrekin zerbait interegarria egiten saiatuko gara aurten.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus