euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

‘Miercolinos’ lagunartea, Rosarioko Zazpirak Bat-ek antolatutako Baratxuri Sukaldaritza lehiaketako irabazle

2014/09/15

Miercolinos elkarte gastronomikoko kideak: Jose Luis Aguirre, Luis Maria Barrandeguy, Raul  Bereciartua eta Claudio Esnal
Miercolinos elkarte gastronomikoko kideak: Jose Luis Aguirre, Luis Maria Barrandeguy, Raul Bereciartua eta Claudio Esnal

PUBLIZITATEA

Gastronomiak protagonismoa bereganatu du Rosario hiriko euskal etxean, oraingo honetan Baratxuri Lehiaketa deitu duten norgehiagokarekin. Hiru elkarte gastronomikok hartu zuten parte Sukaldaritza Txapelketan, euskal errezeta liburuetatik ateratako menuekin. Bigarren aldiz jarraian, ‘Miercolinos’ izeneko lagunarteko kideek irabazi dute, aurten, 'abadira'z eginiko euren marmitakoarekin.

Rosario, Argentina. Euskal Herriko ohiturak Argentinara egokitzeko asmoarekin, euskal etxean aritzen diren talde gastronomikoak, erakundeak antolatutako Baratxuri Lehiaketan parte hartzera deitu zituen Zazpirak Bat-ek. Txapelketa Zazpirak Bat-en egoitzan izan zen abuztuaren 29an, epaimahaikideak Jose Ignacio de Val, Gabriel Tacconi eta nazioarteko ibilbidea duen Itziar Aguirre sukaldari rosariotarra.

Arauei jarraituz, Euskal Herriko errezeta liburuetako platerrak prestatu behar zituzten taldeek, haragi gorria, zuria edota arrain/itsaskiak oinarrizko lehen-gai hartuta. Hiru orduko epea zeukaten prestatzeko eta ondoren egindakoa aurkeztu behar zieten epaileei. Aurkeztutako hiru taldeak izan ziren: ‘Astearteetako elkartea’, Edgardo Calboechene (sukaldeburua), Jorge San Miguel, Carlos Ibarbia eta Javier Oteiza lagunek osatuak, "arkumea txilindron erara" prestatu zuten; ‘Miercolinos’ izenekoa, Luis Maria Barrandeguy (sukaldeburua), Jose Luis Aguirre, Raul  Bereciartua eta Claudio Esnal sukaldariek osatuak, 'abadira' edo abadejoz eginiko marmitakoa aurkezturik; eta ‘Ostegunetako elkartea’, Sebastian Bordon (sukaldeburua) eta Josetxu Esnal ordezkari, hauen platera "oilaskoa piperrauts, patata eta alberjiniekin" izanik.

Aurkeztutako menuak dastatu eta gero, eta hainbat puntu (taldearen itxura, lana, antolaketa, garbitasuna; eta platerraren itxura, zaporea eta tenperatura, batzuk aipatzearren) kontuan izanik, ‘Miercolinos’ elkarteari eman zioten saria epaimahaikideek. Irabazleek kopa eta mantalak bereganatu zituzten.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia