euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Michel Etcheverry Argentinan arituko da azaroan kantari, San Nicolas, Buenos Aires eta Gral. Las Heras-en

2017/08/03

Michel Etcheverry eta Joseba Asiron Iruñean pasa diren sanferminetan
Michel Etcheverry eta Joseba Asiron Iruñean pasa diren sanferminetan

PUBLIZITATEA

Michel Etcheverry kantari heletarra Argentinara ari da helduden azaroan eta, beteak beste, aurten San Nicolas herrian egingo den Euskal Aste Nazionalean hartuko du parte. Bidaia berean, Buenos Aires hiriburuan eta General Las Herasen ere kantatuko du. Beste euskal etxeren bat interesatua bada, kontaktatzen ahal du kantariarekin, bi asteko bidaia argentinarrean egunen bat adosteko aukerarik balego. Jean-Louis Bergara akordeoilaria eta Beñat Chaubadindeguy atabalariarekin arituko da kantari baxenabartarra.

Baiona, Lapurdi. Michel Etcheverry-ren bidaia urriaren 31etik azaroaren 15era arte luzatuko da eta, esan bezala, Jean-Louis Bergara eta Beñat Chaubadindeguy lagun musikariekin arituko da oholtza gainean. Lehenengo astean, Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxean eta General Las Herasko Zazpirak Bat Euskal Etxean eskainiko dituzte emanaldiak.

Ondoren, azaroaren zazpian, Buenos Aires probintziako San Nicolas de los Arroyosen, "2017ko Euskal Argentinar Aste Nazionalean hartuko dut parte, Euskal Asteko egunetan, emanaldia eskaintzearekin, igandeko mezan ere kantatuko dut, baita bazkari ofizialean ere eta kofradien bestan", adierazi dio kantariak berak EuskalKultura.com-i.

Euskal Astean parte hartze hau, San Nicolaseko Euskal Etxeko lehendakariaren gonbidapenez heldu zaio Etcheverry-ri.

Gogoratu behar da Michel Etcheverry kantari aski famatua dela, Euskal Herrian ezezik baita Diasporan ere, baina Ipar Ameriketakoan gehienbat. Izan ere, hamabost aldi baino gehiagotan bidaiatua da azken hamarkadetan heletarra Kaliforniara bertako euskal etxeetan kantatzeko zein pilotan aritzeko. Aldiz, honakoa du Argentinara egiten duen lehenengo bidaia. 

"Asko pozten nau bidaia honek", aitortu digu. "Gainera, nire arra amatxi Juana Bidart --ez nuen ezagutu-- San Vicenten ehortzia da. Ez dut dudarik ongi ibiliko naizela Argentinako euskaldunen artean eta euskal giro hoberenean elgartuko girela ! Anartean ene goraintziak eta ezin hobeki izan!", izan da euskal-argentinarrei Euskal Herritik abiatu aurretik bidali nahi izan dien mezua.

Michel Etcheverry zure euskal etxean

Bestalde, kantari zeure euskal etxera eraman nahi izango bazenu, aski duzu kantariari idaztea eta ikustea eia elkarrekin adosten ahal duzuen data, beti ere aipatu egun horietan. Hau da bere emaila: helette@micheletcheverry.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia