euskal diaspora eta kultura
2013/05/16
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastián. Michael Barkham historialari kanadiarrak iragan asteartean aurkeztu zuen Hondarribian bere azken aurkikuntza: Ternuan 1563an hil zen euskal arrantzale baten testamentua. Dokumentu hori da Ipar Ameriketan, Mexikotik iparraldera behintzat, idatziriko testu zibil zaharrena. Bertan Domingo de Luça hondarribiarrak azken borondatzea azaltzen du eta ontziko kapitainak Euskal Herrira ekarri zuen bueltan, haren emaztean oinordetza jaso zezan.
Barkham-ek Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoan aurkitu du idatzia. Cambrigde Unibertsitateko doktorea da kanadiarra eta 30 urtetik gora darama euskal artxibategietan Ternua aldera joan ziren marinelen historia ikertzen. Berak azaldu duenez, Luça "Maria del Juncal ontziko marinela eta despentsaria zen, Joan Xuarez kapitain hondarribiarraren aginduetara". Testamentuak bere alarguna, María Martín de Aguinaga, izendatzen du oinordeko eta ontziko zazpi marinelek sinatu zuten, lekuko gisa, Ternuako "Plazençia" delakoan.
Plasencia eta Ferrol zaharra
"Ehun urte beranduago, frantsesek kolonia bat sortu zuten han eta Plaisance izena jarri zioten, aurrekoari eutsiz", esan du Barkham-ek. Historialariaren esanetan, ziurrenik euskaldunek Plentziaren antza hartu zioten lekuari eta horregatik aukeratu zuten izen hori (Plentziaren jatorrizko izena Placentia de Butron da).
[Plaisance herriko portua gaur egun. Bertan idatzia da Domingo de Luçaren testamentua, 1563an (argazkia www.vosluisant.fr)]
"Horixe zen euskal arrantzaleen ohitura eta horrela izendatu zituzten hango leku asko. Adibidez, dokumentu historiko batzuetan Ferrol izeneko lekua agertzen da, eta, izena galiziarra bada ere, euskaldunek jarria dela uste dugu, Çaharra hitza duelako ondoan", agertu du Barkham-ek. Gaur egun Plum Point izena du lekuak, eta euskal marinelek Ferrolen tankera hartu zioten, antza. Ondoren, beste lekuren bati ere Ferrol deitu zioten eta, elkarrengandik desberdintzeko, aurrenekoari zaharra adjetiboa gehitu zioten.
450 urte aurten
Dokumentuaren data 1563ko maiatzaren 15a da; beraz, 450 urte bete zituen iragan asteazkenean bertan. Barkham-ek aditzera eman duenez, ziurrenik Plaisance-ko museoan jarriko da ikusgai, eta agian Red Bay-ko gune historikoan ere. Barkham-en familiak harreman estua du azken honekin; izan ere, bere amak, Selma Huxley historialariak, bertan aurkitu zituen 1977an inguruetako aurreneko euskal aztarna arkeologikoak. Bertan agertu zen San Juan ontzi hondoratua, XVI. mendean Pasaiako ontziolan egin zen galeoia eta Red Bay-ko badian urperatu zena. Ameriketan aurkitu den garai hartako ontzirik osoena da.
Gunea Kanadako Ondare Historikoaren parte da eta, Barkham-ek azaldu duenez, ekainean UNESCOk Munduko Ondare Historiko izenda dezake. "2004an aurkeztu zen hautagaitza, eta litekeena da aurten baiezkoa jasotzea", gehitu du. Horrela bada, berak Kanadako eta AEBetako dokumentu historiko zaharrenaren aurkikuntzaren ekarpena egingo die ospakizun ekitaldiei.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus