euskal diaspora eta kultura
2008/06/30
PUBLIZITATEA
Miami, AEB. Txoko-Alai Euskal Etxeko egoitza ordaintzeko arazoak
zirela-eta, bertako arduradunek www.euskaletxeaofmiami.org webgunea sortzea erabaki
zuten iragan martxoan. Boni Guenechea Euskal Etxeko zuzendari
batzordeko kide eta webguneko diseinugile arduradunak azaltzen du egoera. 'Belaustegui eta Laburu lehendakarien heriotzen ostean,
elkartea bazkideak eta jarduerak galtzen joan da. Aktiboan dauden pilotari
gehienak baja eman dute, Txokoko giltzak dituzten bazkideek hilabetean $70.00
ordaindu behar baitute. Horregatik bururatu zitzaidan Txokoa eta Euskal Etxe
birtuala banatzea (nahiz eta gauza bera izan). Barra bat eta jantokia duen
egoitza batengatik urtean $840.00 ordaintzea gehiegizkoa zen, baina urtean
$30.00 ordaintzea errazagoa da', baieztatzen du
Guenecheak eta bere semea Danielek euskal etxe ezberdinen webguneak ikertu dituzte euren orrialdeko diseinu finala erabakitzeko. Webgunea iragan martxoan aurkeztu zuten, 'Bizkaiko Diputazioak eta Bilboko portuak iragan martxoan Seatrade 2008 ferian parte hartuko zuela aprobetxatuz', azpimarratzen du Guenecheak. 'Bizkaiko Diputazioak Floridako hegoaldeko hiritarrentzako askari bat eskaini zuen eta hor aurkeztu genuen webgunea', gaineratzen du.
Euskal jatorriko webgune diseinugilea
'Dnewmedia' enpresak diseinatu du
webgunea. Guenecheak aipatzen duenez, diseinugilea
Txoko-Alaiko bazkide izan da urtebetez. Amaren aldetik euskal jatorria du eta
bere enpresak marketing-publizitatea eta web orrialdeen diseinuak egiten ditu.
Web orrialde honek bazkideen arteko
harremana mantentzeko eta, nahiz eta leku fisikorik ez eduki, jarduerak antolatzeko balio du. 'Kontutan eduki behar da Miami barruan
distantziak oso handiak direla. Nik 30 minutu behar ditut Txokora iristeko.
Nire etxetik 22 kilometrotara dago', baieztatzen du Guenecheak. Bestalde,
bazkide berriak eta lagunak lortzeko, arduradunek 'Open House'-a antolatzen
dute hilabeteko lehenengo ostiralean. Ekimena Txokoan egiten dute eta bertan
pintxoak eta tapak eskaintzen dizkiete bazkide, senitarteko eta lagunei.
Pilotariz osatutako Euskal Etxea
Miamiko Euskal Etxeak gaur egun 42 bazkide ditu eta horietatik 22 Txoko-Alaiko bazkide aktiboak dira. 'Miamin finkatutako pilotariak gara gehiengoak. Bost bat pilotari daude aktiboan oraindik. horiezaz gain, euskal jatorria duten beste lagunek eta gure kulturarekin harremanetan egon nahi duten beste batzuk osatzen dute elkartea', baieztatzen du Guenecheak.
Etorkizuneko proiektuei dagokienez, Miamiko Euskal Etxearen helburua Guenechearen 'Paella-Party' enpresa bezalako babesleak bilatzea da. Euren webguneetarako lotura zuzenak eskainiz, euskal elkarteko kideek web orrialde berria ordaindu eta jarduera kultural gehiago egiteko finantziazioa eskuratu nahi dituzte. Bestalde, nahiz eta Euskaletxeaofmiami.org-k ingelesez eta gaztelerazko informazioa eman, aurrerago euskarazko testuak sartuko dituztela baieztatzen du Guenecheak.
Lotura
interesgarriak
Miamiko Euskal
Etxearen webgunea
www.euskaletxeaofmiami.org
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus