euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Miamiko Euskal Etxeak urratsak eman ditu epe laburrean NABO federazioko bazkide gisa onartua izateko

2010/02/02

Miamiko Euskal Etxearen barrualdea elkartearen ekitaldi batean (argazkia EuskalKultura.com)
Miamiko Euskal Etxearen barrualdea elkartearen ekitaldi batean (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Floridan euskal etxeak fenomeno berria ez badira ere, historikoki bertan sortu diren euskal elkarteak pentsatu izan dute urrunegi zeudela Kalifornia eta Estatu Batu mendebaldetik (bertan dago Ipar Ameriketako euskal etxeen %90a) eta beraz konplikatua eta garestiegia izan zitekeela hara bileretara joatea ekimen amankomunetan parte hartzeko eta nahiago izan dute hari zuzena izan Euskal Herriarekin. Beraz, NABOko kide bilakatzeko erabaki logikoak bere bidea egin behar izan du, baina badirudi hau dela momentua. 'Txoko Alai' Miamiko Euskal Etxea zuzendu zaio dagoeneko NABOri eta litekeena da bazkide bezala onartzeko deliberoa Boisen hartzea NABOk datorren uztailean Jaialdirekin batera Idahoko hiriburuan egingo duen Biltzar Nagusian.

Miami, Florida, Estatu Batuak. Bere kokapen geografikoa eta ezaugarriengatik Florida eta zehatzago Miami eta bertan sortu ziren euskal etxeek harreman handiagoa izan dute zuzenean Euskal Herriarekin edota Mexiko eta jai-alaia jokatu izan den lekuetako euskal komunitate eta euskal etxeekin, tartean New Yorkeko Eusko Etxearekin, eta ez hainbeste kilometrotan eta kulturan urrunxeago geratu izan zaien Kalifornia eta Estatu Batu mendebaldekoekin (bertan kokatzen da AEBetako euskal komunitatearen ardatza, eta NABO osatzen duten euskal elkarteen %90a). NABOko kide bilakatzea beti hor egon den gaia izan da, baina orain arte sekula ez zaio behar bezala eutsi.

Floridan historikoki, jaia-alaia gailurrean egon zenean, euskal etxe gehiago egon badira ere, gaur egun Miamikoa da geratzen den bakarra. 1987an sortua, momentu batean Miamin zegoen beste euskal etxe bateko kideak ere hartu zituen, gaur egungoa osatzeko. Eusko Jaurlaritzak 1997an onartu zuen ofizialki eta egoitza badu, errentan. Bere izenak nolabait islatzen duenez --Txoko Alai-- txoko edo sozidade gisa funtzionatzen du hein batean, sorrera jai-alaia garai onenetan zegoenean euskal pilotarien txoko gisa izan baitzuen.

NABOrekiko harremanak sekula ez ditu txarrak izan, eta ugaldu eta areagotu egin dira joan den urtean, Izaskun Kortazar koordinatzaile eta Martin Goikoetxea arduradun daukan NABOren euskara eskolen sarean integratu baita Txoko Alai, gaur egun aurrez-aurreko euskara eskolak astean behin bi orduz eskaintzen dituelarik, Aitzol Azurtza irakasle donostiarraren eskutik. Argi hasi dira ikusten Miamin, mundu globalizatu honetan euskal etxeen geroa, handiena eta txikiena, baina bereziki txikiena, arazo amankomunei erantzun amankomunak ematean dagoela.

NABOk dagoeneko Miamiko Euskal Etxea federazioko kide izateko eskaera hartu badu ere, litekeena da gaia ez tratatzea datorren aste hondarrean San Frantziskon egingo duen bileran, eta uztailerako uztea, Boisen tokatzen den NABO Biltzar Nagusi edo Konbentziorako --askoz jendetsuagoa--, honela proiekzio eta oihartzun askoz handiagoa hartuko bailuke bazkide berriaren sartzeak, eta aukera emango luke behar bezalako ordezkaritza bat bil dadin Miamitik hurbildua.

-Miamiko Euskal Etxea: www.euskaletxeaofmiami.org



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia