euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Miamiko Euskal Etxeak 'Neguko Euskal Jaialdia' antolatu du, etekinak Joseba Larrazabal haurraren alde

2015/01/05

Joseba Andoni Larrazabal haurra artxiboko argazki batean Miamin. Euskal festako etekinak beretzat izango dira
Joseba Andoni Larrazabal haurra artxiboko argazki batean Miamin. Euskal festako etekinak beretzat izango dira

PUBLIZITATEA

Urtea hastearekin batera deialdi berria egin du Miamiko Euskal Etxeak elkarretaratzeko. Otsailaren 21a da data eta euskal festak gastronomia, musika, herri kirolak, mus partidak eta aire zabaleko familia giroa izango ditu osagai. Bertan lortzen diren etekin guztiak Joseba Andoni Larrazabal haurraren alde joango dira. Bertan bizi bazara edo egun horietan bertatik ibiliko den norbait ezagutzen baduzu, ez izan dudarik: euskal giroko festa, Josebarekin elkartasunean.

[EGUNERAKETA 2015/01/15. Miamiko Euskal Etxeak jakin berri duenez, egun horretan bertan omenaldi bat egingo zaio Miamin Juan Mari Arzak sukaldari euskaldunari, eta beraz ateratuta geratzen da deitutako jaialdia. Data berriak jakinaraziko dira]

Miami, AEB. Miamiko Euskal Etxeak 'Neguko Euskal Jaialdia' izenpean antolatzen ari den ekitaldian parte hartzeko deia egin du, Miami eta bere inguruko euskal suari eustearren, batetik, eta Joseba Andoni Larrazabal haurraren alde daraman laguntza bideari eusteko bestetik. Gogoratu osasun arazo larria duen Joseba Andoni Larrazabal haur euskalduna Bakiotik aldatu zela Floridara, bertatik bere gaitzarentzako osasun alternatiba eraginkorragoak eskuratzeko aukerak zituelakoan. Miamiko Euskal Etxeak haurra eta bere ama eta familia ezagutu eta dituen indarrak eta gaitasunak hura laguntzearen alde ipini ditu, ez baita erraza familia normal batentzat tratamentu garestiak, askotan esperimentalak ere, eskuratu ahal izatea.

Miamiko Euskal Etxeak otsailaren 21erako, larunbata, egin du oraingoan deia, Royal Palm Island-en (10350 SW 232 St Miami, FL 33190). Ingelesez, 1st Annual Winter Kirolak Picnic & Paella Competition ipini dio izena jaialdi eta egunpasari. Ekitaldiak euskal herri kirolak (harrijasotzea, aizkolariak, sokatira, txinga-probak) eta paella lehiaketa bat (Euskal Etxeak osagai guztiaz eta beharrezkoa den material guztiaz hornituko ditu parte hartzaileak) baitaratuko ditu. Hona egitaraua eta xehetasunak:

  • 11:00etan: izena ematea eta hamaiketakoa (txistorra eta taloa)
  • 12:00etatik 14:00etara: euskal herri kirolen erakustaldia
  • 14:00 Ardo eta pintxo dastaketa, eta paella txapelketaren hasiera
  • 15:00 Paella bazkaria 
  • 16:00 Mus txapelketa zortzi erregetara
  • 18:00 Garaikurrak

Harremanetarako, idatzi hona: BoniGuenetxea@euskaletxeaofmiami.org edo deitu Boniri (305) 308-4816 telefonora.

Etortzeko asmoa baduzu, baieztatu mesedez ahalik eta lasterren Facebook bidez.

-Xehetasunak eta informazio gehiago Facebook-en bertan edo EEren webgunean



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia